Jerardo Elortza: «Saturrarango seminarioan jabetu nintzen euskaraz ere idatz zitekeela»

Ibilbide luze eta oparoa izan du Jerardo Elortzak. Euskaltzalea, hizkuntzalaria, historialaria, idazlea eta irakaslea izan da, besteak beste. Zehaztasun osoz ditu memorian gordeak bere bizitzako pasarteak.

(ID_14034658) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-07-01, Oñati. Jerardo Elortza, euskaltzalea, etnografoa, hizkuntzalaria, historialaria...
Jerardo Elortza, astelehenean, Oñatiko plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU
jone arruabarrena
Oñati
2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

Oñatiko kultur etxeko gela batean bildu da Jerardo Elortza (Oñati, 1944) Gipuzkoako Hitza-rekin, Santa Marina plazan. «Garai batean hemen zegoen nik hasi nuen hemeroteka, baina orain dena digitalizatuta dago», dio gelara sartzearekin batera. Hemeroteka zabala dauka Elortzak bere barruan ere; abileziaz tartekatzen ditu bizitzako pasarteak euskal kulturan eta literaturan garrantzia izan duten egitateekin. Oñatiko ondarea biltzearren ezaguna da herrian, baina, horrez gain, ibilbide luzea dauka: euskaltzalea, etnografoa, hizkuntzalaria, historialaria eta idazlea da, eta irakaskuntzan ere urte askoan aritu da.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Oñatin igaro nuen, gerraoste garaian. Urte horietan ez ginen konturatzen [36ko] gerra zer izan zen. Familian eta eskolan hitz egiten zen hari buruz, baina ezkutuan. Eskola garaia ere gogoratzen dut. Neskak eta mutilak banatuta egoten ziren, eta han ikasi nuen idatzi eta irakurtzen; erdara hutsean, jakina. Eskola bukatzean, era librean hasi nintzen batxilergoa ikasten, garai hartan Oñatin ez zegoelako batxilergoko ikasketarik. Azterketak egitera Gasteizera joaten ginen.

Saturrarango seminarioan ere egon zinen, Mutrikun.

Bai. 1957. urtean sartu nintzen Saturrarango seminarioan, eta, han urte bat egin ondoren, Donostiako seminariora joan nintzen. Saturraranen txangoak egiten genituen: Galdonara edo Olatzera, adibidez. Donostiako seminarioan jolastokia txikia zen, eta Ondarretako hondartzara joaten ginen astean bi aldiz, futbolean jokatzera. Ikasketak gazteleraz eta latinez izaten ziren. Donostian kantu pare bat baino ez genituen ikasi euskaraz; Saturraranen zertxobait gehiago bai. 

Noiz piztu zitzaizun euskararekiko interesa?

Donostian hasi nintzen euskara kontuetan gehiago zaletzen. Hala ere, Saturraranen deskubrimendu batzuk izan nituen: bertan jabetu nintzen euskaraz ere idatz zitekeela. Apaiz batek Orixe-ren [Nikolas Ormaetxea] meza liburua erabiltzen zuen, eta oso modu dotorean euskaratutako gauzak zeudela konturatu nintzen. Hala ere, ez da pentsatu behar seminarioak eta apaizen guneak euskararen arnasguneak zirenik. Batzuek uste dute euskarari eutsi zitzaiola Arantzazun eta Kaputxinoetan. Alde batetik, egia da, baina gutxiengo bat ginen euskaraz aritzen ginenak. Seminarioko agintariak askotan kontra zeuden, erregimenarekin bat zetozelako edo komeni zelako harekin ondo konpontzea.

(ID_17199995437385) (/EZEZAGUNA)

Jerardo Elortza, umetan, Mutrikuko Saturrarango seminarioan egon zen garaian. Hondartzako arroketan eserita dago irudian. JERARDO ELORTZA

Dena den, euskararekin harreman estua egin zenuen seminarioan, ezta?

Bai. Beti esaten dut oñatiarrok ez garela giputxak. Gipuzkoarrak bai, baina giputxak ez. Saturraranen deskubritu nuen Gipuzkoa zer zen; Gipuzkoa ez zela bakarrik Azpeitia edo Zarautz, baita Lizartza, Amezketa eta Legorreta ere. Leku horietako jendea ezagutu nuen. Elkarrekin erdaraz egiten genuen berandura arte, dena erdaraz egiten zelako han. Euskarazko liburuak ez zeuden eskura, salbuespen batzuk izan ezik. Donostiako seminarioan egon ziren euskara bultzatu zuten bi irakasle. Anton Garro irakaslea, esaterako. Euskaldun berria zen eta Matematika ematen zigun, baina saiatu zen euskara bultzatzen. Euskara maite genuenon artean taldetxoak egiten hasi ginen, eta gero, bilerak. Orduan agertu zen niretzat beste deskubrimendu handi bat izan zena: Luis Villasanteren Historia de la literatura vasca liburua. Jokin Zaitegiren berri ere izan nuen, eta Koldo Mitxelena ere idazten hasi zen Egan aldizkarian. Beste berrikuntza bat egon zen gazteen artean: Txillardegi agertu zen. Leturiaren egunkari ezkutua idatzi zuen, eta haren artikuluak ere argitaratzen ziren Jakin-en.

Rikardo Arregirekin laguntasun estua izan zenuen.

Bai. Oso langilea zen, eta jendea lanean jartzen zuen. 1965ean seminariotik atera nintzen, eta ordurako hura hasita zegoen Zeruko Argia-n nazioarteko atala eta beste gai moderno batzuk idazten. Zeruko Argia-ko Gazte Naiz atalaren eragileetako bat ere izan zen. Bertan idatzi zuten Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Xabier Letek... Nik ere hiru-lau aldiz idatzi nuen, Rikardoren eskariz, Donostian bizi nintzenean.

Zer egin zenuen seminariotik aterata?

Zer egin erabaki behar izan nuen. Nire familia arrunta zen, eta ez zegoen dirurik ni unibertsitatera bidaltzeko. Artean, unibertsitate publikorik ez zegoen Hego Euskal Herrian. Deustun jesuitena zegoen, pribatua, Iruñean Opusekoa, eta horiek oso garestiak ziren. Azkenean, Santo Tomas lizeoan hasi nintzen euskara klaseak ematen, Donostian, diru pixka bat irabazteko. Han nengoela, Rikardo etorri zitzaidan, eta esan zidan Bilbon, Deustun, beka bat sortu zuela mediku batek; euskaraz irakurtzen eta idazten jakitea eta mutila izatea zen diru hori jasotzeko baldintza. Orduan neskek bakarrik egiten zituzten letretako ikasketak. Ez nintzen ausartzen etxean dirurik eskatzen, eta, azkenean, ahalik eta diru gutxien eskatuta, beka hori aprobetxatuz Bilbora joan nintzen Filosofia eta Letretako ikasketak egitera. 21 urte nituen, eta, normalean, 18 urterekin hasten ziren ikasleak ikasketa horiekin. Beraz, gauzak azkar egin beharreko zera bat neukan barruan.

«Saturraranen deskubritu nuen Gipuzkoa zer zen; Gipuzkoa ez zela bakarrik Azpeitia edo Zarautz, baita Lizartza, Amezketa eta Legorreta ere»

Aleman Filologiaren bidea hartu zenuen. Zer dela eta?

Espezialitatea hartzeko orduan, filologia klasikoa, hispanikoa, alemana, frantsesa eta ingelesa zeuden aukeran, eta, seminarioan aleman pixka bat ikasi nuenez, halako enplegu txar batean sartu nintzen, Arestik esango lukeen bezala. Alemanezko oinarri txikia neukan, eta zaila egin zitzaidan. Errazagoa izango zen filologia hispanikoa hartzea. Hiru urte egin behar izan nituen, eta gero tesi bat aurkeztu eta errebalida bat egin. Ordurako baneukan andregaia: Oñatiko Tere Letamendi. Hark ere asko lagundu zidan gastuetan eta, lanean zebilelako. Ni ere, dirua irabazi alde, euskarazko klase partikularrak ematen hasi nintzen, Bilbon.

Proiektu kultural ugaritan parte hartu zenuen ikasten eta lanean arituta ere.

Egia da gazteak ginenean behar baino gauza gehiagotan sartzen ginela. Oñatin orduan Oñatz aisialdi taldea sortu genuen. Euskal antzerki talde bat sortu genuen Oñatzen. Ikasle pisuan bizi nintzen Bilbon, eta bertan nengoela sortu genuen Kriseilu antzerki taldea ere. Talde horretatik hartu zuen gero Gabriel Arestik bere argitaletxe Kriseiluren izena.

(ID_17200032033545) (/EZEZAGUNA)
Jerardo Elortza 1968an, Parisen. Alemaniarako bidaia aprobetxatu zuen Frantziako hiriburua bisitatzeko. Haren esanetan, 1968ko protesten pintaketak oraindik ezabatu gabe zeuden Parisen. JERARDO ELORTZA
1968a urte nahasia izan zen Euskal Herrian. Zu Alemanian izan zinen.

Bai. 1968. urtean izan zen [ETAko kide] TxabiEtxebarrietaren heriotza, eta giro politikoa, oro har, nahasita zegoen. Nik jada erabakita neukan alemana hobetze aldera Frankfurtera joango nintzela udan, bekarekin. Bertan nengoela jarri zuten hemen salbuespen egoera. Gure pisukideetatik bi atxilotuta zeuden, beste bat Caceresera bidali zuten eta beste bik hanka egin zuten. Antzerki taldeetako jende ugarik ere hanka egin behar izan zuen, edo atxilotu egin zituzten. Urte gogorrak izan ziren. Hurrengo udan ere bueltatu nintzen Alemaniara, baina jada beka bukatuta neukan. Erietxe batean egin nuen lan, dirua irabazteko: zeladore gisa. Bertan nengoela hil zen Rikardo Arregi, auto istripu batean. Gogorra izan zen.

Soldaduskan egon zinen gero, Galizian. Nolako esperientzia izan zen?

Jende askok milizia egiten zuen: bi udatan joaten zen kanpamentuetara, kurtsoa galdu gabe. Baina ni Alemanian nengoenez, ez nuen egin, eta itsas armadara joatea egokitu zitzaidan. Garai hartan intsumiso bakarrak ijitoak eta Jehovaren testiguak ziren. Beraz, hemezortzi hilabete eman behar izan nituen Galizian, itsas armadan. 1972ko martxoaren erdialdean Ferrolen lizentziatu nintzen, greba gogor bat zegoen egun berean. Astebete egon ginen barkutik atera gabe, militarrak ere beldurrez zeudelako kalera ateratzeko. Giro gogorra zegoen.

Alemaniara bueltatu zinen.

Bai. Ordurako bospasei urte neramatzan andregaiarekin. Armadatik bueltatzean, ezkondu eta biok Alemaniara joatea erabaki genuen. Gure asmoa zen alemana ondo ikasi eta nik tesia egitea Münsterreko Unibertsitatean, titulua ateratzeko. Joxe Azurmendi ere han zegoen, eta lagundu zigun. Azkenean, ordea, familiako gorabehera batzuengatik, bueltatu egin behar izan genuen, guk geneukan asmoa bete gabe. Titulua hemen atera behar izan nuen, nola edo hala. Tesia 1974ko uztailean bukatu nuen, eta abuztuan jaio zen gure lehenengo semea.

«UNEDeko Euskara Saila jarri genuen martxan, Euskaltzaindiarekin egindako hitzarmen baten bidez»

Garai hartan hasi zinen irakasle lanetan?

Bai. 1974an Bergarako ikastolan hasi nintzen lanean, klaseak ematen. Hiru urte egin nituen han, eta bertan nintzela zabaldu zuten Bergaran UNED [Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala]. Han hasi nintzen klaseak ematen, eta UNEDeko Euskara Saila jarri genuen martxan, Euskaltzaindiarekin egindako hitzarmen baten bidez. Euskal Herriko txoko guztietatik hasi ziren ikasleak heltzen, sail berria zelako. Ez zegoen materialik, eta guk sortu behar izan genuen. Kirmen Uribe izan nuen ikasle, besteak beste. Gero, saila itxi egin zen, eta gatazka eta manifestazioak izan ziren. Lanik gabe geratu nintzen 50 urterekin, eta hainbat lanetan aritu nintzen gero, erretiratu aurretik: Ibaizabal argitaletxean, Oñatiko enpresa eskolan...

Hala ere, jarraitu izan duzu bestelako kultur egitasmoetan. 

Bai. Adibidez, Oñatiko historia eta arte bilduma liburua egin genuen. Felix Ugarte eta beste batzuk hasi ziren horretan lanean, Oñatiko ondarearen inbentario bat egiteko, beti aipatzen ziren gauzez harago. Ni geroago batu nintzen taldera. Laixan Arrasateko euskara elkartean ere buru-belarri sartuta ibili nintzen.

MOTZEAN

Gustuko kantu bat?
Kaskazurik bere buruari jarritako bertsoak.

Alemanezko hitz bat?
Liebe. Maitasuna esan nahi du. Edo blau, urdina alemanez..

Gustuko toki bat?
Zuberoara asko joan naiz, pastoraletara zaletua izan naizelako. Hango paisaiak ere asko gustatzen zaizkit; Altzürükü, adibidez.

Idazle bat?
Txillardegi. Ikasle garaian Jerardegi deitzen zidaten, Txillardegi asko aipatzen nuelako...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.