Feminismoa

Saretzeko deia Ezkioko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako emakumeei

Urola Garaiko Berdintasun Arloak Goierri Garaiko emakumeen topaketa antolatu du asteazkenean. Dituzten beharren, nahien eta kezkei buruz arituko dira.

(ID_13879402) (/EZEZAGUNA) goierri_garaiko_emakumeen_(1)
Goierri Garaiko emakumeen lehen topaketa, iazko martxoan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. ASIER ZALDUA
Kerman Garralda Zubimendi.
2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Ezkioko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako emakumeek hitzordua izango dute asteazkenean, Urretxuko Pagoeta auzoko emakumeen etxean. Izan ere, Urola Garaiko Berdintasun Arloak Goierri Garaiko emakumeen bigarren topaketa antolatu du. «Eskualdeko emakumeak beraien artean bildu eta sareak ehuntzeko elkartuko gara», esan du Maitane Agirre Urola Garaiko Garapen Agentziako Berdintasun teknikariak. Elkar ezagutzeaz harago, Berdintasun Arloak egiten duen lana eta eskualdeko emakumeen «beharrak sinkronizatzea» izango du helburu topaketak. «Urola Garaiko Berdintasun Arloaren lan nagusia eskualdeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea da», zehaztu du Agirrek. «Horretarako, emakumeen beharrak ezagutzea ezinbestekoa da, eta administrazio publikoa ezin da herritarrengandik urruti egon». 17:30ean hasita, bi orduko saio bat egingo dute, Emakumeen Etxearen, Jabetze Eskolaren eta bakoitzak dituen kezken zein beharren gainean hausnartuko dute.

Goierri Garaiko Emakumeen Etxeak bost urte beteko ditu aurten, eta, urteurrenaren harira, espazioari ahalik eta etekinik handiena atera nahi diote. Teknikariaren ustetan, Emakumeen Etxearen indargune nagusia da emakumeentzat espazio segurua eta konfiantzazkoa dela. «Emakumeen Etxera etortzen direnak, gehienetan, itzuli egiten dira, jabetze eskolako ikastaroetan parte hartzeko». Jabetze Eskola Emakumeen Etxearen adarretako bat da, eta Agirrek dio hainbat prestakuntza saio egiten dituztela emakumeek jasaten duten «bazterkeria eta gutxiespen egoeraz kontzientzia hartzeko» eta horiei aurre egiteko tresnak sortzeko: «Beharrezkoa da errealitate hau gainditzea, eta, horretarako, sareak sortu eta ikusgarritasuna lortu behar dugu, subjektu aktiboagoak eta parte hartzaileagoak lortzeko». Gaineratu du «mundua eraldatzeko bizi esperientzia bat lortzea» dutela helburu.

Jabekuntza eskolaz gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Goierri Garaiko Emakumeen Etxeak; hala nola Urola Garaiko Berdintasun Arloko bulegoak, aholkularitza juridikoa, psikologiakoa eta soziolaborala. Bertan elkartzen dira lau herrietako mugimendu feministak ere.

«Beharrezkoa da errealitate hau gainditzea, eta, horretarako, sareak sortu eta ikusgarritasuna lortu behar dugu, subjektu aktiboagoak eta parte hartzaileagoak lortzeko».

MAITANE AGIRRE Urola Garaiko Berdintasun teknikaria

Etorkizunera begira, Agirrek azaldu du Emakumeen Etxea Goierri Garaiko «emakume guztientzat erreferente» izatea nahi dutela, ahalik eta emakume gehiagorengana iritsi ahal izateko. «Emakume guztientzako espazio bat izan nahi dugu, ez jada kontzientzia feminista dutenena edota egoera zaurgarrian daudenena soilik». Horretarako, emakumeen kontzientzia piztu nahi du Urola Garaiko Berdintasun Sailak, Agirreren hitzetan: «Feminismoak, finean, emakumeen eta gizonen berdintasun erreal eta efektiboa bultzatzen du, eta, horretarako, emakumeok egoeraren jabe izan behar dugu, eta egunerokoan pairatzen ditugun diskriminazioen kontzientzia hartu». Gaur egun, emakume helduek erabiltzen dute nagusiki Emakumeen Etxea.

Mobilizatzeko beharra

Martxoaren 8tik —Emakumeen Nazioarteko Eguna— edo azaroaren 25etik —Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna— kanpo, «jendea mobilizatzea zaila» dela esan du Agirrek: «Egun seinalatuetatik harago, jendeak ez du mobilizatzeko beharrik ikusten». Teknikariaren arabera, «patriarkatuak» du horren errua. «Izan liteke askok uste dutelako nolabaiteko berdintasuna lortu dela. Hori da, hain zuzen ere, patriarkatuari interesatzen zaiona: sentsazioa ematea aldaketak gertatu direla, baina denak berdin edo okerrago jarraitzen du. Feminismoaren kontrako jarrera erreakzionarioak sortzen ari dira, eta jendartea indibidualistagoa da».

«Feminismoaren kontrako jarrera erreakzionarioak sortzen ari dira, eta jendartea indibidualistagoa da».

MAITANE AGIRRE Urola Garaiko Berdintasun teknikaria

Hain justu ere, asteazkeneko topaketak iazko Martxoaren 8an du oinarria, orduan egindako hausnarketa batean ondorioztatu baitzuten Ezkioko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako emakumeek elkartu beharra zutela, eta hilabete batzuk geroago antolatu zuten lehenengo topaketa. «Balorazio orokorra oso ona izan zen», esan du Arrietak. «Ekimenak hasieran proposatutako helburuak lortzeko aukera eman zuen». Emakumeek elkar ezagutzeko eta esperientziak eta kezkak partekatzeko espazio bat sortu zuten. «Batzuen eta besteen arteko desberdintasunak identifikatu eta ezagutu zituzten iazko topaketan, ulermenetik eta euren arteko ahizpatasunetik». Teknikariak dio «hunkituta eta pozik» partekatu zituela nork bere beharrak, eta behar horien «konponbide kolektiboak» diseinatu zituzten. Hain zuzen ere, asteazkeneko topaketak ere horixe izango du helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.