Bakarrik ezer gutxi lor daitekeela jakitun, elkar hartzea indargune bilaka daiteke. Bide hori baliatzea erabaki dute, behintzat, Urola Erdiko hainbat eskulangilek, Artiekin elkartea sortuta. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako zazpi artisau elkartu dira taldea osatzeko; Amuki Handmade, Ametsen Txokoa, Miara Design, Endredamakina, Marabina eta Lanaland proiektuen jabeak, hain zuzen ere. Ametsen Txokoa proiektuaren arduradun eta Artiekin elkarteko kide Eider Igarzak azaldu du sortzaileen lana ikusaraztea dela helburua: «Eskulangile batzuek erabaki genuen bat egitea eta elkarte bat sortzea, ikusgaitasun handiagoa izan dezagun. Banaka arituta, ezkutuan geunden; bakarrik oso zaila da artisauen munduan aurrera egitea, baina elkarte bat eratuta, ikusgarriagoak gara».
Gabonetan Azpeitian egin zuten azokan piztu zitzaien artisauei batzeko ideia. Eskulangile ugari elkartu ziren ekitaldi hartan, eta Igarzak adierazi du «oso polita» izan zela azoka. Dena den, ohartu ziren jendeak «baina non zaudete?» galdera egiten ziela behin eta berriz, eta «ikusi egin nahi zaituztegu». Orduan jakin zuten zerbait egin behar zutela jendearengana iristeko.
Zazpi eskulangile elkartu dira oraingoz, baina Igarzak uste du gehiago ere izan zitezkeela. «Gehiago ginen, baina uste dut jendeari beldurra eman ziola proiektu batean hutsetik hasteak, energia asko eskatzen baitu». Batu direnak lanerako gogoz daude, eta horrek eman du dagoeneko lehen fruitua: apirilaren 14an egin zuten lehendabizikoz artisauen azoka, Azpeitian. Pozik daude elkarteak egin duen lehen urratsarekin: «Oso-oso gustura gaude lehen azokak izan duen erantzunarekin. Emozionatuta gaude, laino batean bezalaxe».
«Oso-oso gustura gaude lehen azokak izan duen erantzunarekin; emozionatuta gaude, laino batean bezala».
EIDER IGARZA Artiekin elkarteko kidea
Artiekin elkarteko zazpi kideek jarri zituzten beren postuak joan zen igandean Azpeitiko plazan, eta, horiek ez ezik, beste hamar artisauk ere parte hartu zuten azokan. Deialdi irekia egin zuten, eurenez gain beste hamar bat postu izango zirela pentsatuta, eta, Artiekin-eko kideen harridurarako, berrogei lagunek eman zuten izena. Aukeraketa bat egin behar izan zuten azkenerako, eta denera hamazazpi sortzaileren lanak ikusi eta erosi ahal izan zituzten herritarrek. Lehen aldia izanda, «beldur» zirela azaldu du Igarzak, baina esan du «aurreikuspen guztiak gainditu» zituela azokak. «Ez dakit zenbat jende ibili zen, baina etorri zenak erosi egin zuen. Oso-oso aberasgarria izan zen».
Tailerrak ere bai
Sortzaileen postuak jartzeaz gain, tailerrak ere egin zituzten Azpeitiko Artisauen Azokan. Igarzak berak gidatu zuen saio horietako bat; amets harrapatzaileak egiten aritu baitzen haurrekin. Orri markatzaileak egiten eta janaria prestatzen aritu ziren beste bi tailerretan, eta Igarzak nabarmendu du «jende askok» parte hartu zuela saio guztietan eta jendeari igartzen zitzaiola halako gehiago egin nahi dituela.
Elkarteko kideak uste du, gainera, Azpeitian egin zutena bezalako azokak «oso lagungarriak» direla eskulangileen lana herritarrei erakusteko. «Eskulangile gehienok autonomoak gara, eta azokarik gabe ezin gara bizi; ez daukagu bestelako erakusleihorik. Hor dago gakoa. Bakarka eta etxean ezin duzu ezer askorik egin. Oso bide zaila da. Horregatik erabaki genuen geuk taldetxo bat sortzea eta elkarrekin aritzea, aukera gehiago izateko eta elkar babesteko». Elkarteak eskualdean ikusgarritasuna lortzea du desio, eta hori lortzeko ahaleginetan ari dira. «Eskulangileok gure lekua nahi dugu. Guk egiten duguna artea da, kultura, azken finean, eta hori bultzatu beharra dago».
Egoera berrietan, Igarzak uste du elkarte nortasuna izatea baliagarria dela elkarrengandik ikasteko eta informazioa eskuratzeko. «Artisauen legedian aldaketak egon ohi dira, eta aldundiak orain gure jarduna legeztatzea nahi du, baina, askotan, halako kontuen berri ez dugu izaten. Eskulangileok ardi galduak bezala ibili ohi ginen, eta, orain, Artiekin elkartea osatuta, elkarren babesa dugu. Informazio gehiago jasotzen dugu, elkarri horren berri ematen diogu...».
«Eskulangile denak ardi galduak bezala ibili ohi ginen, eta, orain, Artiekin elkartea osatuta, elkarren babesa dugu».
EIDER IGARZAArtiekin elkarteko kidea
Lehen urratsa eginda, aurrera begirako planik ez zaio falta Artiekin-eko sortzaile taldeari. Udaberriak iraun bitartean, azoka ugaritan parte hartuko dute elkarteko eskulangileek; bakoitza bere aldetik arituko da, batez ere. Dena den, elkarrekin gauzatzeko proiektuak ere badituzte esku artean, nahiz eta oraindik datak eta lekuak zehazteko dituzten. «Uda ostean seguru berriro elkarrekin zerbait egingo dugula. Azkoitian eta Azpeitian, urtean bi edo hiru azoka antolatzea da gure asmoa».
Horrez gain, ostiral arratsaldean Azpeitian egiten den baserritarren azokan leku bat izan nahiko lukete, hilean behin. «Ideia asko dauzkagu, baina gehienak asmoak baino ez dira oraindik, oraintxe sortu baitugu elkartea. Baina, dena ondo bidean, pixkanaka jarriko ditugu ideiak martxan». Horretarako, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean ari direla kontatu du.