Tolosako Oargi mendi elkarteko rokodromoak 35 urte ditu, gutxienez. Rokodromoaren zati bat egin zuten aurrena, eta elkarteko egungo lehendakari den Juanma Serrano aritu zen hura handitzeko lanetan. «Edurne Pasaban-eta gazteak zirenean egin zuten lehen zatia, eta handik urte batzuetara beste batzuon artean handitu genuen rokodromoa», esan du Serranok. Rokodromoa jada ez zegoela ondo iritzia, berritzea erabaki zuten, eta orain gutxi amaitu dituzte lanak. «Ordukoarekin alderatuz, rokodromoak beste modu batera egiten dira gaur egun».
Elkarteko lehendakariak azaldu du rokodromoari «bizitza handiagoa» eman, eta jende berria bertaratzea ere baduela helburu eraberritzeak. Urrian zabaldu zituzten ateak bazkideentzat, eta azaroan antolatu zituzten ate irekiak. Orain bost urte aldagelak eta dutxak jarri zituzten egoitzan, baita gimnasio txiki bat ere. Horien ondotik abiarazi zituzten rokodromoko lanak. «Azkenean, ez dago dirurik, eta pixkanaka egin behar izaten ditugu gauzak».
Lantalde bat sortu zuten horretarako, eta, taldeko kide David Artolak adierazi duenez, denak ados zeuden eraberritze lanak hasi beharra zegoela. «Argi zegoen beharra bazela, eta gehien aritzen garenok ardura bat hartu dugu. Bakoitzak, ahal izan duen neurrian, zeregin bat hartu du, guztia antolatu, mantendu eta txukun eramateko. Berritu ondoren, jende gehiago izateko aukera sortzen da, eta jende gehiago ibiltzeak, mantentzeko lanen aldetik ere, lan handiagoa eskatzen du». Nolanahi ere, autodidaktak dira taldeko kideak, eta, Artolaren arabera, hasiak dira lanari neurria hartzen: «Beste rokodromoetan egiten denari begiratzen diogu, eta lantaldeko kideen eta ingurukoen iritziak ere hartzen ditugu aintzat. Ez gara adituak, baina pixkanaka ari gara hobetzen».
«Beste rokodromoetan egiten denari begiratzen diogu, eta lantaldeko kideen eta ingurukoen iritziak ere hartzen ditugu aintzat».DAVID ARTOLA Tolosako Oargi elkarteko kidea
Iraitz Ezkergain lantaldeko kideak dio nabaria zela rokodromo zaharrak berrikuntza behar zuela: «Heldulekuak eusteko armiarma formako azkoin batzuk puskatuta zeuden, eta egurra ere halatsu zegoen. Beste modu batera antolatu dugu oraingo rokodromoa, eta entrenatzeko eta egun boladan dauden rokodromoetako bloke edo bideak muntatzeko aukera ere badugu». Lantaldea arduratuko da instalazioaren mantentze lanez: heldulekuak garbitzeaz, bide jakin batean inor gehiago ez badabil hura aldatu eta berri bat jartzeaz...
Urtebete darama lantaldeak martxan, eta kideen arteko «giro ona» nabarmendu du Ezkergainek. «Ahal dugunean ahal duguna egiten dugu, eta gauza politak ateratzen dira. Oraingoz, ondo daramagu, eta ikasten jarraitzen dugu».
Xarma duen lekua
Tolosako rokodromoak espazio aldetik «mugak» dituela dio Ezkergainek: «Ez da gaur egun dauden rokodromoak bezalakoa. Dituen metroak ditu, eta horretara moldatu behar dugu». Gehienbat, arrokan eskalatzen dutenak entrenatzen dira bertan. «Hona azaltzen garenok, batez ere, arrokan eskalatzen dugu, eta rokodromo hau hartzen dugu entrenatzeko. Saiatzen gara bolumen handiko blokeak jartzen». Ezkergainek kontatu du, gainera, elkarte gastronomiko gisa ere funtzionatzen duela egoitzak. «Eskalatzen aritu ondoren, lagunartean bertan afaltzeko aukera ematen du elkarte honek. Xarma handia duen lekua da».
Tolosa erdialdean dago Oargi, Alde Zaharrean. Lehendakariaren hitzetan, gutxi izango dira Gipuzkoan herriaren erdigunean halako rokodromo bat duten herriak. Hala, ontzat jo du bertan eskalatzeko aukera edukitzea. Dagoen espazio guztia aprobetxatuta dagoela dio. Pareta bat dago, 30 graduko inklinazioa du, eta eskalatzeko heldulekuz beteta dago. «Hori arrokan eskalatzera joan nahi duenarentzat pentsatuta dago», esan du Artolak. Beste pareta bat ere badu rokodromoak, inklinazio txikiagoa duena; presaz josita dago, modu asimetrikoan. «Eskuinean egin ditzakezun mugimenduak ezkerrean egin ditzakezu. Imajinazio pixka batekin, hori ere osatu genuen».
Haurrentzako ikastaroa jarri dute berriki martxan, astean bi egunez. Ezkergain hari da begirale lanetan. «Gogoz daude haurrak, eta ikastaro hauen bitartez, besteak beste, ikus dezakegu zer moldaketa egin behar ditugun».