Pilota

«Punta-puntako afizionatuak» lehiatuko dira Xabier Goñiren omenezko pilota txapelketan

Bihar hasi, eta apirilaren 16ra bitartean izango da txapelketa, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Egungo pilotari profesionalen %75ek jokatu dute noizbait Goñiren omenezko torneoan.

(ID_14716218) Goñiren Omenezko 33.pilota txapelketa
Xabier Goñi zenaren omenezko txapelketan aurten lehiatuko diren pilotariak, astelehenean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. KIROLZALE
Lide Egizala Urteaga.
Zumarraga
2025eko martxoaren 4a
05:00
Entzun

Xabier Goñi zenaren oroimenezko 33. pilota txapelketa jokatuko dute bihartik apirilaren 16ra bitarte, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Beloki pilota elkarteko eta Kirolzale enpresako ordezkari Iñigo Vianak esan du «gazteak eta pilota» izan zirela Goñiren bizitzako bi ardatz nagusiak. Hain zuzen ere, hark egindako «lan bikainari aitortza» egiteko asmoz, elkarteak «erreferentziazko txapelketa egoki» bat eskaini nahi die gazteei. Elkartearen helburu garrantzitsuenetako bat da Zumarragan eta inguruko herrietan pilotazaletasuna sustatzea, eta, taldeko kideen esanetan, egun «punta-puntan» dauden afizionatu batzuk «bertatik bertara» ikusteko aukera izango da txapelketan. Goi mailako pilotari batzuk lehiatuko dira, besteak beste, Unax Apeztegia, Carmelo Loza, Unax Landa, Unai Amiano, Iker Egiguren, Beñat Zubizarreta eta Ekhi Irribarria. Promesetan, berriz, Oihan Etxeberria, Andoni Sarasibar, Harkaitz Murua, Oier Ibarluzea, Faben Ituarte, Joanes Cestau, Unax Ramirez eta Mikel Egurrola arituko dira. Aurten, gainera, herriko pilotazaleek Oier Ibarluzea urretxuarra animatzeko aukera izango dute.

«Gaur egungo bi enpresa profesionaletan ari diren pilotarien %75 Goñiren omenezko txapelketan lehiatu ziren profesionaletan debutatu aurretik»

IÑIGO VIANAZumarragako Beloki pilota elkarteko ordezkaria

Vianak aurreratu du «kalitatezko» eta «maila handiko» partidak ikusteko aukera izango dela txapelketan. «Kontuan izan behar da gaur egungo bi enpresa profesionaletan ari diren pilotarien %75 Goñiren omenezko txapelketan lehiatu zirela profesionaletan debutatu aurretik». Haien artean dira, esate baterako, Baiko enpresako Alberdi, Iñaki Artola, Bakaikoa, Jaka eta Peña, eta Aspeko Altuna III.a, Arbizu, Elezkano, Elordi, Erostarbe eta Ezkurdia. Vianak gaineratu du iaz txapelketan lehiatu zen Ander Murua ere profesionaletan jokatzen hasiko dela aurten.

Txapelketaren dinamika

Bihar hasiko da txapelketa, eta zazpi asteazkenetan jokatuko dira pilota partidak. Bi modalitatetan arituko dira: lau eta erdian eta binaka. 19 eta 20 urte arteko promesek lau eta erdian jokatuko dute, eta 20 urtetik gorako pilotariek, binaka. Lehenengo lau asteazkenetan bi modalitateetako final-laurdenak jokatuko dira —martxoaren 5ean, 12an, 19an eta 26an—, hurrengo bi asteazkenetan, finalerdiak —apirilaren 2an eta 9an—, eta azken asteazkenean, apirilaren 16an, finalak.

Partidak bertatik bertara ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko. Final-laurdenetako sarrerek lau euro balio dute; finalerdietakoek, sei; eta finalekoek, hamar. Partida guztiak ikusteko bonua ere eros daiteke, 28 euroan. Finaleko partidak etxetik ikusteko aukera ere izango da, Kirolzaleren Youtubeko kanalean eta ETB1en.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.