URTEKARIA: POLITIKA

Orain, PPren babesarekin

EAJk eta PSEk popularren boto bat behar izan zuten ahaldun nagusi Eider Mendoza izendatzeko. EH Bilduk irabazi zituen foru hauteskundeak; udal bozak ere bai, eta 51 alkatetza lortu zituen. Hondarribiko Udalean gertatu zen aldaketarik nabarmenena.

Eider Mendoza, atzo, Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu berritan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Eider Mendoza EAJko kidea, ekainaren 29an, Donostian, Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu zutenean. GOTZON ARANBURU / FOKU
enekoitz esnaola
2023ko abenduaren 23a
05:00
Entzun

Berriz ere EAJ eta PSE-EE daude Gipuzkoako Foru Aldundian, haiena da gobernua, baina aurten izan da berri esanguratsu eta ezohiko bat: ekainaren 29an, ahaldun nagusia hautatzeko inbestidura saioan, Eider Mendoza EAJren hautagaiak PPren babesa jaso zuen. Hala, jeltzaleen diputatugai nagusi batek lehen aldiz jaso zuen PPren sostengua. Maiatzaren 28ko foru hauteskundeetako emaitzei begiratuta, beharrezkoa zuen Mendozak PPren boto bat gutxienez, inbestiduran EAJ eta PSE berdinduta baitzeuden EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin (EP): 24na boto. Izan ere, EAJk hamazazpi batzarkide lortu zituen bozetan, PSEk zazpi, EH Bilduk 22 eta EPk bi; beste hirurak PPk eskuratu zituen, eta haietako batek eman zion aldeko botoa Mendozari. EH Bilduren ahaldungai nagusia Maddalen Iriarte izan zen.

EH Bilduk alde handiz irabazi zituen foru bozak: 15.000 botoren eta bost batzarkideren aldea atera zion EAJri. Jeltzaleek, 2019ko bozetatik, 25.000 boto eta hiru aulki galdu zituzten. Beherakada orokorra izan zen EAJrena, ez Gipuzkoan bakarrik. Eta EH Bldurena, gorako joera orokorra; Gipuzkoan, 4.000 boto eta bost eserleku irabazi zituen 2019tik. PSEk 11.000 boto eta bi batzarkide galdu zituen, eta, hala, EAJren eta bien artean oraingoan ez zuten gehiengo osorik Batzar Nagusietan. PPren sostengua behar izan zuten. EAJk esan zuen ez zuela popularrekin ezer negoziatu. PPk aipatu zuen nahiago zuela ahaldun nagusi jeltzale bat, EH Bilduko bat baino. Durangon (Bizkaia) antzeko jokaldia egin zuen: EH Bilduko hautagaia ez izatearren alkatea, EAJkoari eman zion botoa inbestiduran. Gasteizen, berriz, alkatea PSEkoa izatea ahalbidetu zuen, EH Bildukoaren kaltetan.

EAJk eta PSEk ez dute kudeaketa samurra izango Gipuzkoako foru agintaldian. Esaterako, aurtengo aurrekontuak luzatu egin behar izan dituzte.

EAJk eta PSEk, ordea, ez dute kudeaketa samurra izango Gipuzkoako foru agintaldian, PPren sostengua puntuala baita oraingoz, inbestidurakoa. Halaxe ikusi da, esate baterako, 2024ko aurrekontuen negoziazioan: PPk errefusatu egin du egitasmoa; EH Bilduk eta EPk ere bai, eta gobernuak luzatu egin behar izan ditu aurtengoak.

«Pertsonen zaintza eta babesa», «ekonomia indartsua», eta gizartea, teknologia eta ingurumena eraldatzeko «modu berritzaile, kolaboratibo eta eraginkorra»: xede horiek agindu zituen foru gobernuak Mendozaren inbestiduraren garaian.

(ID_13441388) (Andoni Canellada/@FOKU) (;)
Igor Enparan Abotsanitz herritar plataformako kidea —eskuinean—, ekainaren 17an, Hondarribiko alkate izendatu zutenean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Udaletan aldaketa garrantzitsuak

Udal hauteskundeetan ere erraz irabazi zuen EH Bilduk, eta 51 alkatetza lortu zituen ekainaren 17ko inbestidura saioetan. Gipuzkoako bi udalerri handienekoak ez daude haren esku —Donostia eta Irungoa—, baina aurten udal gobernu garrantzitsu batzuk berreskuratu ditu: Arrasate, Tolosa, Andoain eta Pasaiakoa, besteak beste. Herrialdean 28.000 botoren aldea atera zion bigarren indar EAJri. Legazpin eta Deban ere EH Bilduk lortu zuen boto gehien, baina Deban EAJ jarri zen alkatetzan, Orain Deba plataformari esker, eta Legazpin ere bai, PSEri esker.

Jeltzaleek 11 alkatetza eskuratu zituzten. Haien artean, Gipuzkoako udalerririk handienekoa: Donostiakoa. PSErekin batera, gehiengo osoari eustea erdietsi zuen EAJk, baina duela lau urteko hauteskundeetatik ia 10.000 boto galdu zituen; dena den, hautetsi bakar bat galdu zuen. EH Bilduri 1.100 boto falta izan zitzaizkion bozak irabazteko. EAJ —Eneko Goia— 2015etik dago alkatetzan.

PSE-EEk bost alkatetza lortu zituen Gipuzkoan. Tartean, ohi bezala, Irungoa. Dena dela, joan den azaroan postua utzi zuen 2002tik alkate izandakoak: Jose Antonio Santanok. Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren idazkari izendatu zuten. Cristina Labordak hartu zuen haren lekua alkatetzan.

Herrialdeko aldaketarik esanguratsuena Hondarribian gertatu zen, EAJk alkatetza galdu baitzuen. Abotsanitz herritar plataformako Igor Enparan da alkatea.

Gipuzkoako gainerako alkatetzak (22) talde independenteen esku geratu ziren, eta, hain justu, haietako udalerri batean gertatu zen hauteskundeen osteko aldaketarik esanguratsuena: Hondarribian. Izan ere, frankismoaz geroztik, han beti EAJ egon da alkatetzan, salbu alderdiaren hausturaren osteko bi legealdietan —EA egon zen, 1987ko eta 1991ko bozak irabazita—. Ekainetik, berriz, Abotsanitz herritar plataforma dago. Alkatea, Igor Enparan. Bozak Abotsanitzek irabazi zituen —zazpi hautetsi guztira, hiru irabazita—. EAJk hiru galdu zituen —sei ditu—. Enparanek gehiengo osorik ez zuenez, inbestiduran EH Bilduk babestu zuen, eta, asteon, talde hori udal gobernuan sartu da. Alardearen auziari buelta bat emateko asmoa dauka udalak, berdintasunerako pausoa emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.