Azken ikerketen arabera, bataz beste 12 urterekin hasten dira nerabeak pornografia kontsumitzen. Eider Goiburu (1980, Orio) psikologo eta sexu hezitzaileak nerabeek pornografiarekin daukaten harremana aztertu du, eta igandean gaiaren inguruko hitzaldi bat eman zuen Usurbilgo Potxoenea kultur etxean.
Nerabeek sexualitatea bizitzeko duten modua aldatu da?
Ez nuke esango aldatu denik. Aldatzekotan, gizartea bera aldatu da, eta horrek eragina dauka bizitzako etapa bakoitzean. Orokorrean, esango nuke sexualitatearen gaia orain dela urte batzuk baino ikusgarriago dagoela eta hori nerabezaroan ere ikusten dela. Aldi berean, egia da gehiegizko informazioa dagoela egungo gizartean; prozesatu dezakegun baino informazio gehiago jasotzen dugu, eta horrek sexualitatearen eremuari ere eragiten dio, bai nerabeen artean, bai helduen artean.
Badirudi modu askeagoan bizi dela sexualitatea gaur egun. Hala da?
Sakonean, ez dut uste horrela denik. Informazio gehiago eta ikusgaitasun handiagoa dago, eta horrek pauso batzuk emateko modua eman du. Gertatzen dena da sexualitatea batez ere eremu emozionalarekin dagoela lotua. Beste sexualitate eredu bat aldarrikatzea ondo dago, baina, alderdi emozionalari dagokionez, oraindik bide luzea daukagu egiteko, baita errudun sentimenduak, lotsa sentimenduak eta arau sexistak eta matxistak gainetik kentzeko ere.
Noiz hasten dira nerabeak pornografia kontsumitzen?
Azkenaldian, oihartzun handia izan du Save the Childrenek egindako ikerketa batek. Azterlanaren arabera, pornografia kontsumitzen hasteko batez besteko adina 12 urte da. Beste datuetako bat da mutilek porno gehiago ikusten dutela, maiztasun handiagoarekin, neskek baino. Baina nik uste dut ikertzen jarraitu beharko litzatekeela.
«Pornografia ez da eredu bakar batera soilik mugatzen. Gaur egun eredu desberdinak dauzkagu»
Zer eragin dauka pornografiak nerabeen sexualitatean?
Arreta handia jartzen dugu pornografian, baina niri garrantzitsua iruditzen zait horren inguruan bi hausnarketa egitea: batetik, pornografia bera ez dela eredu bakar batera mugatzen. Eredu desberdinak dauzkagu gaur egun. Gertatzen dena zera da: pornografiaz hitz egitean, orokorrean, burura datorkigun eredua patriarkala dela, eredu hori baitago zabalduta, eta hori iristen baita doan sakelakoetara. Baina garrantzitsua da aipatzea porno eredu desberdinak daudela; porno etikoa ere badagoela. Bestetik, pornoa informazio iturri bat da, baina beste hainbat iturri daude sexualitatearen inguruan.
Nerabeen informazio iturri nagusia da pornografia?
Aipatutako ikerketak dio elkarrizketatutako gazteen %30en informazio iturri bakarra pornografia dela. Datu hori kezkagarria da; hori horrela baldin bada, ardura helduena da, gurasoena, hezitzaileena, hezkuntza eremuarena... Informazio iturri ezberdinak daude: liburuak, zerbitzuak, jende espezializatua... eta ez bagara gai baliabide horiek nerabeei helarazteko, uste dut hausnarketa bat egin behar dugula horren inguruan.
Zer porno eredu kontsumitzen dute?
Doan dagoena eta leku guztietara iristen dena: eredu matxista. Gainera, haur eta nerabe batzuei kontsumitzea erabaki gabe ere iristen zaie eduki hori. Eredu etikoa kontsumitzeko, zehazki mota hori bilatu behar da, eta ordaindu egin behar da normalean. Geure buruari galdetu beharko genioke: eskaintzen diegu eredu etiko hori?; hitz egiten dugu horretaz?; edo eredu matxista hori kritikatu baino ez dugu egiten? Garrantzitsua da ikuspegi kritikoa ere lantzea gazteekin, baina aldi berean beste alternatiba batzuk ere eraiki behar ditugu. Bestela, ez gara haien kuriositatea, plazera eta erotika arakatzeko eskubidea asetzen ari.
«Indarkeria sexualaren arrazoi bakarra ez da pornografia eredu honen kontsumoa; sistema patriarkala da»
Gazteek sexualitatearen esparruan dituzten jarrera bortitzak azaleratzen ari dira. Pornografiaren ondorio dira?
Sistema patriarkal osoarekin daukate lotura jarrera horiek. Pornografia desagertuko balitz, indarkeria sexuala desagertuko litzateke? Uste dut ezetz. Egia da pornografia eredu hau oso presente dagoela Internet dela-eta, baina hain eskuragarri ez zegoenean ere indarkeria sexuala bazegoen. Pornografia eredu hau ez da lagungarria, eta indarkeria naturalizatzen du. Baina indarkeria sexualaren arrazoi bakarra ez da pornografia eredu honen kontsumoa; sistema patriarkala da. Indarkeria sexualak eta matxistak, orokorrean, sistema egitura oso bati erantzuten diote, ez sistema horren produktu bakar bati.
Produktu hori moldatu daiteke, edo deuseztatu egin behar da?
Ez da gisa horretako produktu bakarra: maitasun erromantikoan oinarritutako pelikulak, telesailak edo abestiak ere badaude, eta guztiek genero sozializazio tradizional baten eraikuntza bultzatzen dute. Uste dut produktu horiek ezabatzea gaur egun ez dela errealista. Hori bai: gazteekin eta nerabeekin ikuspegi kritiko bat landu dezakegu, eta baliabideak eman kontsumitzen ari diren hori baloratu eta prozesatzeko, kritikotasunez.
Badago sexualitate osasuntsuago bat eraikitzeko prebentzio estrategiarik?
Pedagogia feminista eta hezkidetza ezinbesteko tresnak dira. Baina, bide horren barruan, sexu heziketa baliabide oso garrantzitsua da, eta indartu egin beharko litzateke.
Noiz hasi behar da sexualitatea haurrekin lantzen?
Beti, jaiotzatik. Kontuan hartu behar da bizitzako etapa bakoitzean modu ezberdin batean landu behar dela, baina sexualitatea beti dago presente gure bizitzan.