Bertsolaritza

Aner Peritz 'Euzkitze': «Plaza aprobetxatu nahiko nuke, eta ez nazala dimentsioak txikitu»

(ID_14501034) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-12-09, Gasteiz. Aner Peritz, bertsolaria
Aner Peritz 'Euzkitze', astelehenean, Gasteizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Aner Peritzek (Zarautz, 2002) aurreneko aldia izan du aurtengoa Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta debutean lortu du finalera pasatzea. Ez du nahi biharko plazaren tamainak gaina hartzerik. Ondo pasatu nahi du, eta esan nahi dituen hitzei leku egiteko aprobetxatu.

Lehen aldia izango duzu finalean. Zer moduz zaude?

Ondo, egia esan. Finalean pentsatzeak pixka bat urduritu ere egiten nau, baina halere, nahiko lasai nago. Lasai nago, gehienbat, uste dudalako finalean kantatzeko oso leku ona tokatzen zaidala.

Zergatik?

Lehendabiziko urtea dudalako Gipuzkoako Txapelketan, gazteena naizelako… Aurreko faseetan ere sentitu dut antzeko zerbait. Alegia, nik neure buruari orain arte esan diodana eta ingurutik jasotzen nuen mezua zera zen: «Egin behar duzu, eta gainera, egin dezakezu». Orduan, hasierako faseetara joan nintzen moderazio pixka batekin: akatsak ez egitea zaintzen, neurtzen… Eta, orain, erabat kontrakoa den paper bat dut. Behin finalean egonda, zer galdu behar dut?

Arrasateko saioan izan zinen?

Bai.

Eta amaieran, finalean zeundela jakin zenuenean, nola hartu zenuen?

Sustoa hartu nuen. Ez nuen ia-ia pozik ere hartu, ez nuelako asimilatzen. Pare bat egun pasatu ziren arte ez nintzen erabat poztu. Beste faktore batzuk ere bazituen ni finalera pasatu izanak: Maider [Arregi] oso laguna dut eta asko maite dut, eta pena eman dit hura finalera ez pasatu izanak eta, gainera, muga-mugan gelditu izanak.

Zer-nolakoak izan dira zuretzat azken bi asteak?

Niri pasatzen zaidana da, bestela ere, gutxitan egoten naizela lasai. Baina, aste normal samarrak izan dira gaur artekoak, gauza askorekin. Alegia, ez dudala izan sofan botata egoteko denbora askorik. Finalera pasatu izana asimilatzen pasatu dut astea, eta lagun batzuk pasatu ez izanaren penatxo horri lekua egiten. Poliki-poliki joan naiz finalerako jarrera hartzen.

Finalera zer tenplerekin joan nahiko zenuke?

Joan nahi dut ondo pasatzera. Bertsoak kantatzera joango naiz, eta neuretik uztera. Plaza aprobetxatu nahi dut, eta ez nazala dimentsioak txikitu. Esan izanaren sentsazioarekin gelditu nahiko nuke, baita mikrofono hain publiko hori aprobetxatu izanaren sentsazioarekin ere.

Orain arteko saioetan sentitu al duzu esan izanaren sentsazio hori?

Uste dut baietz. Zarauzko saioan, batez ere. Ordurako akaso inork izango ninduen finalerako hautagai gisa, baina nik neure buruari ez nion eskatzen finalera pasatzea, baizik eta gustura gelditzea. Eta uste dut jarrera horrekin joan izanak lagundu zidala neure burua hainbeste ez moderatzen. Udazkeneko beste bi saioetan lotuago ikusi dut neure burua. Lortu dut pixka bat brillatzea, baina Zarautzen lortu nuen gustura gelditzea, eta horrekin pozik nago.

Finalean ez ezik, lehen aldia duzu txapelketan ere. Espero al zenuen finalera iristerik?

Ez, inola ere ez. Nire helburua, hasiera batean, udaberriko fasea pasatzea zen. Orduan, pentsa. Ez nuen espero finalera iristerik, ezta finalaurrekoetara iristerik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.