Pepi Berasategik (Donostia, 1935) bizitza osoa darama etengabeko bilaketan. Bi hilabete zituenean hil zuten haren aita —«erail esan behar da, ez fusilatu, fusilatuak militarrak direlako, eta gure aita ez zen militarra», argitu du Berasategik—. 1936an galdu zuten aitaren arrastoa, Francisco Francoren erregimenaren aginduz hura Donostiako Ondarretako kartzelan sartu eta gero. 88 urterekin bukatu zaio Pepi Berasategiri etengabeko ziurgabetasuna: duela bi aste jakinarazi diote Oiartzunen agertu direla Hipolito Berasategi aitaren arrastoak. Abenduaren 9an emango dizkiote, 11:00etan, Donostiako udaletxean egingo den ekitaldi batean.
Nola hartu duzu zure aitaren arrastoak topatu dituzten berria?
Sorpresa handia izan da. Donostiako oroitarrira joan ohi naiz aita bisitatzera [frankismo garaian Ondarretako kartzelan egon ziren presoen oroimenezko oroitarria], orain arte besterik ez neukalako. Aurten, azaroaren 7an, bertan nengoela, Juan Karlos Izagirre etorri zitzaidan [Donostiako alkatea izandakoa 2011-2015 legegintzaldian], eta harekin komentatu nuen jada 87 urte pasatu direla aita non dagoen jakin gabe. Zeinek pentsatu behar zuen hogei egun geroago azalduko zela!
Pentsatzen zenuen aita agertuko zela?
Ni jada etsita nengoen, uste bainuen aita non dagoen jakin gabe hilko nintzela. Ilobari hainbat aldiz esan izan diot nik ez dudala jakingo, baina, beraiek egunen batean zerbait jakiten bazuten birraitonari buruz, gertatu zena argitzeko ahaleginak egiteko. Eta ilobak esaten zidan baietz, jakingo nuela aita non dagoen.
Nola jakin zenuen?
Joan den astean, Aintzane Ezenarrok deitu zidan. Aitari buruz hizketan hasi zitzaidanean, zorabiatuta sentitu nintzen, eta ilobari esan nion telefonoa berak hartzeko, susmatzen nuelako zerbait bazela. Eta iloba telefonoz ari zela, esan zidan: «Izeba! Aita azaldu da, eta Oiartzunen dago!». Orduan, segituan joan nintzen beste ilobarengana notizia ematera; ikusi ninduenean, segituan konturatu zen kolore txarra nuela, eta heldu egin ninduen, berriarekin zorabiatuta nengoen eta.
Nola atxilotu zuten aita?
Antiguan egiten zuen lana [Donostia], Lizar Iturrin, fabrikan. Han gauza asko zeuden, eta ez dakit zehazki zertan egiten zuen lan. 1936ko urriaren 29an, fabrikatik etxera zetorrela, harrapatu egin zuten, eta kartzelara eraman. Osteguna zen, eta anaiak eskola zeukan, baina jai eman zioten. Orduan, amona ikustera joan ginen ama [Joxepa Etxeberri] eta hirurok. Etxera bueltatzean, aldameneko bizilagunak, Isabelek, amari esan zion: «Joxepa! Disgusto bat eman behar dizut. Poli [horrela deitzen zioten Pepi Berasategiren aitari] Ondarretako kartzelara eraman dute. Bi guardia zibilekin igo da etxera niri hori esatera. Zuen etxera sartzen ere ez diote utzi, gauzak hartzera, baina behintzat utzi diote niri esaten». Orduan, Isabelek gure amari esan zion kartzelara lasai joateko, aita ikustera, eta gu berarekin uzteko. Joan zen ama, eta eraman zizkion afaria eta mantak. Ama etorri zenerako, afalduta geunden gu, ohera joateko prest.
«Joan den astean, Aintzane Ezenarrok deitu zidan. Aitari buruz hizketan hasi zitzaidanean, zorabiatuta sentitu nintzen, eta ilobari esan nion telefonoa berak hartzeko, susmatzen nuelako zerbait bazela».
Zergatik sartu zuten kartzelara?
Ez naiz lotsatzen esateaz: fabrikako Juan Jose Basurtok eman zuen aitaren parte. Lotsagabe bat zen Basurto, karlista eta salataria. Hark parte eman eta gero eraman zuten aita Ondarretara.
Zenbat denbora eduki zuten kartzelan?
Urriaren 29an atxilotu zutenetik, azaroaren 7ra arte. Ama egunero joaten zitzaion bazkaria eta afaria eramatera kartzelan egon zen egun horietan. Azaroaren 7an, ordea, kartzelara joan zenean, esan zioten aita etxera bidali zutela. Amak ezetz esan zien, eta esateko aita non zegoen. Kartzelakoek orduan erantzun zioten alde egiten ez bazuen ostikoka bidaliko zutela.
Kontatu izan duzu aitaren aldeko familiak ez zuela zuen alde egin.
Aita hil zutenean, ama joan zen aitaren aldeko amonaren etxera, eta galdetu zion ea zer egin behar zuen gurekin. Amonak esan zion miserikordiara sartzeko. Orduan, nire amak esan zion berak lanerako bi esku zituen bitartean ez gintuela miserikordiara sartuko, eta aterako gintuela aurrera. Aitaren anaia fraidea zen, nazkagarri bat. Hark amari esan zion inoiz ez genuela jakingo nire aita non zegoen hilobiratuta. Beti gaizki begiratu izan digu. Tarteka etortzen zen, eta joateko esaten genion, bagenekielako gai hori ateratzen bazen joka hasiko ginela. Lasartera joaten ginenean ere, amona bisitatzera, gure ama bazter batean egoten zen. Eta behin, nik galdetu nion: «Ama, zergatik egoten gara gu bazter batean eta besteak ez?». Amak esan zidan gu oso pobreak ginelako zela. Hara, malkoak atera zaizkit berriro!
Nola ohartu zinen zure aitari gertatu zitzaionaz?
Osaba, amaren anaia, Asturiasen egon zen frontean, eta oso larri ekarri zuten etxera. Hura ere zaindu behar izan nuen. Guardia zibilak etortzen zitzaizkion bisitan, eta behin euskaraz hitz egiten harrapatu gintuzten. «¡Aquí se habla cristiano!», esan zioten osabari; alegia, gazteleraz egiteko; eta hark erantzun: «¡Qué cristiano! Si encima le habéis matado a su padre!»; aita hil zigutela. Eta hori buruan geratu zitzaidan. Gero amonari entzuten nion: «Hay que matar a un conejo». Eta pentsatzen nuen: «Nire aitari untxiari egiten diotena egin diote?». Eta horrela hasi nintzen konturatzen.
Galdetu zenuen gero aitaren inguruan?
Jaunartzea 8 urterekin egin nuen, eta ordurako jada galdetu nuen ea zein zen nire aita. Amari galdetu nion, eta amak erantzun zidan aita hilda zegoela. Anaia etorri zen orduan, haserre bizian, eta esan zuen: «Aita ez dago hilda; aita guardia zibilek hil dute, Francok aginduta». Gero, handituz joan ginen heinean konturatu nintzen. Baina asko ere ezin zen hitz egin gauza horiei buruz, dena galarazita baitzegoen. Ezin zen ezer kontatu.
«Jaunartzea 8 urterekin egin nuen, eta ordurako jada galdetu nuen ea zein zen nire aita. Amari galdetu nion, eta amak erantzun zidan aita hilda zegoela».
Diktadura bukatu zenean hasi ahal izan zinen aitaren bila?
Hasi ginen bila, baina oso zaila zen. Inork ez zekien non eta nola bilatu. Amak esaten zuen Hernanin hil zutela. Pentsatzen zuten bertan fusilatu zutela, eta haren izena ere azaldu zen han: Hernanin fusilatutako baten poltsikoan nire aitaren argazki bat azaldu omen zen. Beraz, pentsatzen genuen gorpua han zegoela, baina Oiartzunen agertu da.
Erakundeek laguntzarik eman al dizuete aita bilatzeko?
Gure kabuz ibili gara. Duela zortzi urte, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, [Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo] Urkullurekin egon ginen, eta esan zigun bilaketa lanak egingo zirela, baina zortzi urte hauetan egin al du zerbait? Renne Cassin saria eman ziguten orduko hartan, eta esan ziguten oraingoz han utzi behar genuela oroigarria eta geroago bidaliko zigutela. Baina ez digute bidali.
Aita agertu da, baina barkamena eskatu al dizute?
Barkamena eskatuta ere, ezin da eman. Ezin zaie barkatu, nire amak eta beste hainbatek pasatu dutena pasatu ondoren. Guk, gainera, zortea izan genuen amona izan genuelako, beste batzuek ez bezala. Ama ez genuen ikusi ere egiten. Tristea da esatea, baina hala izan zen.
Zergatik?
Goizean goiz joaten zen ondoko etxe batera, lanera, gu esnatu baino lehen. Amonak ematen zigun gosaria, eta bidaltzen gintuen eskolara. Eta ama gauean bueltan etortzen zenean, haren ahizpak gabardinak josten egoten ziren, eta haiei laguntzen ibiltzen zen ama. Eskerrak amonari eta lagundu zigun jendeari; ezin izan diegu inoiz ordaindu eman ziguten laguntza guztia.
Zer desira daukazu orain?
Aita besarkatzekoa. Ematen digutena ematen digutela ere, kaxa bat bada ere, hartu eta besarkada bat ematekoa. Abenduaren 9an ekarriko dute Donostiako udaletxera, eta gogo handia daukat.
Zer egingo duzue gero aitaren gorpuzkiekin?
Oraingoz, etxera eramango ditugu. Mendian hilobiratu nahi dugu, eta gero bertan arbola bat jarri. Izan ere, orain arte, ezin izan dugu esan hilobiratuta zegoenik, botata baino. Nik argi esan diet familiakoei: ni ezkutatzen naizen egunean, aita dagoen lekuan dagoela, ni haren ondoan ehortzi. Ezagutu ez dudan arren, hezurrak behintzat, elkarrekin. Lehenago ez neukan hori pentsatuta, baina, aita agertu denetik, nola aldatu diren gauzak!