Pediatra gehiago, baina nahikoa ez

Pediatren eta familia medikuen plazen %10 bete gabe dago. Ruth Salaberria Zumaiako gurasoak «planifikazio falta» deitoratu du. Carmen Solorzano Gipuzkoako Medikuen Elkargoko lehendakariaren arabera, lanpostu hutsak betetzeko «abantailak» behar dira.

Donostiako ospitaleko pediatria saila, 2017ko irudi batean. GORKA RUBIO/FOKU
Donostiako Ospitaleko pediatria saila, 2017ko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Xalbat Alzugaray
2025eko urtarrilaren 17a
05:05
Entzun

Osakidetzaren arabera, 2014 eta 2024 artean Gipuzkoan 39 pediatra gehiago jarri zituzten. Hain zuzen ere, duela hamar urte 157 ziren, eta gaur egun 196. Herrialdeko eskualde guztiek ez dituzte pediatra gabeziari aurre egiteko baliabide berak izan. Esate baterako, Donostialdeko ESIak duela hamar urte baino 24 pediatra gehiago ditu. Zerrendan ondotik dator Debabarreneko ESIa —sei pediatra gehiago ditu—, eta Goierri Urola Garaiko ESIa —bost gehiago ditu—. Bidasoako ESIak 2022tik ez du pediatra gehiagorik izan. Kopuruek gora egin duten arren, Osakidetzaren datuek diote EAEn pediatra eta familia mediku postuen %10 bete gabe daudela.

Carmen Solorzano pediatra eta Gipuzkoako Medikuen Elkargoko lehendakariaren esanetan, azken urteetan Donostiako Ospitalean pediatra plazak «asko» ugaritu dira. Haren hitzetan, pediatrek bertara jotzen dute, ospitaleetako plazak «erakargarriagoak» direlako. «Ospitalean garapen profesional hobea dute. Praktika klinikoa medikuntzako beste esparruekin nahas dezakete: ikerketa, irakaskuntza, eta abar».

Ruth Salaberria Zumaiako guraso eta medikuak «planifikazio falta» sumatzen du. Zumaiako osasun zentroko egoera aintzat hartuta, salatu du COVID-19aren pandemiaren ondotik egoera «nabarmen» okertu dela. Salaberriak esan duenez, Zumaian zortzi familia mediku eta bi pediatra zeuden, baina iazko maiatzean pediatra bat kendu zieten. Gainera, gero, Zumaian geratu zen pediatra bakar horrek gaixoaldi baimena hartu zuen. Orduan, herriko osasun zentroa pediatrarik gabe gelditu zen. Salaberriak ohartarazi du Zestoako eta Getariako pediatra joaten zela ordu batzuk egitera.

Eskasiaren ondorioak

Erreferentziazko pediatrarik ezean, ondorioak «begi bistakoak» direla iritzi dio Salaberriak. Adibidez, jakinarazi du pediatra baten kontsultara joateko hitzordua lortzeko «ezintasunak» izan zituela. Izan ere, euren alabak istripu bat izan ondotik zauriaren jarraipena egiteko «inor» ez zegoela eta, larrialdietara joateko erabakia hartu zuten gurasoek. «Pediatra eskasiaren ondorioa pairatu genuen. Nire alabak istripu bat izan zuen hankan, eta pediatraren jarraipena behar zuen. Oso gaizki joan zen: larrialdietan bukatu genuen».

«Pediatra eskasiaren ondorioa pairatu genuen. Nire alabak istripu bat izan zuen hankan, eta pediatraren jarraipena behar zuen. Oso gaizki joan zen: larrialdietan bukatu genuen» RUTH SALABERRIAZumaiako gurasoa eta medikua

Egoeraz kexatu ondotik, herrian irailean berriz bi pediatra jarri zituztela adierazi du Zumaiako medikuak. Baina, haren hitzetan, nahiz eta bi pediatra egon, Gabonetan batek oporrak hartu zituen eta pediatra bakarrarekin gelditu ziren. Neguko birusen gorakada ikusita, nabarmendu du zerbitzua ez dutela indartu, eta «gainezka» egin dutela. «Oso ahul gaude. Gabonetan pediatra bakar batekin egon gara berriro. Gripe garai bete-betean, gainezka gaude. Zerbitzua indartu beharrean, murriztu egiten dute».

Gipuzkoako Medikuen Elkargoko lehendakari Solorzanok aditzera eman duenez, haurren arretan kalteak eragiteaz gain, pediatren eta familia medikuen lan karga «nabarmen» handitzen da lankide falta dela eta. Haren arabera, oporraldian dagoen pediatra ordezkatu ezean, oporren itzuleran langileek atzeratutako lana euren gain hartu behar izaten dute. Ondorioz, uste du «estres egoera» horiek saihestu egin beharko liratekeela.

Aterabideak

Salaberria medikuak Zumaiako osasun etxean dauden bi pediatrak «beti» hor izatea nahi luke. Baina kexu azaldu da. «Desastre hutsa da. Beti bi pediatra izatea nahi nuke. Bajak eta oporrak badaude, beste erreferentziazko pediatra bat beharko litzateke, beste norbait kontratatu». Esan du orain arte izan dituzten ordezkoek «ezintasuna» izan dutela jarraipenak egiteko. «Etortzen denak ez du haurra ezagutzen. Demagun haur bat arnas arazo batekin etortzen dela kontsultara eta hortik bi egunera berriz artatu behar duzula eta tartean beste pediatra bat etortzen dela. Pediatra horrek ez daki pazientea nola egon zen duela bi egun eta, ondorioz, ezin dio jarraipenik egin».

«Lehen mailako arreta gure osasun sistemaren oinarria da. Balioa eta prestigioa ematea ezinbestekoa da. Bertan dauden espezialistak behar den bezala tratatzea garrantzitsua da» CARMEN SOLORZANOGipuzkoako Medikuen Elkargoko lehendakaria

Solorzanok proposatu du lehen mailako arretan pediatra gehiago izateko «pizgarriak eta abantailak» behar direla. Kasu baterako, herrietako osasun zentroetara egin beharreko joan-etorriak lan denboratzat hartzea nahi luke. Halaber, ezinbestekotzat jo du lehen mailako arretari prestigioa ematea eta pediatren ibilbidearen garapena zaintzea. «Lehen mailako arreta gure osasun sistemaren oinarria da. Balioa eta prestigioa ematea ezinbestekoa da. Bertan dauden espezialistak behar den bezala tratatzea garrantzitsua da. Haien garapen profesionala zaindu behar da, beste esparruetan egiten den bezalaxe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.