Jose Manuel Abalosek (Donostia, 1947) Donostia Abalosen begietatik erakusketa zabalduko du astelehenean Ordiziako Barrena jauregian. Inaugurazio ekitaldian bertan izango da Abalos, lanen nondik norakoak azaltzen. Martxoaren 27ra bitarte egongo da erakusketa ikusgai. Ordiziara itzuliko da kasik berrogei urteren ostean.
Zergatik Donostiari buruzko erakusketa bat Ordizian?
Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren 1981. urteko margolari hasiberrien lehiaketa irabazi nuenetik urtero egin dut erakusketaren bat; Donostian, gehienbat. Aurten ere egin nuen, eta erakusketa hartan Ordiziako pertsona batekin egin nuen topo. Hizketan hasi, eta Barrena jauregian erakusketa bat egitea proposatu zidan. Oso gustura jaso nuen eskaintza.
Barrena jauregia ezagutzen zenuen?
Barrena jauregia ez, baina Ordizia bai. Aipatu dudan hasiberrien lehiaketa irabazi nuenean sari bat eman zidaten: erakusketa antolatzeko gela bat zuten sukurtsal guztietan erakusketa ibiltari bat antolatzeko aukera. Ordizian ere izan nintzen, eta oso oroitzapen ona dut. Lagun eta senitarteko asko elkartu ginen, arbaso goierritarrak ere baditudalako. Gure amona, amaren ama, Lazkaokoa zen, hango baserri batekoa.
Margolariek zuen lanak erakusteko aukera nahikoa duzue?
Panorama nahiko beltz ikusten dut. Donostiako Altxerri galeria irekitzeko aukera izan nuen, 1985. urtean, baina dagoeneko itxi dute. Gauza bera gertatu da Etxeberria galeriarekin eta beste hainbatekin. Zirkuitu pribatuan hiruzpalau galeria besterik ez dira geratzen. Nire lanak erakusteko, hutsik dauden lokalak alokatu behar izan ditut. Horrek gastu handia dakar, eta arrisku handiak hartzea.
Zirkuitu publikoan egoera bestelakoa da?
Aukera gehiago dago. Denbora tarte laburrean hiru erakusketa izango ditut.
Donostiak inspiratzen zaitu?
Zer margotu erabakitzeko buruari buelta asko eman dizkiot, baina Donostia aitzakia bat da. Margolari guztiok dugu aitzakiaren bat. [Claude] Monetek, esaterako, urmael bat eraiki zuen bere etxean bere unibertsoa eraikitzeko. Igelbelarren putzua lana hortik sortu zuen; [Salvador] Daliren ia lan guztietan, berriz, Portlligateko badia agertzen da. Nik neure buruari esan nion hark Portlligateko badia aukeratu bazuen, Donostiakoa baino askoz ere zatarragoa izanda, nik nire etxe atarian nuena margotuko nuela.
Eta ez zaitu aspertzen?
Beti ezberdina da. Garai batean bizi izan nintzen etxe bateko leihotik badiaren zati bat ikusten zen. Jaiki eta badiara begiratzen nuen, eta maitemindu egin nintzen. Egunero argi ezberdin bat du: atzo ez zegoen argirik, eta bazirudien munduaren bukaera zela; gaur goibel dago, baina bihar eguzkia aterako da, eta paisaia dirdiratsua bilakatuko da.
Nolakoa da koadro bat margotzeko prozesua?
Erantzun zaila du galdera horrek, lan bakoitzak bere prozesua baitu. Batzuetan azkar egiten dut, beste batzuetan ondo hausnartuta, beste batzuetan automatikoki… Urte asko daramatzat margotzen, eta, edonon egonda ere, Donostiako badia margotu dezaket. Horrenbeste aldiz begiratu eta margotu dudanez, barruan daramat.
Gustuko duzun txokorik baduzu?
Kontxako pasealekuak badu irtengune moduko bat, Mirakontxan, eserleku batekin. Badia oso-osorik ikusten da, eta sarri joaten naiz hara. Urte batean ia egunero joan nintzen, nahiz eta eguraldi txarra egin, apunteak hartzera. Argiak, distirak, itsasoaren formak, dimentsioak, itzalak…
«Nire lanak erakusteko, hutsik dauden lokalak alokatu behar izan ditut. Horrek gastu handia dakar, eta arrisku handiak hartzea»
Baina zure lanak ñabardura gutxikoak dira.
Ez zait pintura errealista gustatzen. Bistakoa da Kontxako badia dela, baina ez zait hiperrealismoa interesatzen. Nahiago dut pintura dela igartzea. Erretratuetan ere berdin jokatzen dut.
Gogoan duzu Donostiari buruz egin zenuen lehen paisaia? Noiz izan zen?
Ez naiz gogoratzen noiz hasi nintzen margotzen, baina hasieran pertsonak eta animaliak margotzen nituen, batik bat. Lazkaora joaten ginenean, baserriko baratzea eta animaliak margotzen nituen, edo, margolari hasiberrien lehiaketa irabazi nuenean, arropak plantxatzen ari den emakume bat, goitik ikusita, ukitu surrealista batekin. Ordurako, margolaritzari buruzko liburu asko hasi nintzen irakurtzen, eta horrela jakin nuen Daliren eta Portlligateko badiaren arteko lotura. Kasualitatea izan zen. Nik ere badia margotuz probatzea erabaki nuen, eta jabetu nintzen ez nuela kanpora joan beharrik paisaia izugarriak topatzeko.
Gordeta duzu badiaren koadro hori?
Orain Donostiako Okendo kultur etxean irekita dudan erakusketa batean dago. Abalos, bizitza bat olatu artean du izena.
Nondik datorkizu pinturarako zaletasuna?
Ez dakit. Familian ez dut margolaririk. Anaiari ere gustatzen zaio margotzea, baina ez dio nik bezain serio heldu. Nire seme-alabek eta ilobek ere ez dute margotzen.
Zer du berezia?
Pasioa da. Margotzeak bizia ematen dit. Egun batzuk pintatu gabe egonez gero, beharra sentitzen dut.