Oiartzungo Xanisteban jaietako tradizioetako bat da auzoen arteko sokatira txapelketa egitea festen egun handian, abuztuaren 3an. Artaso elkarteak antolatzen du, eta 36. aldia izango da aurtengoa. Gizonezkoen zein emakumezkoen taldeak lehiatzen dira egun horretan, Madalensoro frontoian. Auzoka antolatzen dira gizonezkoen taldeak; aldiz, emakumezkoetan orain arte ez da egon auzoka antolatzeko adina parte hartzailerik.
Antolakuntza taldeko kide Aintzane Toledok esan du «asko» luzatzen den lehia bat dela. Izan ere, talde guztiak aritu behar dira elkarren aurka. Sokari tiraka hasi aurretik, pisatu egiten dituzte, 15:00etan, eta 16:00 inguruan ekiten diote lehiari. «Giro polita sortzen da harmailetan; batez ere, bukaeran, lehia gori-gorian dagoenean», esan du Toledok. Behin lehiaketa amaituta eta sariak banatuta, urteroko usadioa egingo dute aurten ere: Karrikako Artaso elkartean afaria egingo dute, eta herrira itzuliko dira afalondoan, Amazkar tabernan parranda egitera. «Indarrak gordetzen ditugu bezperan, eta gau horretan bezperan gordetako indarra ateratzen dugu».
Ekainaren hasieran hasi ziren emakumezkoak entrenamenduekin, eta astean bizpahiru aldiz entrenatzen dira. «Gure artean sortzen da harreman eta laguntasun berezi bat», azaldu du Toledok. «Kuadrillaz aparteko beste giro bat sortzen da, eta beste sare batzuk ehundu». Izan ere, adin eta inguru desberdinetako jendea elkartzen dela dio antolatzaileak. «Ziurrenik, gure artean ez genuke harremanik izango sokatirarengatik ez balitz. Giro polita sortzen da».
«Neska gazte asko etorri dira probatzera, baina bada garai batean parte hartu, amatasunagatik utzi eta orain itzuli denik ere».
AINTZANE TOLEDO Oiartzungo sokatira lehiaketako antolatzailea
Oiartzunek zortzi auzo ditu, baina guztiek ez dute ordezkaritzarik izaten abuztuaren 3ko sokatira txapelketan. Aurten bost talde aterako dira emakumezkoetan, eta gizonezkoetan, zazpi. Zortzi kide izango ditu talde bakoitzak. «Lehiaketa ofizialetan, zortzikoak edo laukoak izaten dira taldeak, posizioak-eta mantentzeko». Iaz, zazpiko taldeak egin zituzten xanistebanetan, 35 lagun zeudelako izena emanda. «Probatu genuen, eta ez zen hain gaizki atera».
Antolatzaileen arabera, bertsua izango da aurten gizonezko eta emakumezko parte hartzaileen kopurua. Oiartzungo bestelako txapelketa herrikoietan —pilotan, kasu baterako—, askoz ere handiagoa da gizonen parte hartzea. Toledoren arabera, sokatirako taldeetan badago desberdintasun nabarmen bat: gizonezkoen taldeak «itxiak» dira, eta emakumezkoenak, ez. «Urte batetik bestera, gizonezkoen talde bakoitzean bi kide aldatzen dira, asko jota, eta taldekoek bilatzen dute auzoan beste tiratzaile bat». Desberdina da emakumezkoen taldeen kasua: partaide izateko deialdia egiten dute, eta izena ematen duten emakume guztiak banatzen dituzte taldeetan.
2024a, aldaketa urtea
Tradizioarekin hausteko, aldaketa bat proposatu dute emakumezkoen txapelketan: taldeak auzoka antolatzea. Apirilean hasi zituzten prestaketa lanak, eta orduan hasi ziren orain arteko funtzionamendua zalantzan jartzen. Auzoka antolatzea erabaki zuten orduan, «betiere posizioak eta pisuak aintzat hartuta», Toledoren hitzetan. Errolda kontuan hartzen dute, baina ez modu hertsian, «trantsiziokoa» izango baita aurtengo txapelketa. Antolatzaileak adierazi du auzoka lehiatzea erabaki izana ez dela «nork bere aberri txikiaren ohorea defendatzeagatik», baizik eta gizonen mailara gerturatzeko bidean pauso bat emateko. «Antolakuntzako kide batzuek pentsatzen dute parte hartzaileek konpromiso handiagoa hartzen dutela taldea zein izango den dakitenean eta taldea itxita dagoenean. Beste alde batetik, baina, taldea hainbeste ixteak beldurra ematen du, probatzera etor daitezkeenei atzera eragin diezaiekeelako».
Toledok esan du «konpromiso falta» izan dela azken urteetako eztabaidaren arrazoia. «Emakumezkoen txapelketan, izena ematearekin soilik, badakite berdin-berdin aterako direla lehiara, eta, horregatik, entrenamendu askotara huts egiten dute. Beraz, entrenamenduetara agertzen garenon artean osatzen ditugu taldeak, eta horrela zaila da posizioak zehaztea eta bakoitzaren funtzioa zein den jakitea». Antolatzaileak dioenez, auzoka banatzeak modua emango die konpromisoa sendotzeko.
Erabakia harrera ona izaten ari dela jakinarazi du. Are, antolatzeko modu berria dela eta, jende berriak eman du izena. «Neska gazte asko etorri dira probatzera, baina bada garai batean parte hartu, amatasunagatik utzi eta orain itzuli denik ere».
Aurreko urteetan taldeak «oso berandu» egiten zituztela gaineratu du antolatzaileak, eta aurten ekaina erdialderako finkatuak zituzten. Hasiak dira dagoeneko entrenamenduekin. Igerilekuetan dagoen lokal batean entrenatzen dira: polea batekin hasten dira, eta, txapelketaren eguna hurbildu ahala, frontoian egiten dituzte azkeneko entrenamendu saioak, aurkarien kontra. «Ez da gauza bera karga finkoa duen gailu batekin aritzea, ala mugitzen den talde baten aurka lehiatzea», esan du Toledok. «Poleak balio du postura ikasteko eta indarra hartzeko, baina parean zortzi neska edo mutil dituzunean, beste kontu bat da».
Aspaldi hasi ziren lehiaketa misto baten aldeko aldarria egiten; emakumezkoen taldea, bereziki. «Gure aldetik, badago talde mistoak eratzeko gogoa, baina ez dirudi mutilek horretarako gogo handirik dutenik. Etorkizun batean, agian, posible izango da, gero eta jende gutxiago lehiatzen hasten bagara...».