leire narbaiza arizmendi
Iritzia

Pamela Andersonen lezioa

2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Sare sozial baten scroll egiten niharduela, Drew Barrymorek gidatutako elkarrizketa saio bat aukeratu zuen niretako algoritmoak. Gaztelaniazko azpitituluak zituenez, ikusi ahal izan nuen. Pamela Anderson aktorea zen gonbidatua programara.  

Gazteek seguruenera ez dute ezagutuko Anderson, baina sasoi batean oso ezaguna izan zen, Baywatch (Los vigilantes de la playa) telesaileko aktore izarra izan zelako. Telesailean Kaliforniako sorosle talde baten istorioak kontatzen ziren, eta protagonistek ia saio osoa bainujantzian ematen zuten. Anderson ilehoria zen eta bular-joria. Gainera, serieak erakargarriasun sexual hori esplotatzen zuen, Andersonena ez ezik, baita beste aktore emakumeena ere. Horrela, gure Pamela sex-simbol bihurtu zen. Hori gutxi balitz, bere bizitza pertsonala eskandaluz beteta egon zenez, bihotzeko aldizkarietako bazka ere bihurtu zen. 

Gehiegikeriek eta denbora aurrera joateak aktorea gure ahazturan murgildu zuten. Baina Gia Coppolaren eskutik film bat egin du: The Last Showgirl. Donostiako Zinemaldian ere aurkeztu zuten, eta Anderson Kursaalen izan zen. 

Hasieran esan dudan moduan, elkarrizketa eman dio Barrymoreri. Bertan aktore biak makillaje barik ageri dira. Ez koloreterik, ez ezpainetakorik, ez begietako pinturarik... Aurpegia garbi, bere horretan. Ezohiko itxura telebistan. 

Barrymore zuzenean desmakillatu da, Baywatch-eko aktorea makillaje barik agertu delako zenbait ekitaldi publikotan eta bere Instagrameko argazki batzuetan. Hori dela eta, kritikak eta irainak jaso ditu Andersonek: zaharra dela, abandonatu egin duela bere burua, itxura higuingarria duela... Aurpegi garbia, berezkoa, erakusteagatik.

Aurpegia arimaren ispilua omen da, baina andrazko askok musua maskaratzeko premia sentitzen dute; arima babesteko ote den zalantza egiten dut, ordea

Ikaragarriak dira irainak, baina are ikaragarriagoa iruditzen zait irudi publikoa duten emakumeek, egunero, etxetik kanpora beti margotuta egon beharra. Eder egoteko, perfekzioa erakusteko, defektuak ezkutatzeko, zimurrak estaltzeko... Aurpegia arimaren ispilua omen da, baina andrazko askok musua maskaratzeko premia sentitzen dute; arima babesteko ote den zalantza egiten dut, ordea. Ezagutzen dut pintatu barik zaborra ateratzera ere irteten ez dena. Itzela. 

Jakina, makillatu barik azalduz gero, azaleratzen da benetako azala, inperfektua, zurbilegia, mantxaduna, begizuloak, betile tristeak, ezpain txikiak, granoak eta markak. Maskara bat jarrita munduaren aurrean agertu. Gero txarto begitanduko zaigu emakume musulman batzuek aurpegia estalita eroatea. Ez ote da eguneroko pintura derrigortua antzeko zeozer?

Ez dut inoiz entzun kritikarik gizon aktore bat makilaje barik ikusi dutelako. Ezta begizuloak edukitzeagatik ere. Kaleko jendearen artean pinturak ia %100ean andrazkoek daramatzate. Genero mandatua, duda gabe. 

Pamela Andersonek dio jakin nahi zuela bera benetan nor zen, beti besteen arabera definitzen zutelako. Hausnarketa horretan, amamaren etxea erosi, ortua lantzen hasi, eta poliki-poliki ausartu zen margo barik kaleratzen. Prozesuan gustura sentitu da, eta bere bizitzako momentu onena dela dio, oso ahaldunduta eta libre sentitzen delako.

Kezkagarria da notizia bihurtzea famatu bat makillaje barik dabilela, eta uste dut hausnartzeko motiboa ere badela. Pamela Andersonek lezio handia eman duelakoan nago, gainera. Nork esango zigun!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.