leire narbaiza arizmendi
Iritzia

Ospatu

2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Azkeneko Zinemaldian Javier Bardemek hartu zuen jaso barik zeukan 2023ko Donostia saria, iaz AEBetan zegoen, aktore eta gidoilari grebarekin bat egin zuelako. Beti egiten den bezala, prentsaurreko bat eskaini zuen Bardemek sari-emate zeremoniaren bezperan. Bertan, zenbait konturen artean, aktoreak Israelez luze jardun ostean, zera esan zuen: «[Munduaren egoerak] ez dit lagatzen saria ospatzen. Oso eskertuta jasoko dut, pozarren, baina ez daukat ospakizunetarako izpiritua. Ezinezkoa zait ezer ospatzea mundua dagoen bezala egonda». 

Aitatu dudan moduan, prentsaurrekoan gogor ekin zion Israelen jarreraz ez ezik, planetan ditugun zenbait gatazkaz eta arazoz hitz egiteari; beraz, koherentea zen erantzun luze horietako baten ostean halako afirmazio irmoa egitea. 

Bardem, denok dakigun lez, ez da komunikabide batzuen gustukoa; hain zuzen ere, bere iritziekin bat ez datozen hedabideena. Horregatik, komunikabide horiek kritikatu zioten Donostiako egonaldian Michelin izarrak dituen jatetxe batera joan zelako afaltzera, ea hori ez ote zen ospatzea. Zuek erabaki!

Prentsaurrekoan sarituak egindako adierazpenekin bat etor ninteke, ia guztiekin, gainera. Halere, ezin ninteke ados egon ospatzearen kontuarekin. Uste dut dena ospatu behar dela, ezin dugulako beste batzuen eskuetan laga gure pozez gozatzea, ondo egindako lanak, lortutako kontuak, esfortzuz iritsitakoa, bizitzak ematen dizkigun gauza onak... Egia da munduaren egoera ikaragarria dela, eta albistegi bat ikusi eta entzun ostean, egunkaria irakurri ondoren, gogoa eta arima nahastuta eta goibel geratzen zaizkigula, etsipena, tristura eta amorrua gure gorputzen jabe egiten direla.

Uste dut dena ospatu behar dela, ezin dugulako beste batzuen eskuetan laga gure pozez gozatzea, ondo egindako lanak, lortutako kontuak, esfortzuz iritsitakoa, bizitzak ematen dizkigun gauza onak…

Hori esan eta gero, kontraesana dirudi ospatzea aldarrikatzea. Beharbada, ospatzea normalean parranda eta jai neurribakoarekin lotzen dugulako, turisten sanferminekin, esaterako. Baina, agian, ospatzearen definizioa birkokatu beharko genuke, gehiegikeriarekin lotu ordez, kontu txiki eta intimoagoekin erlazionatu beharko genuke, poz txikiak disfrutatzearekin, adibidez.

1937. Bizitzak eta bonbak liburuaren aurkezpenean, Bernardo Atxagak kontatu zuen euren ama Eibarren egon zela gerra sasoian. Arrisku bizian egon arren, eta latza izan zela aitortu, atseginez gogoratzen zituela momentu batzuk, nahiz eta 1936ko irailetik 1937ko apirilera arte Gipuzkoako herriaren gainean behin baino gehiagotan bonbak jausi ziren. Nerabea zen Izaskun Garmendia (ama) gerra bizi izan zuenean, eta biziaro horri dagozkion deskubrimendu, poz eta nobedadeak bonbapean bizi izan zituen. Esango nuke pertsonon psikea programatuta dagoela bizipoz txikiak disfrutatzeko ankerkeriaren erdian, bizirauteko modu bakarra delako, seguruenik.

Horregatik egiten dut ospatzearen alde, gauza txikiak ospatzea ezinbestekoa zaidalako, gainera. Bizitza erdi baino gehiago bizi izateak ematen duen perspektibatik esan nezake beharrezkoa zaizkidala gozamen txiki horiek, egunerokoak eskaini liezazkigukeenak. Eta plazer, sari eta sorpresa on estrak ere gozatu behar dira, egunari berea eman, Gazako genozidioa salatu bitartean, migranteek bidean jasandako guztia denuntziatu, Mendebaldeko Sahara ahaztu barik, emakumeen kontrako indarkeriaren kontra oihu eginda…

Ospatu, hori ere lapurtu ez diezaguten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.