Arrauna

Luis Mari Lasurtegi: «Oso zaila da jendea tosta mugikorreko arraunketara erakartzea»

Abuztuan berrogei urte bete ziren Luis Mari Lasurtegik olinpiar domina irabazi zuenetik, Los Angelesen, Fernando Climentekin batera. Hainbat harrera ekitaldi egin zizkioten; besteak beste, Beverly Hillsen eta Pasai Donibanen.

(ID_17278993083995) (/EZEZAGUNA)
Luis Mari Lasurtegi arraulari ohia, asteazkenean, Pasai Donibanen. URKO ETXEBESTE
Pasai Donibane
2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Elkarrizketa hasi aurretik, hara eta hona ibili da Luis Mari Lasurtegi Berridi arraunlari ohia (Pasai Donibane, 1956) herrikideak agurtzen. Diosala egin die Pasai Donibaneko karrika nagusian aurrez aurre izan dituen ia guztiei. Tartean zen Juan Mari Etxabe Arraun Lagunak taldeko entrenatzailea, lanean. Euskal arraunlari batek behin baino ez du irabazi olinpiar domina bat: Lasurtegik berak, duela berrogei urte, abuztuan, Espainiako selekzioarekin, Fernando Climent espainiarra biko ontzian eskifaiakide zuela. 1984ko Los Angelesko (AEB) Olinpiar Jokoetan izan zen. Haurra zela, Lasurtegik aulki mugikorreko ontzi bat ikusi zuen Pasaiako badian, entrenatzen ari ziren bi arraunlariren indarrarekin aurrera eginez, eta txundituta gelditu zen. Orduz geroztik, arraunketari eman dio lehentasuna; olinpiar arraunketari, batez ere.

Abuztuaren 5ean berrogei urte bete ziren Los Angelesko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi zenuenetik, Fernando Climentekin batera. Ezer berezirik egin al zenuten domina hura lortzeko?

Parisko Olinpiar Jokoak ikusten izan gara aurten, nola ez. Etengabe pentsatzen genuen ea besteren batek domina lortzen zuen. Uste genuen Espainiako selekzioan lehian ari ziren Sevillako bi arraunlarik aukera handia zutela dominen borrokan izateko, baina azkenean ez zen gertatu. Finalean bosgarren egin zuten. Beraz, horretan pentsatzen dugu guk, arraunean, eta baita guk egindakoa baten batek berdinduko ote duen ere.

Izan ere, arraunketan, zuena da Olinpiar Jokoetan Espainiako selekzioak lortutako domina bakarra. Zu zeu zara kirol horretan metal olinpikoa duen euskal arraunlari bakarra.

Hala da, bai. Eta gure desioa da baten batek olinpiar dominaren bat lortzea arraunean. Esfortzu handia eskatzen duen kirol bat da, eta sekulakoa da entrenamenduetan egiten den esfortzuak lehiaketan emaitza izatea.

Urteurrenaren harira, elkartu al zara Climentekin? Egin al duzue ospakizun bereziren bat?

Hemen Euskal Herrian ez digute deus egin. Andaluzian [Espainia] aitortza ekitaldi bat egin ziguten. Hangoa da Fernando [Climent]. Gainera, urriaren 19an, Banyolasen [Herrialde Katalanak], omenaldi bat egingo digute Moskuko 1980ko Olinpiar Jokoetan ontzian izan ginenoi. Lauko ontzi lemazaindun batean izan ginen orduko hartan, eta laugarren izan ginen. Moskun erabilitako ontzi hura Universitat Autonoma Barcelonak erosi zuen, eta gure izenekin dute oraindik ere han gordea. Iaz omenalditxoa egin ziguten, eta Banyolaskoa horren jarraipena izango da. Climentekin ia egunero hitz egiten dut telefonoz. Esan daiteke nire bigarren bikotekidea dela.

«Arrauna esfortzu handia eskatzen duen kirol bat da, eta sekulakoa da entrenamenduetan egiten den esfortzuak lehiaketan emaitza izatea»

Loria Los Angelesen lortu zenuen. Aurrez, Moskuko eta Seulgo Olinpiar Jokoetan izan zinen.

Bai, hala da. Moskun laugarren izan ginen, eta 1988an Seulen ez ginen finalerako sailkatu. Climentekin aritu nintzen orduan ere, biko ontzian. Orduko entrenamenduak oso gogorrak ziren. Kilometro asko egiten genituen arraunean, goiz eta arratsalde. Ez genuen aditurik kirolarien elikaduraz arduratzen zenik, ez eta fisioterapeutarik edota sendagilerik ere. Arraun eta arraun egiten genuen sasoian egoteko, besterik ez.

Climent zure ontzikide izatea azken orduko erabakia izan zen.

Erabaki zaila izan zen hura. Jose Ramon Oiartzabal izan nuen ontziko bikotekide 1983ra arte. Patxi Sarasua zen entrenatzailea, eta hark egin zuen aldaketa. Zaila izan zen hura, kirolarien artean beti egiten baitira oso harreman pertsonalak.

Los Angelesen, arrauna altxatu zenuen domina jaso aurretik.

Hemen, Euskal Herrian, arraunean zerbait irabazten dutenen ohitura da hori. Pena da inork ez atera izana une horren argazkirik. Climenti esan nion kontuz ibiltzeko, arrauna aterako nuela, eta apartatu zedila. Azken unera arte ez genuen jakin domina jantziko genuen edo ez. Izan ere, dominak banatzeko ordua iritsi zenean, ikusi genuen ez zegoela inolako mugimendurik, dena geldi zegoela. Asko harritu gintuen horrek, baina bazuen arrazoi bat. Olinpiar Jokoetan, lehen astean egiten dira arraunketako lehiak. Gurea Espainiako selekzioak irabazitako lehen domina izan zen, eta Jose Antonio Samaranchek esan zuen berak eman nahi zigula domina. Nazioarteko Batzorde Olinpikoko presidentea zen Samaranch; buru izendatu berria, gainera. Beraz, hura etorri arte itxaron genuen. Helikopteroan iritsi zen Los Angelestik kanpora zegoen Santa Barbara herrira; han zegoen Casitas lakua, Jokoen arraunerako gunea. Samaranch iritsi arte zain izan ginen denak. «Ea azkenerako kendu egingo diguten...!», pentsatu genuen geure artean. Urrezko domina Errumaniako ontziak irabazi zuen, eta brontzezkoa, Norvegiako bikoak.

(ID_17278993415465) (/EZEZAGUNA)
1984an olinpiar arraunketako zilarrezko domina lortu zuen Luis Mari Lasurtegik, Espainiako selekzioarekin, kide Fernando Climent zuela. Irudian, Lasurtegi eta Climent, lepotik helduta, garaipena ospatzen, 1984ko abuztuan, Los Angelesen (AEB).
Zurrumurruek diote Beverly Hillseko etxe handi batean ospatu zenutela zilarrezko domina. Egia al da?

Bai, hala izan zen. Lehenik, harrera egin ziguten, Santa Barbarako olinpiar hirian, patata tortilla eta ardo pixka batekin. Bilbotar bat zegoen harrera hartan, Los Angelesko unibertsitatean ikasten ari zen bat, eta sekulako etxe batean bizi zen. Gainera, unibertsitateko ikasleak hartzeagatik onura ekonomikoak izaten zituzten hango biztanleek. Bilbotar horren hango tutoreek edo etxe horren jabeek sekulako etxe handi eta dotorea zuten, eta ikasle horrek esan zidan festa bat egitekoak zirela han. Gonbidatu gintuen, eta hara joan ginen. Beverly Hillseko gunerik aberatsenean zegoen etxe hura, Bel Airen. Festan geunden bitartean, Espainiako telebistako kazetari bat zegoen: Rafa Recio. Kaskoak jarri zizkidan, eta esan zidan norbaitek nirekin hitz egin nahi zuela. Nire ama zen. Orduan, Climentek igerilekura bota ninduen.

Pasai Donibanen ere egin zizueten harrera.

Sekulakoa izan zen. Sekulako harrera egin zidaten herrian. Batetik bestera ibili ginen aitortza ekitaldiak eta omenaldiak jasotzen, elkarrizketak egiten... Aparta izan zen.

Arraunketak tradizio handia du Euskal Herrian, baina bertako arraunlarien artean, Olinpiar Jokoetan domina bakarra zurea da, oraingoz. Zergatik?

Oso zaila da jendea tosta mugikorreko arraunketara erakartzea. Batetik, oso kirol garestia da: ontziak eta entrenamenduak egiteko beharrezko direnak ez dira batere merkeak. Bestetik, traineruan arraunean egitea, teknikoki, askoz errazagoa da. Olinpiar arraunketan koordinazio hobea behar da, oreka handiagoa, mugimendu gehiago daude... Arraunak palada bakoitzean egiten duen bidea askoz luzeagoa da. Tosta mugikorrean, giltzarrietako bat hanka onak izatea da, oso gutxi mugitzen baitira traineruan. Gainera, entrenatzeko leku onak behar dira. Olatuekin ezin da tosta mugikorreko ontziekin arraun egin. Hemengo telebistan, kirol espazioetan, ia egunero ematen dute albisteren bat traineruekin harremana duena. Hori gazteentzako erakargarri da, eta horregatik ere erraza da jendea trainerura joatea, aulki mugikorraren kalterako.

Olinpiar Jokoetan ez zenuen urrutira iristerik izan. Kontxan, ordea, bai. Nola oroitzen duzu 1986an San Juanekin Kontxa irabazi izana?

Ezin dira alderatu Los Angeleskoa eta Kontxakoa, baina sekulakoa izan zen Kontxakoa. Nire aita traineruetan ibili zen arraunean, eta, bereziki, hura izan nuen gogoan. Gainera, orduko hartan, San Juan klubak, 25 urteren ondotik, lehen Kontxa irabaztea lortu zuen. Oso polita da Kontxa eta tosta finkoko arraunketa, baina olinpikoarekin alderatuz gero, arras desberdina.

«Oso polita da Kontxa eta tosta finkoko arraunketa, baina olinpikoarekin alderatuz gero, arras desberdina»

Une gozoan da Pasai Donibaneko taldea. San Juaneko gizonezkoen taldea mailaz igo da, eta emakumeen trainerua ere uretan da berriz ere. Poztekoa da, ezta?

Nola ez. Nire klub bakarra San Juan-Koxtape izan da. Beti izan naiz hemengoa. Oso pozgarria da lortzen ari direna. Gainera, arraunlari gehienak etxekoak dira. Beste klub batzuetan ez da hori gertatzen, eta beste batzuek, arraunlarien kuoten arau aldaketarekin, arazoak izango dituzte traineru onak ateratzeko. Asko jarraitzen dut San Juan, lagunak baititut bertako zuzendaritza batzordean. Gizonen traineruko plantillako denek bandera bat irabazi dute gutxienez aurten, eta gehienak sanjuandarrak dira. Hemen, San Juanen, ez dago dirurik. Dugun harrotasunik handiena da arraunlari gehienak Pasai Donibanekoak direla.

Tosta finkoan, emakumeen agerraldi indartsua izan da azken urteetako aldaketa nabarmenetakoa. Nola ikusten duzu hori?

Pozten nau horrek. Orain arte emakumeak ez dira edo ezin izan dira aritu arraunean edo bestelako kiroletan. Batez ere, haiek eman dute aurrerapausoa, bai arraunean, bai eta beste kiroletan ere. Nik nazioarteko lehia askotan parte hartu dut, eta beste herrialdeetako taldeetan beti ikusi ditut gizonak eta emakumeak. Hemen ez zen hala. Beraz, oso garrantzitsua da emakumeek lekua izatea kirol guztietan. Bolada bat izan ordez, egoerak iraunkorra izan behar du, eta, horretarako, laguntza behar dute emakumeek.

MOTZEAN

  • Estropadak ikusteko, zuzenean ala telebistan? Telebistan.

     

  • Arraun egiteko, itsaso barea edo zakarra? Itsaso mugitua hobe. Askoz politagoa da.

     

  • Arraunlari izan ez bazina, zer kirol egingo zenuke? Atletismoa asko gustatzen zitzaidan. Ondo moldatzen nintzen korrika. 400 edo 800 metrokoetan ondo arituko nintzela uste dut.

  • Arraunean egin ondotik indarberritzeko, ura ala garagardoa? Ura. Entrenamendu bakoitzean 3-4 litro likido galtzen genituen... Hori bai, gero garagardoa.

  • Arraunean izan duzun eredu bat? Nire arraunlari garaian, Pertti Karppinen finlandiarra. 1976ko, 1980ko eta 1984ko Olinpiar Jokoetan urrezko dominak irabazi zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.