Kirol eremuko indarkeriak ongi aztertu ditu Ainhoa Azurmendi Etxegarai EHUko psikologia irakasle eta kirol aholkulariak (Hernani, 1978). Hainbat lan eraman ditu kirolean genero ikuspegia txertatzeko, eta arlo horrekin zerikusia duten proiektuak egin ditu; batik bat, nazioarteko erakunde batzuentzat. Gaur egun, kirol elkarteei eta hainbat federazioei aholkularitza psikologikoa eskaintzen die gai askotarikoak lantzeko. Horietako bat da kirol eremuko indarkeria. Horiei kontra egiteko, prebentzio neurrietan «ikuspegi intersekzionala» txertatu behar dela eta, «konpromisoa» aurkitu behar dela azpimarratu du.
Ikusi gehiago
Maskulinitate bortitz batetik egiten dira oraindik kirol jarduerak?
Bai, noski. Ikusten da, oro har, autoritateari oso lotuak direla kirol eremuan diren jarrerak. Helduen eta haurren edota nerabeen artean gerta daiteke indarkeria, baina baita berdinen artean ere. Praktikan oso ohikoa da haur bati gaizki hitz egitea eta oihu egitea. Kasu horietan, haurrei gogor egiten zaie norberak ziurgabetasuna ez galtzeko, autoritatea ez galtzeko. Gainera, haurrek jarrera horiek normalizatzen dituzte, eta arrisku handia ikusten diot normalizazio mota horri. Indarkeria psikologikoek edo fisikoek eragin handia izan dezakete ume baten edo nerabe baten bizitzan.
Badirudi pedagogia eta kirola ezin direla batu.
Lidergo estiloekin lotu behar da ideia hau. Ez da dena orokortu behar, baina badaude entrenatzaile batzuk formakuntza dutenak eta haurrak zaintzen dituztenak. Barneratua dute haurraren garapen holistikoa. Beste batzuek, aldiz, eredu tradizionalari segitzen diote, sinesmenagatik edo emozioen kudeaketa txarragatik. Errealitatea da ikusten duguna, eta nik neuk ikusi izan ditut egoera deserosoak eta mingarriak.
Gurasoei jarrera desegokiak ikusi izan dizkiezu?
Gurasoen jarreraz ari gara hitz egiten duela aspaldi samar, baina ez zait iruditzen aurrerapauso handirik eman dugunik arlo horretan. Batetik, formakuntza bideratu behar zaie gurasoei, eta haiekin lan egin behar da. Baldintza batzuk izan behar dira. Adibidez, zer baldintzatan joan daitezkeen haurrak ikustera. Haurra gurasoek lagundu behar diote garatzen, eta ez kontrakoa. Haien zeregina ez da entrenatzailea ordezkatzea, ezta haren hitza zalantzan ematea ere.
«Haurrari gurasoek lagundu behar diote garatzen, eta ez kontrakoa. Haien zeregina ez da entrenatzailea ordezkatzea, ezta haren hitza zalantzan ematea ere»
Aldagelak ez dira leku seguruak. Telefono mugikorrak erabiltzen dira sare sozialak elikatzeko. Espazio intimoak urratuak dira?
Bai, guztiz. Niri ardura handien sortzen didan gaia da. Kirol klub gehienetan arazoak egoten dira aldageletan. Landu behar da hori. Espazio intimoa da, baina ez du esan nahi espazio sekretua denik. Horri buruz kirol klubetan eztabaidak egoten dira. Ez dakit egokiena mugikorra kentzea den, baina argi daukat lanketa bat egin behar dela. Adibidez, ikusi beharko genuke adin txikikoek zer inplikazio duten, eta haiek ere ardura batzuk hartzea. Nik ezarriko nituzke debeku argi batzuk, oso arau garbiak, kirol eremuko espazioetan indarrean sartuko liratekeenak.
Prebentzio neurriak helduek sortzen dituzte, nagusiki. Haurrak ez dira sekula entzunak.
Gauza funtsezko bat aipatu duzu. Nazioarteko edozein lan begiratzen bada, izan babeserako edo prebentziorako, neurriak diseinatzeko haurren partaidetza kontuan hartu behar dela esaten dute, haurren esperientzietatik abiatuta. Maila desberdinetan izan daiteke. Heldu batzuen ikuspegitik eginak dira legeak. Horrela egin da beti, jakinduria guztia helduek balute bezala. Beldurra dugu boterea galtzeko, baina haurrek eskubidea dute parte hartzeko. Nik lanketak egin ditudanean 12 urteko nerabeekin, gauza interesgarri asko zituzten kontatzeko. Kartulina batzuk eman nituen aldageletara, eta harritu egin nintzen haiek bertan idatzitakoaz.
Haurrekin eta nerabeekin sortu behar dira arauak, orduan?
Bai, haiekin sortu behar dira arauak. Gu oso kontziente izan behar gara zer atera behar den hortik. Ingurune seguru bat sortuz gero, gurekin geldituko dira luzaroan, eta disfrutatuko dute egiten dutenaz, kirolaz. Dena da positiboa.
Eusko Jaurlaritzaren HNIBBILO legean deigarria da genero diskriminazioak ez direla agertzen...
Gaur egungo ikerketek ez dituzte indarkeriak desberdintzen mutilen eta nesken artean. Gero eta gehiago esaten ari dira maila berean direla. Batetik, legeak onartzen du lanketa intersekzionala egin behar dela, eta hori kontutan eduki behar da. Adibidez, FIFAk identifikatu ditu indarkeria arrisku handiena sufri ditzaketen kolektiboak eta, hain zuzen, emakume gazteez hitz egiten du. Oso ingurune maskulinoak arrisku handiagokoak dira indarkeria sufritzeko. Hor lanketa handia egin behar da. Beste ikerlari bati irakurri nion ziberjazarpena jasotzeko arrisku handiagoa dutela emakumeek. Gaur egun aztertzen segitu behar da, eta genero ikuspegi intersekzionala izan behar da. Tradizioz normaltzat jo dira bidegabeak diren jarrerak.
Ingurune seguru bat sortzeko zer kontu nagusi behar genituzke garatu?
Lehenik, konpromisoa egon behar da klubetan. Horren barruan, formakuntza egon behar da, kirolariek eta entrenatzaileek jakin dezaten egoerak identifikatzen. Gainera, oso garrantzitsua da kanal seguruak jartzea, biktima babestua sentitzeko eta haren beharrak erdigunean jartzeko. Funtsezkoa da kanalak seguruak izatea. Bestalde, jokabide kodeak sinatzea beharrezkoa ikusten dut. Ez dira gure iritzien araberako usteak sortu behar. Klubek argi eduki behar dute zer den onargarria eta zer ez.