Ormaiztegiko gazte asanbladako kidea

Sarai Gorostidi: «Oso gogotsu eta urduri gaude; ea dena ondo irteten den»

Ormaiztegiko Harrikalariak gazte asanbladari egokitu zaio aurtengo pregoia jotzea. Gaur izango da festen hasiera ekitaldia, 19:00etan.

harrikalariak
Ormaiztegiko Harrikalariak gazte asanbladako kideak, herriko Zubipe pilotalekuan.
Kerman Garralda Zubimendi.
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Ormaiztegiko Harrikalariak gazte asanbladako kidea da Sarai Gorostidi (Ormaiztegi, 2004). Pare bat urte daramatza elkarte horretan, eta «taldearen berpizkundea» bizi izan duela dio. Egindakoaren aitortza gisa, herriko San Andres jaietako txupinazoa botatzeko ardura izango dute asanbladako kideek gaur, 19:00etan. «Kide guztiak berriak gara honetan, eta ez dakigu oso ondo nolakoa den pregoiaren protokoloa. Baina ondo aterako da».

Prest duzue pregoia?

Oraindik ez [Astelehenean egin zen elkarrizketa], baina badugu ideia bat edo beste.

Zuk idatziko duzu?

Beste kide batek hartu du pregoia idazteko ardura. Baina denon onespena du. Denok egon beharko dugu irakurketarekin ados, eta horrekin joango gara aurrera.

Noiz jakin zenuten pregoilari izango zinetela?

Gazteok harreman estua dugu kultur teknikariarekin, eta hark esan zigun. Gainera, oker ez banago, festak antolatzeko bileretako batean atera zen asanbladako kideok aurtengo pregoilari izateko aukera, eta gainerako elkarteek begi onez ikusi zuten.

Zer sentitzen da halako momentuetan?

Ohore bat da gugan pentsatu izana.

Eta gogotsu zaudete?

Bai. Oso gogotsu eta urduri gaude, baina ea dena ondo irteten den, aurreikusita bezala, arazorik gabe.

Zuretzat zein da festetako unerik bereziena?

Ez nuke bakarra esaten jakingo. Orain arte, Elegante Eguna esango nuke, baina aurtengo festetako lehen egunerako gogo handia dut: areto futboleko txapelketako finala, partaide guztien arteko afaria...

Lehen aldiz antolatu duzue Harrikalariek areto futbol txapelketa.

Bai. Irailean hasi ginen antolatzen, eta ostiralean jokatuko da finala. Herria asko erakarri du horrek, eta ikusle ugari elkartu da partida guztietan. Pozik gaude erantzunarekin.

Elkartu hitza erabili duzu. Denok elkartzea izango da asanbladaren helburuetako bat?

Bai. Areto futbol txapelketak, gainera, adin ezberdinetako jendea elkartu du, eta uste dut jendeak asko eskertu duela antolatu izana.

Prest dituzue Elegante Egunerako jantziak ere?

Bai, prest gaude. Gainera, Elegante Eguneko bazkaria ere guk antolatu dugu.

Zer funtzio betetzen du herrian asanbladak? Urte osoan zer ekintza antolatzen dituzue?

Orain arte soilik festetarako elkartzen ginen, baina iaz beste dinamika bat hartu genuen, eta ekintza gehiago antolatu ditugu: Gazte Eguna, esaterako. Arrakastatsua izan zen, eta aurten ere ospatu dugu bigarrengoz. Zineforuma ere antolatu dugu, kontzertuak, areto futboleko txapelketa...

Zenbat gazte elkartzen zarete asanbladan?

Nahi baino gutxiago. Hogei bat izango gara, gutxi gorabehera. Ez nuke jakingo esaten zehatz-mehatz zenbat garen. Asko gara taldean, baina gutxiago gara bileretara joaten garenak.

Ikusten duzue gehiago batzeko aukerarik?

Asanbladan herriko ia gazte guztiak gaudela esango nuke, era batera edo bestera. Ormaiztegi herri txikia da, eta ez gaude horrenbeste gazte. Gainera, ikusten duzu zure aurreko belaunaldiak ere sartu direla, eta norbera ere inertzia horrekin hasten da.

Zenbat urterekin hasten dira gazteak asanbladan parte hartzen?

Gazteenek 17 urte izango dituzte. Helduenek, berriz, 22 edo 23.

Eta genero ikuspegitik, nolakoa da taldea?

Nahiko parekidea. Kopuruz, antzeko ibiliko gara, baina, beharbada, emakumeak apur bat gehiago izango gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.