Musika

Jon Esnaola: «Orain asko ari naiz idazten, eta, gainera, nahi gabe»

Hainbat obraren egilea da Jon Esnaola musikagilea, eta beste asko ditu egun eskuartean. Ikasturte honetan izen handiko bi sari lortu ditu, 'ADAŔA' eta 'Erro I' lanengatik.

(ID_17149919952715) (/EZEZAGUNA)
Jon Esnaola musikagilea, abenduan, Tolosan, bere estudioan. IÑAKI AYERZA
Tolosa
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Ibilbide oparoa egiten ari da musika munduan Jon Esnaola Agirre musikagilea (Tolosa, 2000). Are, hainbat sarik aitortu diote orain arte egindako lana. Madrildik jaso du aitortza berriki, ADAŔA obragatik. Zarzuela antzokiaren eta Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren III. Konposizio Saria irabazi du lan horrekin, eta, hain zuzen ere, Madrilen entzun ahal izango da beste obra batzuekin batera, maiatzaren 28an, Iberia harizko laukoteak Zarzuela antzokian egingo duen kontzertuan.

Zer esan nahi du Madrilgo aitortzak zuretzat?

Poz handia hartu nuen. Madrilen egongo naizen lehen aldia izango da. Estreinaldi horretarako, sarrerak lortu nahi nituen senideentzat, baina denak agortuta daude. Antolatzaileekin hitz egingo dut, ea bakarren bat lortzerik dudan.

Presiorik sentitzen duzu Madrilgo kontzerturako?

Lasai nago. Zarzuela antzokia oso handia da, baina badakit laukoteko musikariak profesional bikainak direla, eta, beraz, ez dut zalantzarik obra oso ondo interpretatuko dutela. Gozatzera eta esperientzia polit bat bizitzera joango naiz. Nirea asmoa da egun batzuk lehenago joatea da hara, entseguren batera joan, musikariekin egon eta sentipenez hitz egiteko.

Nolako obra da ADAŔA?

Adarra ahoskatzen da; antzinako idazkera erabili nahi izan dut. Zuhaitz baten adar bat haustean sortzen den sonoritatea lortu nahi izan dut. Gainera, hari laukotearen instrumentuak egurrarekin eginak dira. Naturari lotutako obra da ADAŔA, eta, aipatutako sonoritate horrez gain, hostoak zapaltzean ateratzen dugun hotsa edo txorien kantua ere aditzen dira lanean.

Baigorrin egon berri zara, artista gehiagorekin. Zer duzue eskuartean?

Urmugaren aurtengo aldia prestatzen ari gara, Et Incarnatus orkestrarentzat obrak idazten baititut. Horrez gain, mitologiarekin zerikusia duen proiektu oso interesgarri bat ere badugu eskuartean. Bestetik, Nestor Basterretxeari omenaldia egingo diogu bere jaiotzaren mendeurrenean, eta kontzertu bana egingo dugu Arantzazun eta Hondarribian.

«Zuhaitz baten adar bat haustean sortzen den sonoritatea lortu nahi izan dut 'ADAŔA'lanarekin»

2023ko urriaren 9an, zure ibilbide musikaleko hirugarren saria eskuratu zenuen, Italy Percussive Arts Society lehiaketan.

Konposizio mailan saritu ninduten, Igor Arostegi Euskadiko Orkestrako perkusio jotzaileari eskainitako Erro I obragatik. Mundu mailako perkusioko lehiaketarik entzutetsuenetako bat da. Markel Perez lagun eta perkusio jotzaile irurarrak animatu ninduen obra aurkeztera. Hasieran ez nuen izena emateko asmorik, eta, bat-batean, sarituen artean ikusi nuen nire izena.

Otsailean, Erro I obraren partitura liburua argitaratu zenuen.

Bai, Valentziako Tot per l´Aire argitaletxearekin argitaratu dut. Perkusioaren aldeko apustu sendoa egiten dutenez, aukera ona zela iruditu zitzaidan, eta oso gustura nago emaitzarekin.

Zertan datza obra hori?

Instrumentu bakarlarientzako obrak idazteko ideia bururatu zitzaidan. Luciano Berio musikagile italiarrak, adibidez, Sequenza izeneko lana egin zuen, eta hamalau konposizio jaso zituen bertan, instrumentu banarentzat. Instrumentu bakoitza noraino heldu zitekeen esperimentatzea zen haren helburua, eta nik ere erronka horri heldu nion, betiere, euskal tradiziotik abiatuta. Berriki amaitu dut Erro II obra, txistu bakarlarientzat. Leire Retegi txistulariak egin zidan eskaera, eta datozen asteetan interpretatuko du emanaldi batzuetan. Beraz, etengabe garatuz joango den proiektua izango da Erro.

Italiako saria jaso zenuen egun berean, zure lehen lana argitaratu zenuen: Suite Amaiur.

Bai. Biolinerako eta pianorako sortutako zazpi obra txikiz osatutako partitura liburu bat da, Xabier Irujo historialari eta idazlearekin sortua. Josu Okiñenak, nire pianoko irakasleak, Irujok berak ahoz txistukatutako melodia folklorikoak birbidali zizkidan. Nire lana kontzertu baterako horiek transkribatzea izan zen. Denboraz justu ibili nintzen, eta egun bakoitzean obra bat idatzi nuen. Ez dira oso luzeak. Irujok, obra hauek funtzionatzen zutela ikusi zuenean, liburu bat egitea erabaki zuen. Orduan, obrak berriro entzun nahi izan nituen, beharra ikusiz gero partituretan aldaketak egin ahal izateko.

«Musika klasikoan aurreiritzi eta elitismo asko daude, eta presio handia egiten zaigu musikagileoi»

2022an esan zenuen oraindik hasiberria sentitzen zinela eta asko zenuela ikasteko. Gauza bera pentsatzen duzu orain?

Musikeneko konposizio ikasketen lehen mailan nengoen orduan, eta oraindik hasiberria sentitzen naiz. Oso zaila da nork bere buruari musikagile etiketa jartzea. Abesti sinple bat egiten duzunean, musikagilea zara? Bai, noski. Hala ere, norberak bere buruari jartzen dion exijentzia ere garrantzitsua da. Musika klasikoan aurreiritzi eta elitismo asko daude, eta presio handia egiten zaigu musikagileoi. Hala ere, ez dut gehiegi pentsatzen horretan, eta, hala, nire lana gustura egiten dut.

Une oro duzu melodiaren bat buruan?

Bai. Arteak berak inspiratuta idazten dut. Ideiez geroz eta beteago dagoen koaderno bat dut. Halako batean, ideia nahikoa ditudala iruditzen zaidanean, obra nola idatzi pentsatzen hasten naiz. Beste batzuetan, enkarguak izaten dira, eta denbora tarte txikiagoa izaten dut obra idazteko. Etengabe entrenatzen naiz, arteaz elikatuz. Egunero irakurri eta entzuten dut musika, ideiak garatzeko, eta, oraingoz, ez dut arazo handirik izan inspirazioarekin. Orain asko ari naiz idazten, eta, gainera, nahi gabe, gehiegi pentsatu gabe, baina oso gustura nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.