Hiru urte igaro dira Javier Telleria Elorzen (Tolosa, 1958) anaia Juantxo zendu zenetik, baina hark gogoan ditu anaiarekin batera bizi izandako Tolosako inauteriak, baita gurasoekin bizi izandakoak ere. Gaur egun, lagunekin eta ilobarekin batera mozorrotzen da, eta tarte bat izaten du txarangarekin, kalez kale, tronboia jotzeko.
Zer dira zuretzat Tolosako inauteriak?
Ondo pasatzeko helburuarekin herri osoa elkartzen duten festak dira Tolosako inauteriak. Hori lortzea oso zaila da gaur egun. Gure inauteriak oso bitxiak dira, ez dute beste herrietako inauterien antzik.
Eta zerk egiten ditu berezi?
Gauza askok. Batetik, oso zaharrak dira, eta oso hiritarrak. Tolosako erliebe edo kokapen geografikoak asko laguntzen du horretan. Alde Zaharra eta erdigunea elkarrengandik banatuta daude, baina, aldi berean, oso gertu. Bi gune horiek espazio berezi bat osatzen dute, bakarra. Alde Zaharrak giro berezia izaten du urte osoan, baina inauterietan sekulakoa izaten da bertan bizi izaten dena. Beste herri edo hiri batean ospatuz gero, adibidez, ez litzateke gauza bera izango. Herrikoiak ere badira. Jendetza etortzen da inguruko herrietatik, baina horiek ere herritar bihurtzen dira. sanferminetan gauza bera gertatzen da: Iruñekoa ez bazara ere, zapi gorria jantzi, eta bertakoa sentitzen zara.
Beste berezitasunen bat?
Inauterietako zati garrantzitsuetako bat musika da. Daukagun errepertorioa zoragarria da, eta oso aberatsa. Hala ere, beti kexatzen naiz herriko musikagileek kantu berriak sortzen dituztenean. Gehiago ez egiteko esaten diet, nahikoa dela, eta, berriak sartuz gero, errepertorioko zenbait kantu ez liratekeela jo beharko.
«Jendetza etortzen da Tolosara inguruko herrietatik, eta horiek ere herritar bihurtzen dira»
Nola azalduko zenioke kanpotik lehen aldiz etortzen den bati zer aurkituko duen Tolosako inauterietan?
Herriko gaien inguruko mozorroak eta parodiak egiten ditugu. Batzuek, gainera, asko lantzen dituzte. Horrez gain, ikusleekin batera, elkar eragiten saiatzen gara. Ez dira ikusteko festak bakarrik, parte hartzekoak ere badira. Ni, esaterako, ia urtero aritzen naiz ingurukoak zirikatzen, betiere, errespetuz. Beti aholkatzen diot jendeari Ostegun Gizen eta Zaldunita egunetako diana ezagutzera etortzea. Zaldunita egunean, gainera, egun osoan eta herriko edozein txokotan, askotariko ikuskizun eta parodiak izaten dira.
Urtean zehar oso lotsatia denak inauterietan galtzen al du lotsa?
Bai, erabat. Gainera, azken urteetan gora egin du parte hartzeak, eta horrek baditu alde onak, baina baita txarrak ere. Esango nuke orokorrean ikuskizunen kalitateak behera egin duela pixka bat. Eta, beraz, sarien eta diru laguntzen banaketarekin zorrotzagoak izan behar garela iruditzen zait.
Nola gogoratzen dituzu zure lehen inauteriak?
Aita oso inauterizalea zen, eta argi daukat ondorengooi transmititu egin zigula zaletasun hori. Gogoan dut, hark kontatuta, gerraosteko urteetan sekulako mozorroak egiten zituztela, eta, gainera, baliabide oso gutxirekin. Horregatik ere, oso garrantzitsuak dira inauteriak.
Nola aldatu dira ordutik hona?
Garai hartako ohiturak oso bestelakoak ziren, eta emakumeen parte hartzea oso eskasa zen inauterietan. Gure kuadrillan, esaterako, gizonezko helduak bakarrik ateratzen ginen hasieran. Gerora, hobekuntza nabarmena izan dute inauteriek, emakumeen parte hartzea areagotu delako. Bestalde, gaur egun, karroza handiek erabiltzen dituzten musika ekipoak nabarmentzekoak dira. Geroz eta zaratatsuagoak dira, eta ez dira batere mesedegarriak. Inauterien barruan inauteri asko daude, baina elkarri lekua kenduz gero, akabo. Ondo pasatzea eta elkarri enbarazurik ez egitea da garrantzitsuena.
«Inauterien barruan inauteri asko daude, baina elkarri lekua kenduz gero, akabo»
Gaur egun nola bizi dituzu?
Lagunekin eta ilobarekin ospatzen ditut; emaztea ez da oso inauterizalea. Gainera, musikaria naizen aldetik, aurreko asteburutik hasten naiz ikasleen bandarekin eta txarangarekin emanaldiak egiten. Hala ere, nire inauteriak amaitzen ari dira, adinagatik.
Mozorro asko prestatu behar izaten dituzu?
Duela gutxi arte, egun bakoitzerako bat. Lehen, Astelenita egunean anaiarekin batera mozorrotzen nintzen, baina orain txarangan ateratzen naiz.
Nola izaten da prestaketa lana?
Tolosarekin lotura izan dezakeen ideia batetik abiatzen gara, eta astebete lehenago hasten gara dena prestatzen: materiala, ikuskizuna, mozorroa... Mozorroa prestatzeko, ganbarara joaten gara trapu bila. Tolosan oso ohikoa da aurreko urteetan erabilitako trapuekin mozorro berri bat sortzea.
MOTZEAN
Inauterietako egun bat? Ostegun Gizena.
Une bat? Diana; oso herrikoia da.
Mozorro bat? Ez nintzen ni izan, baina Mariano Rajoyrena zoragarria izan zen.
Txaranga doinu bat?Galtzaundi edo Bertso berriac senar emazte batzueri jarriac. Eta, bestela, edozein habanera.
Eguna ala gaua? Eguna.
Zer ez zenuke kenduko inauterietatik?
Txarangak eta inauterietako musika.Eta zer kenduko zenuke?
Karrozetako musika ekipoak. Karroza ibiltariak jarriko nituzke berriro.