Urretxun abian da 36. Mineralogia eta Paleontologia astea, eta Xabier Ormazabal alpinista omendu dute, haren heriotzaren 20. urteurrenean.

Javier Aguado: «Ondo itxi nahi nuen ziklo bat zen Xabier Ormazabali hitzemandakoa, eta oso gustura nago emaitzarekin»

(ID_14375987) Javier Aguado
Javier Aguado, astelehenean, Urretxuko udaletxeko portalean, Xabier Ormazabal alpinista omentzeko zabaldu duten 'Elurretako lehoinabarraren oroitarria' erakusketan. LIDE EGIZALA
Lide Egizala Urteaga.
Urretxu
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Urretxu Euskal Herriko mineralogia eta paleontologiaren bilgune bihurtu da berriro, astebetez. Izan ere, Urrelur Mineralogia eta Paleontologia astea egiten ari dira joan den astelehenaz geroztik. Javier Aguado (Urretxu, 1954) da egitasmoaren aitzindarietako bat, eta, urteek aurrera egin ahala, «gero eta ilusio handiagoarekin» antolatzen duela dio. Ekinbideak 36. aldia du aurtengoa, eta Xabier Ormazabal alpinista urretxuarra omendu dute, hogei urte bete baitira Cho Oyu mendian hil zenetik. Ormazabalek harri bat eramaten zuen etxera igotzen zen gailur bakoitzetik, eta Urretxun Elurretako lehoinabarraren oroitarria erakusketa zabaldu dute hark bildutako harriekin, udaletxeko portalean, Mineralogia eta Paleontologia astearen barruan.

Xabier Ormazabal zena oroitu duzue aurtengo Mineralogia eta Paleontologia astean, haren heriotzaren 20. urteurrenean. Zer harreman zenuen harekin?

Harreman estua nuen Ormazabalekin. Hari elkarrizketa bat egiteko aukera izan nuen bere garaian, eta inoiz ahaztuko ez dudan bitxikeria bat kontatu zidan hark.

Zer kontatu zizun?

Esan zidan igotzen zen mendi bakoitzetik harri bat jaisteko ohitura zuela eta amak txukun-txukun katalogatzen zizkiola gero: mendiaren izena, bereizgarriak, hara igo zen urtea eta altitudea jartzen zizkion harri bakoitzari. Gogoratzen naiz erakusketa bat egitekotan gelditu ginela, bere lehenengo zortzimilakora igotzean bildutako harriarekin eta ordura arte bildutako guztiekin. Xabierrek ilusio handiz hartu zuen proposamena. Zoritxarrez, ez zen gehiago itzuli, bere lehen zortzimilakoaren espedizioan hil baitzen, Cho Oyu mendian. Haren anaia Andoni, Xabierrek eta biok izandako elkarrizketaren testigu izan zen, eta urtero esaten nion erakusketa egin behar genuela. Azkenean egin dugu, bi hamarkada geroago. Ondo itxi nahi nuen ziklo bat zen Xabierri hitzemandakoa, eta oso gustura nago lortutako emaitzarekin.

(ID_14385114) (/EZEZAGUNA) (;)
Xabier Ormazabal alpinista urretxuarra, 2004ko abuztuan, KGB mendian bide berri bat zabaldu ondoren. HITZA
36. aldia du Mineralogia eta Paleontologia asteak. Nola sortu zen ekitaldia egiteko ideia? 

Berez, jatorria, Urretxuko Urrelur mineralogia museoan dago. 1987ko otsailean ireki zuten gaur egun kultur etxea dena, eta hor egiten ziren proiektuen artean, mineralen erakusketa iraunkor bat zegoen. Mineralak nire familiari esker lortu ziren, Nikasio eta Luis Aguado eta Martina Goñiren bitartez. Izan ere, fosilen, harrien eta mineralen bilduma handi bat zeukaten, eta horiekin, publikoari irekitako erakusketa bat egin zuten. Hala sortu zen egun Urrelur izena duen museoa. Astearen sorrerari dagokionez, jendeak museoa ikusten jarraitzeko asmoz sortu genuen. Urtetik urtera ekintza desberdinak antolatzen joan gara: txangoak, umeentzako jolasak, erakusketak... Ohiko ekintzez gain, berrikuntza bat sartzen saiatzen gara urtero. Aurtengoa, Butak 21 zineklubaren partaidetza izan da.

Beraz, familiatik datorkizun afizio bat da mineralogia eta paleontologiarena.

Bai. Batez ere, nire aitak transmititu zidan grina hau. Nik Zuzenbidea ikasi nuen, baina, gaur egun, mineralak, fosilak eta harribitxiak saltzen dituen merkataria naiz. Nire emaztea gemologoa da, eta ni mineraletan eta kristalografian espezializatuta nago, nahiz eta ez daukadan titulu ofizialik. Ikaragarri gustatzen zaidan mundu bat da, eta lan honetan jarduteko aukera izan nuenean, aukera aprobetxatzea pentsatu nuen. Pentsa: 70 urte dauzkat, eta oraindik ez nago jubilatuta, benetan gustatzen zaidan eta betetzen nauen lan bat delako mineralogiarena.

«70 urte dauzkat, eta oraindik ez nago jubilatuta, benetan gustatzen zaidan eta betetzen nauen lan bat delako mineralogiarena»

Egitarau zabala prestatu duzue.

Lehengo larunbatean eman genion hasiera programari. Lehenengo ekintza, irteera mineralogiko eta geologikoa izan zen, Errioxara: Igeara eta Arnedora. Ohi moduan, aste osoan  ikastetxeentzako bisita gidatuak egin ditugu Urrelur museoan, eta igandera bitarte egingo ditugu bisita gidatuak, nahi duen ororentzat. Jarduera horiez gain, haurrentzako mineral eta paleontologia parke bat ere jarri dugu, Iparragirre plazan: meategia dago, urre bilaketa, historiaurreko pintura, eta aurten, estreinakoz, dinosauro jaioberri bat ere badago. Bestalde, esan bezala, edizio honetako berrikuntzetako bat asteazkenean proiektatu genituen bi filmak izan dira: La mina de los dinosaurios eta El misterio de los cristales gigantes. Biak ikusi ondoren, solasaldi bat egin genuen Javier Trueba zinema zuzendariarekin eta Juan Manuel Garcia Ruiz zientzialariarekin. Eta, azkenik, larunbat honetan, Roberto Matiasek Medulak ipar mendebalde iberikoko auriar meatzaritza erromatarrean hitzaldia emango du, Urretxuko kultur etxean, 12:30ean.

Punta-puntako hainbat kirolariren eta zenbait elkarteren laguntza jaso duzue, ezta?

Bai, eta oso eskertuta nago denekin. Izen batzuen artean, hauek azpimarratuko nituzke: Alex Txikon, Jon Mikel Intxausti, Ramon Olasagasti, Carlos Velazquez eta Simon Elias. Bakoitzak bere aletxoa jarri du proiektu honetan, eta haiek gabe ez litzateke posible izango aste hau antolatzea. Gure helburua izan da herriko gainerako elkarteekin lan egitea eta guztien ekarpenak jasotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.