Mitologia

Mitoaldia, «ondareari eusteko»

Mitoaldia ziklo bete-betean daude Ataunen. Gaur zortzi amaituko da, gaueko ibilaldi mitologikoarekin. Euskal mitologia ezagutzea da ekinbidearen helburua, eta herriko Jentilbaratza elkarteak antolatzen du.

(ID_14042098) IX. GAU IBILALDI MITOLOGIKOA ATAUNEN
Ataungo 2022ko Mitoldia zikloko gaueko ibilaldi magikoa. JENTILBARATZA ELKARTEA
Kerman Garralda
Ataun
2024ko uztailaren 6a
05:00
Entzun

Bada ipuinetako herri bat mapetan agertu ere egiten ez dena: Ataun. Goierrin, Aralarren bihotzean, mendi, koba, trikuharri eta abarrez josirik, aspaldidanik egon da murgildua nekazaritza eta abeltzaintza munduan. Kondairak fenomeno naturalei erantzuteko sortu ziren. Hasieran, ahoz aho transmititzen ziren belaunaldi batetik bestera, baina transmisioa eten egin zen toki askotan. Ataunen, ordea, ez. Joxemiel Barandiaranek eta beste hainbat ataundarrek idatziz jaso zituzten ipuin zaharrak, eta gaur egun lan horri jarraipena ematen dio Jentilbaratza kultur elkarteak, Mitoladia zikloarekin, ondareari eutsi nahian. Ekainaren 15ean hasi zen, Jon Maiaren Kantu berri bat gara ikuskizunarekin, eta, orduz geroztik, bi hitzaldi izan dira herrian: Patxi Zubizarretaren Urbanita Jentilaren aurrean eta Asisko Urmenetaren Ni ez naiz sorgina!. Bisita gidatu bat izango da gaur: Agautz eta Leizadiko kobazuloetarako bisita, Ion Fontenlarekin.

«Berrogei urte pasatu dira Mitoaldia lehenengoz antolatu genuenetik: 1980. urtean hasi ginen», esan du Mikel Egiguren Jentilbaratzako kideak. «Lantaldea garatu egin da ordutik, eta eskaintza haziz joan da». Hark dioenez, jentilen etorrera egun bakarreko ekintza izaten zen lehen, eta udazkenean egiten zuten. Udan ere zerbait egiteko aukera sortu zitzaion elkarteari, eta gaueko ibilaldi mitologikoa sortu zuten. «Orain zazpi urte pentsatu genuen ziklo bakarraren barruan sar genitzakeela ekintza horiek, ekintza solteak antolatu beharrean. Hala, Mitoaldia sortu genuen». Euskal mitologiaren gaineko hilabeteko ekinbidea da, eta kontzertuak, hitzaldiak, irteerak eta antzerkia uztartzen ditu.

«Trama bat egongo da, eta, haren bitartez, gure mitologiako pertsonaiak ezagutuko ditugu».

MIKEL EGIGUREN Ataungo Jentilbaratza elkarteko kidea

Hurrengo astean amaituko da zikloa, uztailaren 13an, gaueko ibilaldi mitologikoarekin. Barandiaran museotik San Martingo plazara egingo dute ibilaldia. Bisitariek laminekin, Tortorekin, Basajaunekin eta euskal mitologiako beste hainbat pertsonaiarekin egingo dute topo. «Ez dut esango pertsonaia onak eta gaiztoak daudenik, baina bai zintzoak eta bihurriak», esan du Egigurenek. «Trama bat egongo da, eta, haren bitartez, gure mitologiako pertsonaiak ezagutuko ditugu». Arratsaldean izango dira saiook —19:30ean eta 20:00etan—, eta amaitzerako ilundu egingo du. «Iluntasunak ere ematen dio ibilaldiari bere ukitua. Misterioa areagotzen du, eta beldurrak azaleratu».

Bisitariak

Bi urtean behin egiten dute gaueko ibilaldi magikoa, eta hamargarren aldia izango da aurtengoa. Ehun lagun arituko dira antolaketa lanetan eta antzezten. «Ataunen beti egon da antzerkirako zaletasun handia», adierazi du Jentilbaratzako kideak. «Umeak, gaztetxoak eta ez horren gazteak elkartzen gara. Erreleboa badago». Ikusleen artean, Ataundik kanpokoak ere izaten dira: bereziki, gipuzkoarrak eta nafarrak. «Mitoaldi guztian askotariko bisitariak izaten ditugu, eskaintzaren arabera. Gaueko ibilaldi mitologikoan, adibidez, ikusle asko dira umeak eta gazteak,  bisitari gehienak familian etortzen dira-eta. Oso interesgarria dela iruditzen zaie, eta begiak zabal-zabal eginda erreparatzen diote denari».

Egigurenek aitortu du gustura daudela jasotako erantzunarekin. «Gaur egun, estimulu ugari etortzen zaizkigu kanpotik, era askotakoak. Guk aletxoa jarri nahi dugu gure ondareari eusteko». Nolanahi ere, Jentilbaratzako kideak jakinarazi du ez dela erraza ondareari eustea. «Guk jarraituko dugu. Baikorra naiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.