Proposamena: Hamalu Orduko Ibilaldia

Oinez hasteko ordua heldu da

Igandean egingo da XIV Orduko Ibilaldia, zortzi urte egin gabe egon ondotik. 1.588 parte hartzaile abiatuko dira Tolosatik, eta Aralar mendilerroa zeharkatuko dute.

(ID_13879754) (/EZEZAGUNA) 2016
Zenbait mendizale 2016ko XIV Orduko Ibilaldian, San Migelgo baseliza atzean dutela. IMANOL GARCIA LANDA
Tolosa
2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

Orain ia ehun urte, lagunarteko hizketaldi batetik sortu zen XIV Orduko Ibilaldia, eta igandean hamazazpigarren aldia izango da. Tolosako Aralarko Adiskideak elkarteak antolatzen du mendi ibilaldia. Parte hartzaileek Tolosa izango dute abiapuntu eta helmuga, eta, hamalau orduan, Gipuzkoako eta Nafarroako lurretatik igaroko dira, Aralar mendilerroa zeharkatuz. 68 kilometro egingo dituzte, eta 1.946 metroko desnibel positiboari egin beharko diote aurre. Lau urtetik behin egiten da martxa, baina, COVID-19a tarteko, orain zortzi urte egin zuten azkena.

Aurten 1.588 mendizalek eman dute izena. Haietatik 615 federatuak dira, eta 973, federatu gabeak. Parte hartzaileen %41 emakumezkoak dira. Antolatzaileek diotenez, gipuzkoarrak dira gehienak (%88), eta tolosarren parte hartzea nabarmena da, Tolosako 411 lagun baitaude izena emanda —partaideen artetik, %26 dira—.

Hastapenetatik gaur arte, gorabeherak izan ditu parte hartzeak. Ibilaldia antolatu zen lehen aldian, hamalau mendizale izan ziren, eta aldatuz joan da kopurua; 2000koa izan da orain arte parte hartzaile gehien izan duen aldia: 3.062 mendizalek eman zuten izena. 1972az geroztik, lau urtetik behin egiten da martxa, Olinpiar Jokoen urtearekin bat eginez. Ez zoriz. Izan ere, hala, mendizaleek erraz jakin dezakete noiz izango den hurrengo ibilaldia.

«XIV Orduko Ibilaldian, helmugara iristen diren denak dira irabazle, eta bidean disfruta dezatela; hori da gure filosofia».

URKO ITURBETolosako Aralarko Adiskideak elkarteko lehendakaria

Hamalau orduko martxan, mendizaleek sei anoa postu eta kontrolgune izango dituzte: Uli, Gorriti, Lekunberri, San Migel (Nafarroa), Igaratza eta Amezketa. Parte hartzaileek beren burua identifikatzeko txartel bana izango dute, eta kontrolgune bakoitzean zigilu bat jarriko diete, gunetik pasatu diren ordua adieraziko duena. Aralarko Adiskideak elkarteko lehendakari Urko Iturbek azaldu du antolatzaileek aurrez zehaztuak dituztela leku bakoitzetik igarotzeko gutxieneko eta gehienezko denborak, baina «beti» izaten da denbora horiek gainditu nahi izaten dituen norbait. «Gaur egungo gizarteak estresatzera garamatza, denetan lehenengo izatera eta hori lortzeko borrokatzera, eta guk martxa antolatzen dugu nork bere buruarekin eta naturarekin gozatzeko», esan du elkarteko lehendakariak. «Kontua ez da besteen aurka lehiatzea edo lehenengo iristea. XIV Orduko Ibilaldian, helmugara iristen diren denak dira irabazle, eta bidean disfruta dezatela. Hori da gure filosofia».

(ID_13879755) (/EZEZAGUNA) xiv_orduak1943a
1943ko XIV Orduko Ibilaldian, hiru mendizale helmugan, Tolosako Berazubin, hainbat ikusle begira dituztela. HITZA

Antolatzaileek adierazi dute anoa guneetan ura soilik banatuko dutela, eta, horrenbestez, parte hartzaile bakoitzak etxetik eraman beharko duela janaria. Jon Ander Lardies da anoa eta kontrol guneetako arduraduna, eta esan du aurreko aldiko asmoa zela anoa guneetan ur botilarik ez banatzea eta parte hartzaileek ura iturrietatik edatea. Iturririk ez dagoen lekuetan —San Migeleko gunean, kasu baterako— zisterna bat jartzea otu zitzaien, parte hartzaileek kantinplorak bete zitzaten. «COVID-19a iritsi zen, eta bertan behera geratu zen edizio hura», azaldu du Lardiesek. Aurten, Gorritiko gunean egingo dute proba hori: hainbat hodi lotuko dituzte iturrira, eta, modu horretan, mendizaleek kantinplorak bete ahal izango dituzte aldi berean. Proba baino ez da izango, aztertu nahi baitute ea funtzionatzen duen sistemak eta ea zenbat hodi behar dituzten funtziona dezan. «Mendi martxetako filosofia aldatzen ari da», esan dute antolatzaileek. «Nonahi dago ura edaterik, eta ez dago zertan aritu ur botilak garraiatzen batetik bestera, eta hondakinak sortzen».

«Mendizaleen festa»

Aritz Garaialde tolosarrak bosgarren parte hartzea izango du aurtengoa, eta ez du izena emateko zalantzarik egin. «Aurreko aldietan ikaragarri ondo pasatu dut, eta ez dut bi aldiz pentsatu: XIV Orduko Ibilaldia dator, eta izena emango dut». Kuadrillan parte hartzen dute normalki, eta hainbat lagun apuntatu dira aurten ere. «Gozatu egin dugu aurrekoetan. Ni aisialdi talde batean egon nintzen, orain desagertzera doazen eskautetan, eta txikitatik sartu ziguten mendiaren harra». Garaialdek dio bera ez dela kirolaria; bai, ordea, mendizalea. «Iruditzen zait XIV Orduko Ibilaldia mendizaleen festa bat dela. Hori da niri gehien gustatzen zaidana».

Antolatzaileen esanetan, XIV Orduko Ibilaldia «ez da nolanahiko esfortzua». Horregatik, egunean bertan hartu beharreko neurriei dagozkien aholku batzuk eman dituzte: oinetakorik eta arroparik ez estreinatzea, eta ura maiz edatea, besteak beste. Gaineratu dute azkarregi abiatzeak ez duela inolako mesederik egiten, bidea oso luzea egin baitaiteke. «Nor bere erritmoan joatea garrantzitsua da», esan du Garaialdek. «Ikusi behar da nola erantzuten duen norberaren gorputzak. Errespetua bai, baina ez zaio beldurrik izan behar XIV Orduko Ibilaldiari».

«Aurreko aldietan ikaragarri ondo pasatu dut, eta ez dut bi aldiz pentsatu: XIV Orduko Ibilaldia dator, eta izena emango dut».

ARITZ GARAIALDEMendizalea

Martxaren bukaeran, berritasun bat ekarriko du aurtengo aldiak. Ibilaldia Tolosako Berazubi estadioan bukatzen da urtero, baina aurten Tolosa CF plazan bukatuko da. Helmugara iritsi aurretik azken kontrolgunea pasatuko dute partaideek, txarteleko azken zigilua lortzeko. Behin helmuga igarota, XIV Orduko Ibilaldia amaitu dutela ziurtatuko duen diploma jasoko dute, estadioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.