Proposamena

Oinarripean, irudien ehizan

Azpeitiko Argazki Elkartea da Gipuzkoan argazki rally gehien antolatzen duen taldea. Bost lehiaketa antolatzen ditu: gauekoa, sokamuturrekoa, udaberrikoa, udazkenekoa eta San Tomas egunekoa.

(ID_13576246) (/EZEZAGUNA) 10-2024gautxoripartaidebat
Azpeitiko Gau Txori argazki rallyko partaide bat argazki bat ateratzen, otsailaren 3an, gauez, plaza inguruan. NEREA URANGA
Azpeitia
2024ko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Arratsaldeko zazpiak jo aurretik, dozena erdi bat argazkizale elkartu dira Azpeitiko Argazki Elkarteak Azpeitiko Dinamoa sormen gunean duen egoitzan. Otsailaren 3a, larunbata, IV. Gau Txori Argazki Rallyaren eguna da, eta, inauterien aurreko asteburua izanda, kaldereroen konpartsa atera da kalera. Rallyan parte hartzeko izena eman, kontroleko argazkia atera, eta irudiak ehizatzeko prest dira argazkizaleak. Bost gai jarri dizkiete antolatzaileek: kaldereroak, kontraargia, kalea, zubia eta isla. Gai bakoitzari lotutako nahi beste argazki ateratzeko aukera dute partaideek, baina, gehienez, 36 argazki deskargatu beharko dituzte goizeko ordubaterako, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan. Bost egun izango dituzte parte hartzaileek gai bakoitzeko argazki bat bidaltzeko, epaimahaiak erabakia har dezan. Otsailaren 22an banatuko dituzte sariak, 21:00etan, elkartean bertan.  

Gau Txori rallya Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen duen lehiaketarik berriena da. Estreinaldia ere berezia izan zuen, elkarteko rallyen arduradun Juan Mari Ibarzabalek kontatu duenez: «Ziklogenesi leherkorra iragarri zuten rallyaren egunerako. Ordura arte nik sekula entzun gabe neukan halakorik. Antolatzaileok geure artean aritu ginen hizketan, rallya egin ala ez. Aurrera egitea erabaki genuen. Gainera, rallya egiteko eragozpen gehien ipini zuenak irabazi zuen: Julen Juaristik». Ibarzabalen arabera, parte hartzaileak Aizarna aldera (Zestoa) joan ziren arratsalde hartan rallyko argazkiak ateratzera, eta, esan duenez, haizeteak zuhaitz bat errepidera bota eta Azpeitira itzuli ezinda gelditu ziren: «Egun hartan aizkolarien txapelketa bat jokatzekoa zen Izarraitz pilotalekuan, eta rallyko gaia zen aizkolariena. Aizarnatik etorri ezinik zeudenek zer egingo, eta inguruko baserri batera joan, aizkora eskatu, eta aizkoran ari zirela atera zizkioten argazkiak elkarri. Lehen saria haietako batek irabazi zuen». Izan ere, rallyaren oinarrietan jasota dago «originaltasuna» onetsiko dutela.

«Nuarbeko Ibai Eder urtegiaren inguruan antolatu genuen argazki rallyetako bat, eta partaide batek autoarekin bazter batera erorita bukatu zuen».JUAN MARI IBARZABAL Azpeitiko argazki rallyen arduraduna

Aurreneko gaueko argazki rally hartan ez bezala, gaur egun argazkiek Azpeitian ateratakoak izan behar dute. «Ezustekoak eta halakoak saihesteko da. Izan ere, beste rally bat Nuarbeko Ibai Eder urtegiaren inguruan antolatu genuen, eta partaide batek autoarekin bazter batera erorita bukatu zuen». 

Ibarzabalen arabera, rallyetan argazkilari bakoitzak nahi adina arrisku har ditzake. Horren adibide, gogora ekarri du Azpeitiko inauterietako sokamuturreko rallyan berak izandako «sustoa». «Rallyrako argazkiak ateratzen ari nintzen plazan, eta, ezustean, zezena aldamenetik pasatu zitzaidan; ez ninduen jo, ez dakit nola! Mielito-k [Migel Iriarte] argazkia atera zidan trantze hartan, eta lehen saria jaso zuen. Harrezkero, hesien atzean ibiltzen naiz. Norberak jartzen du arriskuaren neurria».

Ia 50 urte

Igandean, astelehenean eta asteartean jokatuko dute Azpeitiko inauterietako Sokamuturreko 44. Argazki Lehiaketa Imanol Elias saria. Udaberrikoarekin batera, argazki rallyrik zaharrenetakoa da hori. «Imanol Elias zena hasi zen antolatzen, eta aurreneko 25 aldiak hark egin zituen. Ondoren, argazki elkartekook geure gain hartu genuen antolatzeko ardura, eta oinarriak mantendu egin ditugu: sokamuturra da gaia, eta argazkiek zuri-beltzean izan behar dute». 

Sokamuturraren inguruko rallyan, partaide bakoitzak gaiari lotutako bost argazki aurkeztu beharko ditu; paperean eta artxibo digitalean. Inauterietako jai giroari lotutako bi argazki aurkezteko aukera ere izango dute partaideek, baina horiek koloretan izan beharko dute. Otsailaren 22ra arteko epea dute parte hartzaileek lanak aurkezteko. Urteroko ohiturari jarraituz, sariketara aurkeztutako irudien erakusketa bat zabalduko dute martxoaren 2an, eta orduan banatuko dituzte sariak. 

(ID_13576248) (/EZEZAGUNA) 04-2010i.gautxorirallya
Azpeitiko Gau Txori argazki rallyko partaideak, 2010ean, Argazki Elkartean. HITZA

Elkarteak hiru argazki lehiaketa antolatzen ditu urte hasieran. Egin dute Gau Txori lehiaketa, datozen egunetan egingo dute sokamuturraren ingurukoa, eta hurrengoa, berriz, udaberrikoa izango da, apirilaren 7an. Azken horixe da, hain zuzen, edizio gehien duen lehiaketa. «Pandemia garaian ez zen egin, eta aurtengoa 44. aldia izango da. Nik ateratako datuen arabera, 1978an antolatu zuten aurrenekoz». Ibarzabalek azaldu duenez, Gipuzkoan udaberriko rallya antolatzen bigarrenak izan ziren Azpeitian. «Aurrenekoa Donostian antolatu zuten, baina hurrengoa gurea izan zen. Donostiatik Alberto Ibarburu zena etorri zen Azpeitira argazkilaritzako ikastaroak ematera, eta saio haietan parte hartu zuten Angel Rodriguezek, Juan Joxe Agirrek, Larri-k [Javier Ruiz de Larrinaga]... Ondoren, Harkaitza elkartean hasi ziren elkartzen, Iñaki Aranbururen bidez, eta han eman zituzten Azpeitiko Argazki Elkartearen lehen pausoak».

Udazkenean ere antolatzen du lehiaketarik elkarteak herrian. «Ordu aldaketak egiten diren asteburuan ez, hurrengoan antolatzen ditugu udaberrikoa eta udazkenekoa». Urteko bosgarren eta azken lehiaketa, berriz, San Tomas egunean egiten dute. «Gazta, ardoa...; horiek izaten dira egun horretako sariak», dio Ibarzabalek. Jai giroan eta herriko festei lotuta egiten dituzten argazki lehiaketek «artxiboa osatzeko» balio dietela azaldu du Azpeitiko Argazki Elkarteko rallyen arduradunak. Aurreko asteburuko Gau Txori argazki lehiaketan ehizatutako kalderoen irudiak ere baliagarri izango zaizkie «artxibo dotorea handitzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.