Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko presidentea da Sabin Urzelai (Caracas, 1955). Azpeitiarra du ama, eta azkoitiarra aita, baina Donostian bizi da. Azaldu du gazte askok ez dakiela odol beharrean dagoen jendea dagoenik, eta «kostatu» egiten dela haiengana iristea. Hain zuzen ere, elkarteko kideak arduratzen dira unibertsitateetan informazio hori emateaz, eta Urzelaik esan du gazteek odol gehiago ematen dutela helduek baino.
Odol emateen kopurua gutxitu ohi da udan. Aurten ere hala gertatu al da?
Etxeko kontu korrontearekin gertatzen den bezala gertatzen da. Uda hasieran diru pixka bat izaten dugu oporretara joateko, eta uda bukatzen denean, irailean, berriro aurrezten hasi behar. Abuztuan jende gutxiagok eman ohi du odola, baina Gipuzkoan beste urteetan baino hobea izan da aurtengo uda.
Abuztuan odol gutxi ematen bada, aurreko hilabeteetan bildutako odolak ez al du balio urte sasoi horretarako?
Ez. Izan ere, egun batzuk pasatuz gero, odola galdu egiten da. Globulu gorriak 42 egunetan galtzen dira, eta plaketak, zazpi egunetan. Ekainean odol pila bat aterata ere, abuzturako galduta dago hori. Eta abuztuan ere berdin-berdin egoten da odol beharra.
«Abuztuan jende gutxiagok eman ohi du odola, baina Gipuzkoan beste urteetan baino hobea izan da aurtengo uda»
Zer egoeratarako behar izaten da odola?
Lehen, batez ere, larrialdietan eta istripuen ostean behar izaten zen. Orain, zorionez, egoera horietan ez da hainbeste behar izaten, istripu gutxiago izaten direlako eta ebakuntzetan ere askoz odol gutxiago erabiltzen delako. Lehen, aldakako ebakuntza bat egiteko lauzpabost odol poltsa behar izaten ziren, eta, orain, kasu askotan, ez da odolik behar izaten. Halere, gero eta gehiago dira gaitz kronikoak dituztenen beharrak; jendeak anemia kronikoak ditu, minbiziarekin ere odola behar izaten da... Biztanleria zahartzen ari den heinean, gero eta gehiago dira behar kronikoak. Plaketak ere gero eta gehiago behar dira: leuzemia kasuetan, kimioterapia edo erradioterapia hartzen dutenek... Era berean, gero eta gehiago behar dira immunoterapia egiteko medikazioak, eta hori odolaren plasmatik ateratzen da. Beraz, odol emailearen profila ez da aldatu, baina bai hartzailearena.
Zer odol behar da gehien?
Kolore gorria duen denak balio du... [barreak]. Baina egia da 0- dela guretzako onena, odol mota guztientzako balio duelako.
«Odola ematen den bakoitzean, ume bati, gazte bati edo heldu bati bizitza salbatzen zaio»
Gazteak animatzen al dira odola ematera?
Gazte askok ez dakite odola falta denik; lehen, irratian eta egunkarian esaten genuen odola falta zela, eta denek jakiten zuten, baina, orain, kostatu egiten da gazteengana iristea. Dena den, informazioa dutenek ondo erantzuten dute. Gipuzkoan, 18 eta 24 urteko gazteen artean, ehun biztanletik zortzi emakume dira emaileak, eta gizonak, sei. Adin guztiak kontuan hartuta, ehun biztanleko ez gara hiru emailera iristen. Beraz, proportzioan, gazteek odol gehiago ematen dute helduek baino. Baina haiengana joaten gara, unibertsitatera, Lanbide Heziketara... 24 urtetik 30 edo 35 urte artera arte egoten da etena; jendeak utzi egiten dio adin horretan odola emateari, baina gero berriro hasten dira. Egia esan, ez dut uste arazorik izango dugunik hurrengo belaunaldia odol emaile izateko.
Zer esango zenioke odola emateko zalantzan dagoenari?
Odola ematen duten gehienek berriro ematen dute, eta, mingarria edo kaltegarria balitz, inork ez luke berriro emango. Adibide bat jarriko dut: haur bat itsasoan itotzen ari dela ikusten baduzu, ez duzu hura laguntzera joateko zalantzarik egingo, laguntzera joango zara, eta, zuk salbatu badiozu bizitza, beti kontatuko duzu hori lortu zenuela. Odola ematen den bakoitzean, ume bati, gazte bati edo heldu bati bizitza salbatzen zaio. Odola ematea da norbaiti bizia salbatzeko erarik azkarrena.