Nola aldatu gara? diskoa kaleratu du Eider Saezek (Lazkao, 1998), bakarkako ibilbidean atera duen bigarrena. Lanean bere «bidaia pertsonala» irudikatzen duten zortzi kantu bildu ditu. Musikaren munduan murgildu zenetik gaur arte izandako «aldaketa pertsonalaren gogoeta» egin du abeslariak. Beti egin nahi izan duen diskoa da Nola aldatu gara?, eta esan du emaitzaz «oso harro» dagoela. Azaroan eman zuen lehen kontzertua, eta, hainbat oholtzatan izan ondotik, Errenterian izango da bihar 20:00etan, Lekuona fabrikan.
Nola aldatu gara?beti egin nahi izan duzun diskoa dela diozu. Zergatik da hain berezia zuretzat?
Lehen aldia delako argi izan dudana zer egin nahi nuen: zer soinu mota nahi nuen eta zer kontatu nahi nuen. Oso gustura gelditu naiz emaitzarekin, eta lehenengo aldiz disfrutatu egin dut prozesuaz, hasieratik bukaerara arte. Nire ikuspuntua hasieratik oso ondo ulertu duten ekoizleekin egin dut lan, eta ezetz esaten ikasi dut. Zerbait gustatzen ez bazitzaidan, argi eta garbi esaten nuen. Horregatik esaten dut hau dela beti egin nahi izan dudan diskoa, oso argi nuelako hau zela egin nahi nuena. Eta, orain, musikalki berriz jaioko banintz bezala sentitzen dut.
Zer kontatu nahi izan duzu kantuetan?
Negua abestiarekin hasten da diskoa, eta zera esaten du: «Galdetzen badidazu noiz arte iraungo duen negu honek/ betiko lekuetan galduko garela badakizu». Hurrengo zazpi abestietan, galdu naizen lekuei buruz hitz egiten dut; burura etorri zaizkidan kezkez eta hausnarketez, alegia. Azkeneko abestiak <3 izena du, eta amaiera bat ematen diot diskoak kontatzen duen bideari. Abesti horretan esaten dut eskertzea dela gelditzen zaidan gauza bakarra; batez ere, etxekoei eta ingurukoei, emandako laguntzagatik.
«Oso argi nuen hau zela egin nahi nuena, eta, orain, musikalki berriz jaioko banintz bezala sentitzen dut»
Zure aldaketa pertsonala islatu nahi izan duzu?
Bai. Nire bidaia pertsonal bat irudikatzen du. Disko oso pertsonala da: uste dut inoiz ez naizela hain zaurgarri agertu kantuan. Asko kostatzen zait gauzak azaleratzea, eta abesti hauetan dago esan nahi nuen guztia.
Nola definituko zenuke diskoa hitz batean?
Iluna dela esango nuke. Abestiak ez dira ilunak, baina hitzak nahiko ilunak izan daitezke. Entzule batzuentzat beste batzuentzat baino ilunagoa izan daiteke, hitzek eramaten dituzten lekuaren arabera.
Bakarkako ibilbidean atera duzun bigarren lana da. Salto handia nabaritu duzu batetik bestera?
Lehenengo diskoa EP bat zen, disko labur bat, eta nire orduko helburua esperimentatzea zen. Talde batean egon nintzen lehenago, eta gero atera nuen bakarkako disko esperimental hori. Aurretik egin nuen bidea apurtu eta gogoeta egin nahi nuen: zer egiten ari naiz, zer gustatzen zait egitea, zer soinu mota gustatzen zaizkit eta zer egiteko gai naiz. Nik nahi nuena egin nahi nuen, baina ez nekien oso ondo zer zen egin nahi nuena. Madrilera joan nintzen, jende berriarekin lan egiteko eta hemendik ateratzeko. Iruditzen baitzitzaidan oraindik gauza asko nituela kontatzeko, eta, agian, kontatzen nituen gauzekin jendea identifikatuta senti zitekeela. Hori ateratzeko beharrak eraman nau disko berria ateratzera.
Bigarren diskoa gehiago landu dut. Kontzeptu bat dauka, sakonagoa, eta askoz ere koherenteagoa da soinu aldetik. Abesti guztiak desberdinak dira, bakoitzak istorio bat kontatzen du, baina hari berari jarraitzen diote. Hau da nire lehen disko luzea, eta horregatik ere bada egin nahi nuen diskoa. Lan hau atera aurretik, esaten nuen argitaratutakoan lasai egingo nuela lo, esan eta egin nahi nuen guztia baitago hor. Niretzat egin dudan disko bat da, ni lasai gelditzeko eta zera esan ahal izateko: «Hau da emateko dudana».
Zergatik du Nola aldatu gara? izena?
Egia esan, asko kostatu zitzaidan izenburua jartzea. Ez nekien nola laburbildu titulu batean abesti hauetan esaten dudan guztia. Konturatu nintzen abestietan zenbat aldatu naizen kontatzen dudala, eta hitz egiten dudala musikan hasi nintzenean kantatzera ausartuko ez nintzen gauzez. Argi nuen izenburuak galdera formatua izan zezala nahi nuela, eta irekita utzi dut galdera, entzuleek diskoa entzuten dutenean hausnar dezaten.
«Musikan hasi nintzenean kantatzera ausartuko ez nintzen gauzez hitz egiten dut abestietan»
Diskoa entzun dutenek zer esan dizute?
Oso eskertuta nago jaso ditudan mezu guztiekin. Ez nuen espero halakorik. Zera pentsatzen nuen: «Nik aterako dut eta ea zer iruditzen zaion jendeari». Egia da jendeari asko gustatu zaiola. Esan didate soinu aldetik eboluzio bat nabaritzen dela, eta, hain justu, hori da nahi nuena. Beraz, ezin dut gehiago eskatu.
Azaroan hasi zinen neguko biran.
Egia esan, izugarrizko gogoa nuen diskoa ateratzeko eta abesti hauek zuzenean abesteko. Zuzenekoa oso polita geratu zaigula uste dut, oso koherentea eta nolabait gidatzen zaituena. Kontzertuetan disfrutatu egin nahi dut, eta ikustera etortzen den jendeak ere gozatzea gustatuko litzaidake. Nire helburua da kontzertuetan beste unibertso txiki batean sartzea eta hortxe egotea kontzertuak iraun bitartean.