Elkarrizketa

Jakoba Errekondo: «Nire kontsultategiak lagundu du emakumeek landareei buruz duten jakintza plazaratzen»

Jakoba Errekondo paisajistak gurasoei eta amonari ikasi zizkien baratzea zaintzeko hamaika trikimailu. Haiei ikasitako horietatik abiatu, eta jendeak lurrari buruz dituen zalantzak argitzen ditu egun hedabideetan.

(ID_14011819) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-06-24, Usurbil.  Jakoba Errekondo, agronomo eta paisajista
Jakoba Errekondo, astelehenean, Usurbilen, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiban. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Usurbil
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Usurbilgo Baserritarren Kooperatiban jarri dute hitzordua Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak (Usurbil, 1961) eta kazetariak. Errekondok, bide batez, erosketa txiki bat egiteko aprobetxatu du, eta, egunkari paperetan bilduta, autoan utzi du erositakoa. «Igoko gara bulegora?», esan dio kazetariari. Eta bulegoko mahaiko paperak bazter batean utzita ekin diote hizketaldiari. Orain urte asko egin zen kooperatibako bazkide. Hango lehendakari ere aritu zen, eta batzordeko kide da egun. «Hitzordua taberna batean jarri baino nahiago nuen hemen gelditu». Irailean 30 urte beteko dira Argia astekarian landareen, paisaien, baratzeen eta lorezaintzaren gaineko artikuluak idazten hasi zela, eta, hilabete berean, 40 urte izango dira Euskadi Irratiko Landaberri saioan hasi zenetik. Zuzeneko kontsultategi bat egiten du irratiko saioan, eta jendeak lurrari buruz dituen zalantzak argitzen ditu. 2016az geroztik, gai horiei buruzko argibideak ematen ditu Bizi Baratzea webgunean, eta 10.000 harpidedun baino gehiago ditu.

Zein da paisajista baten lana?

Teorian, paisajista da paisaia sortzen duena. Paisaiaren arkitektoa. Arkitekto batek eraikinak, plazak eta halakoak egiten dituen bezala, guk paisaiaren kontzeptua daukagu. Gauza globalago bat da, nolabait: baso bat, sagasti bat, baratze bat, lorategi bat, poligono industrial bat... Horiek paisaiak dira. Guk, normalean, landareekin egiten diren paisaiak sortzen, mantentzen edo berreskuratzen egiten dugu lan. Horren barruan, badira paisaia berriak sortzeko espezializatuta daudenak, eta nire espezialitatea, berriz, paisaia kulturala da. Alegia: gure kulturak, gure komunitateak, bere garapen historikoan, kulturalean edo ekonomikoan egin dituen paisaia horietan nago espezializatuta.

Bizi Baratzea webguneak dio Euskal Herriko aditu handienetako bat zarela landareen eta gizakien arteko harremanari dagokionez. Zein da landareen eta gizakien arteko harremana?

Horixe da paisaia kulturala. Guk, gizakiok, harremanak ditugu landareekin. Toki bakoitzak landare batzuk edo besteak ditu gogoko; klimaren, lurraren eta kulturaren arabera. Euskal kulturak dauzka bere landare kutunak, dauzka ikusi ezin dituen landareak, pozoitsuak kontsideratzen dituenak, txarrak kontsideratzen dituenak... Erabat kulturala da harreman hori. Nik lantzen dudana da nola eraiki den paisaia kultural hori eta nola iraun duen inguruko lurrek eman dutenarekin. Begira, nik beti adibide bera jartzen dut: Kantauri osoan, hasi hemendik eta Galiziako puntaraino, antzeko baldintza ekologikoak ditugu, baina paisaia kultural oso desberdinak daude. Ez da gauza bera paisaia kultural euskalduna, asturiarra edo galiziarra. Toki batzuetan landare batzuk erabili dira, eta beste leku batzuetan, beste batzuk. Oso antzekoak dira landare horiek, baina ez dira landare bera. Hori da, beraz, gizakiok landareekin daukagun harremana.

Denborarekin aldatzen den harreman bat da?

Etengabe berritzen dira harreman horiek. Adibidez: esan dezakegu euskal kulturako landare garrantzitsuenak artoa, babarruna, mahatsa eta piperra direla. Horiek denak kanpotik ekarritakoak dira, kontzienteki. Orain 10.000 edo 7.000 urte argi zegoen gauza asko kanpotik ekarritakoak zirela, baina hurbiletik ekarritakoak ziren gauza gehienak. Gaur egun oso kontziente gara oso urrutitik ekartzen ari garela produktuak. Orain, adibidez, ahuakate landaketak jartzen ari gara. Edo kiwiak: badakigu orain dela 50 urte landatu zirela lehenengo kiwiak eta kanpotik ekarri zirela. Eraikuntzarako materialarekin gauza bera gertatzen da: hemen badaukagu egurra, baina urrutitik ekartzen dugu. Oso mundu dinamikoa da; etengabe aldatzen eta berritzen den harreman bat da gizakion eta lurraren artekoa.

Eta zuk zer harreman duzu lurrarekin?

Handia. Ni horrekin itsututa bizi naiz. Toki batera joaten naizenean, landareak besterik ez ditut ikusten. Etengabe ari naiz horretan lanean: baratzeetan, soroetan... Lurrarekin lan egiten duen jendea oso espezializatuta dago gaur egun: zereala egiten duenak zereala egiten du, mahastiak dauzkanak mahatsa lantzen du edo behiak dauzkanak belardiak lantzen ditu. Ni horiei guztiei begira nago, ikuspegi orokorrago batetik. Oso interesgarria da, ikusten ditudalako esparru bateko eta besteko elkarrekintzak. Orain dela berrehun edo hirurehun urteko baserrietan hala zen: baratzea oso garrantzitsua zen, soroak garrantzitsuak ziren, belazeak ere bai, sagastiak ere bai..., horietatik ateratzen baitzituzten produktu guztiak. Gaur egun zer egiten dugu? Kamioi bati deitu produktu horiek ekartzeko, eta, hala, basoa ahaztuta daukagu. Badirudi gaur egun ez dugula basoaren energia behar. Murritza da gaur egungo nekazarien ikuspegia, eta nik orduko ikuspegi harekin jarraitzen dut.

Nondik datorkizu lurrarekiko harreman hori?

Umetatik. Lurrarekin harremana zuen jendearekin bizi izan naiz beti. Gure aitak egurrarekin egin izan du lan: basora joan, egurra ekarri, zerratu... Niri izugarrizko atentzioa ematen zidan horrek: enbor huts batetik nola eraiki daitekeen etxe bat. Gure amona, berriz, Donostiara joaten zen barazkiak eta esnea saltzera. Izugarrizko baratzea zeukan, eta ikaragarri gustatzen zitzaidan hari laguntzea. Asko ikasten nuen amonarekin. Oharrak hartzen nituen hari ikasitakoetatik. Gainera, gure ama eta gure etxe ondoan bizi ziren izebak oso lorezaleak izan dira beti. Beraz, gai horietaz blaituta egon naiz txiki-txikitatik.

«Landareak zaintzeak ateratzen gaitu eguneroko bizimodu asto honetatik eta erakusten digu badirela bizitzeko beste abiadura batzuk»

Agronomia ikasketak egin zenituen.

Bai, Lleidan [Herrialde Katalanak]. Urtebete egin nuen han, eta Iruñean jarraitu nuen ikasketekin. Konturatu nintzen ez zuela merezi ikasketa horiekin jarraitzea, eta Ingeniaritza Teknikoa gradua atera nuen orduan. Hortxe gelditu nintzen, ikusten nuelako zein zen panorama.

Nolakoa zen?

Eskasa, oso eskasa. Horregatik utzi nuen, eta berehala hasi nintzen lanean, Gureak-en.

Zer lan egiten zenuen han?

Desgaitasuna dutenek egiten dute lan Gureak-en. Garai hartan tailerretan bakarrik egiten zuten lan, eta bururatu zitzaien lorezain talde bat sortzea, udaletan edota etxe pribatuetan lan egiteko. Horrek ahalbidetu zuen pertsona horiek tailerretatik atera eta toki publikoetan lan egitea. Prozesu horretan parte hartu nuen nik, Gipuzkoan, hamar bat urtez. Zerainera joan nintzen gero, lanera. Ekonomia ruralak ondare kulturalean zer eragin duen aztertzen ibili nintzen, proiektu potente batean, 22 urtez.

Jasangarritasunaren alde egin duzu beti. Pertsona batek zeri begiratu behar dio jasangarria izateko?

Bere bizimoduari. Egiten dugun gauza bakoitzaren atzean zer dagoen jakitea, hori da gakoa. Eta hori denok dakigu. Beste gauza bat da hori kontzientziara ekartzen dugun edo horren jakitun egonda ere tapatzen saiatzen garen. Begira: Euskal Herriaren urrats ekologikoa, momentu honetan, 3 da, eta horrek esan nahi du Euskal Herrian bizi garenok daramagun bizimodu honi eusteko hiru Euskal Herri beharko genituzkeela.

Eta horrek zer esan nahi du?

Gure bizimodu honek behar duela beste bi Euskal Herri lapurtzea nonbait, ez baitugu ordaintzen behar den bezala. Horren kontzientzia izan behar dugu. Orduan, garraioa, oporrak, kontsumo eroa..., horiek denak zaindu beharko genituzke. Hautu bat da, azken finean. Hala ere, jasangarri izan nahi badugu, uste dut oso garrantzitsua dela elikaduratik hastea.

Zergatik?

Elikadurak asko laguntzen duelako horretaz jabetzen. Eta behin jabetuta, askoz ere errazagoa da jasangarritasun hori beste esparruetara zabaltzea.

Nondik hasi behar du pertsona batek, elikadurari dagokionez, jasangarri izateko?

Urrutitik datozen produktuak jateari uzten. Bertakoa eta garaikoa kontsumitzean dago gakoa. Adibide bat emateagatik: garai honetan, ekainean, sagar bat jaten duena astakeria bat egiten ari da; izan ere, pentsatu behar dugu sagar hori lehengo urteko irailean edo urrian jasotakoa dela, edo, bestela, orain bi hilabete ekoitzitakoa izan daitekeela, baina Txilen, Argentinan edo Hego Afrikan. Bulego batera joanez gero, ohikoa da ikustea langile bat ordenagailu baten aurrean, aldean ur botila bat eta sagar bat dituela, gauzarik naturalena eta ekologikoena balitz bezala, baina langile horrek ez daki zenbat pozoi irentsiko duen sagar hori janda. Pentsa: udazkenean jaso zen sagar hori, eta distiratsu eta tente dago oraindik.

Uste duzu jendeak baduela horren kontzientzia?

Txikia. Baina gero eta handiagoa. Ni aspaldi nabil kontu honi bueltaka, baina esango nuke azken hamar urteetan hobetu dela egoera. Eskoletako jantokietan ari da mugitzen bertakoa eta garaikoa kontsumitzeko kontzientzia. Administrazioaren lana da gakoa honetan guztian, eta gure lotsarako, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa oso-oso-oso gaizki ari da, nire iritziz. Oraindik jarraitzen dugu nekazaritza industrialarekin, produktu kimikoekin... Hori al da guk bultzatu nahi duguna? Lan handia egin behar du administrazioak horretan.

Azken hilabeteotan mobilizazioak egin dituzte hainbat nekazarik. Aipatzen dituzunak kontuan hartuta, zer etorkizun du sektoreak?

Nik uste dut badagoela etorkizuna sektore horretan, baina bakoitzak aukeratu behar du zer nekazaritza mota egin nahi duen. Mobilizazio horietan nekazariek eskatu duten gauza printzipalenetako bat da egin beharreko izapideak murriztea. Ikaragarriak dira egin beharreko papeleo guztiak. Nik uste dut, herri bezala, ahalegin handi bat egin behar dugula horretan.

(ID_14021718) (Juan Carlos Ruiz/Argazki Press) Rueda de prensa ofrecida en Zubeta en la que personas conocidas de distintos ámbito...
2007an, Zubietako (Donostia) errauste plantaren aurka helegitea aurkeztu zuten Zubieta inguruko hainbat herritarrek; tartean, Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista. Hainbat kulturgile, kirolari eta politikari izan ziren aurkezpenean. Irudian, Joxe Mari Agirretxe, Joseba Tapia, Xabier Mikel Errekondo eta Jakoba Errekondo, 2007ko martxoaren 29an, Zubietan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Urte askoan aritu zara landareei buruz idazten. Besteak beste, etxeko landareei buruzko liburu bat atera zenuen orain lau urte. Zer esanahi du landare batek etxe batean?

Bizilagun bat da. Zer da katu bat etxe batean? Gauza bera edo garrantzitsuagoa da landare bat. Hasteko, oxigenoa ematen digulako. Konpainia ematen digu. Ardura handia da landare bat izatea etxe batean, eta lan handia ematen du. Seme-alabak balira bezala zaindu behar dira. Adibide bat jarriko dut: abenduan letxuga landare bat landatzen denetik jaten den arte, lau hilabete pasatuko dira; abenduan landatu eta Aste Santuan egongo da jateko moduan. Ez da hilko, hazten joango da, pixkanaka. 120 edo 150 egunetan haziko da guztiz. Bitartean, letxuga hori landatu duenak pasatu ditu egun horiek guztiak letxugari begira. Ikusi du letxuga hazten, lau hilabete luzetan. Nik, urtero, letxuga eramaten dut Durangoko Azokara, jendeari erakusteko zer lan ematen duen letxuga bat ekoizteak. Izan ere, jende askok ausardia dauka azokara joan eta baserritar bati letxuga erosten dionean prezioa regateatzekoa. Ez dira konturatzen zer egiten ari diren. Baserritar horrek lau hilabete pasatu ditu letxuga horri begira, bezeroari kalitatezko letxuga bat emateko. Landareak zenbat eta hurbilago izan, orduan eta gehiago jabetzen gara horretaz.

Landareak zaintzeak ateratzen gaitu eguneroko bizimodu asto honetatik eta erakusten digu badirela bizitzeko beste abiadura batzuk. Horregatik diot funtzio handia betetzen dutela etxe batean.

Etxe bateko landareek zer esaten dute bertan bizi denaz?

Dena. Baratze bat oso autobiografikoa da, ondo erakusten baitu nolakoa den jabea. Berdin produzitzen du, baina ez da gauza bera. Nirea, adibidez, zabar samarra da, baina asko esaten du niri buruz. Balkoi batean, berdin. Etxe barruko landareei dagokienez, emakumeek lan handia egiten dute horiek zaintzen. Ikaragarria da nola zaintzen dituzten etxeko landareak.

Begira: laguna dut Andu Lertxundi, eta kontatu zidan bere emazteak egunero zaintzen zituela etxeko landareak, hitz egiten ziela. Emaztea hil zenean, Anduk galduta ikusi zuen bere burua, landare horiek guztiak begira-begira zituelako, noiz ureztatuko. Orduan konturatu zen zer garrantzia zuten landare horiek emaztearentzat. Hori askotan gertatzen da. Nire kontsultategiak lagundu du emakumeek landareei buruz duten jakintza hori harrotzen eta plazaratzen. Lurrari buruz badakien jendea gutxietsi egin da beti, eta horri gehitzen zaio lurrari buruz gehien dakitenak emakumezkoak direla. Gizonezkoek lan handia egingo dute baserrietan, baina baratzea zaindu eta egunero jaten ematen dizuna emakumea da.

Baserri batetik begiratuta ikusten dugun paisaia osoan dauden gauzak daude gure baratzetan, eta hori guztia zaintzen duenak izugarrizko jakintza dauka. Gure amonak, gure amak eta gure etxeetako emakumeak aritu dira horretan, eta horrek balio handia du.

«Ardura izugarria da nire kontsultategira jotzen duen jendeak dituen galderei erantzun bat eman behar izatea»

Besteak beste, landareak dituzu hizpide Euskadi Irratian egiten duzun kontsultategian eta Argia astekariko artikuluetan. Nola hasi zinen lan horretan?

Herri Irratian hasi nintzen lehenago. Josetxo Lizartzak Herriko taberna izena zuen saio bat egiten zuen han, bazkalondoan. Saio horretan hasi nintzen parte hartzen, ostiraletan. Pare bat urte egingo nituen. Gerora hasi nintzen Euskadi Irratiko kontsultategiarekin. Irail honetan hasiko dugu 40. denboraldia, eta Argia-n idazten dudan artikuluak, berriz, 30 urte beteko ditu. Urte borobila bietan. Egia da hasieratik hona asko aldatu dela Euskadi Irratiko kontsultategia.

Zer bilakaera izan du?

Hasieran oso dei gutxi izaten ziren. Gainera, oso galdera arruntak egiten zituzten: perrexila noiz erein, geranioa nola zaindu... Orain, berriz, deitzen didate zera galdetuz: «Aizu, Tibouchina semidecandra bat oparitu didate. Nola zaindu behar dut?». Asko aldatu da panorama. Lehen testuak prestatzen nituen saiorako, eta bizpahiru galdera erantzuten nituen. Orain zeharo desberdina da kontua: landareen argazkiak bidaltzen dizkidate Whatsappez, zalantzak galdetzen dizkidate... Bonbardaketa bat da. Lehengo larunbatean, adibidez, 30 bat galdera geldituko ziren erantzun gabe.

Nolakoa da zure kontsultategira jotzen duen jendea?

Gaur egun, zorionez, ezagutzen dugu elkar. Bizi Baratzea liburua atera nuenean, izugarrizko iraultza izan zen. Aurreneko urtean ia 160 aurkezpen egin nituen, pentsa. Orduan, noski, jendeak nigana jo zuen. Durangoko Azokak ere asko laguntzen du horretan, jendearen eta nire arteko elkargune bat bihurtu baita. Mundu guztiak daki ni han egongo naizela egunero, goiz eta arratsalde, eta nigana etortzen dira, edo etxetik ateratzen ez den amona ekartzen dute nirekin argazki bat ateratzeko.

Ederra izango da hori zuretzat...

Oso ederra. Hunkigarria da. Jende hori guztia nik esaten dudanaren zain dagoela pentsatze hutsak hunkitzen nau. Urte askoren ondoren jabetu naiz horretaz. Ardura izugarria da, era berean, jende horrek dituen galderei erantzun bat eman behar diedalako. Baratzerik ez daukan jende askok esan dit: «Nik ez daukat baratzerik, baina oso gustura entzuten zaitut irratian: gaiengatik, hizkuntzarengatik...». Hitzaldiak ematen ditudanean beti-beti-beti amaitzen dut hitz berriren bat jakinda. Esaten didate: «Zuk horrela esaten duzu hitz hau, baina guk, hemen, hala esaten dugu». Eta asko ematen dit niri horrek. Bizi Baratzea webgunearen lemak jasotzen du hori oso ondo. Bizi Baratzea, garaian garaikoa garaiz da leloetako bat, eta eman eta hartu da bestea. Oso garrantzitsua da hori niretzat: ematea eta hartzea.

MOTZEAN

Zure kontsultategira jotzen dutenak, gehiago dira emakumezkoak ala gizonezkoak?
Emakumezkoak eta gizonezkoak. Orain hogei bat urte gizonezko askok deitzen zuten, baina orain, agian, gehiago izango dira emakumezkoak. Gainera, askotan, emakume batek deitzen duenean, aldamenean entzuten dugu gizona emazteari zer galdetu behar duen esanez.

Hasi berri da uda. Zein da udan jan beharreko baratzeko jaki bat?
Piperra, zalantzarik gabe. Piper mota asko daude Euskal Herrian, desberdinak, eta toki bakoitzean garatuz joan direnak historikoki. Gainera, gure gastronomian garrantzi handia izan du piperrak.

Eta lorategiko lore bat?
Larrosaren garaian gaude orain. Clematisa ere asko gustatzen zait, baina udako lorea, zalantzarik gabe, dalia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.