Lau urte eta erdi inguru zituela eman zituen lehen pausoak gorputz adierazpenean Garazi Egigurenek (Tolosa, 1992). Gimnasia erritmikoan trebatu zen lehenik, eta Alurr dantza taldearen emanaldi batek txundituta, euskal dantzaren eta garaikidearen arteko nahasketan murgildu zen ondoren. Hainbat proiektutan parte hartu du ordutik. Besteak beste, Kuban izan da berriki, Ines Osinaga abeslariaren proiektu batean.
Zer da dantza zuretzat: afizio edo ofizio?
Beti sentitu dut dantza niretzat afizioa dela. Bere garaian, unibertsitateko ikasketak hasi aurretik, casting batzuk egin nituen Madrilen, Londresera ere joan nintzen uda batez... Baina zintzoa izanda, ez daukat izugarrizko talentua. Oso gaztetatik apustu egin duten dantzari talentudun asko daude, eta oso urruti nago haiengandik. Grina badut, baita sortzeko gogoa ere, baina oso garbi dut zein diren nire mugak. Horrez gain, ez nuen galdu nahi dantzak ematen didana: plazera, deskonektatzeko espazioa, aske sentitzea, mundu berri batean murgiltzeko aukera...
Eta ofizio bihurtzeak hori galtzea ekarriko luke?
Ofizio bihurtuko balitz, xarma hori galduko luke, bai. Gaur egun, erritmoa mantentzeko gai ez naizela sentitzen dudanean, jaits dezaket erritmoa, baina jabetzen naiz bide hori hartu izan banu ezingo nukeela horren aske izan. Horrez gain, konturatu nintzen bizitzako momenturik txarrenean dena uzteko gai izan nintzela: ikerketaren arloa, bizilekua, geografikoki beste toki batera joan bainintzen... Dantzan, ordea, jarraitu nuen. Orduan konturatu nintzen dantza niretzat terapia moduko bat ere badela, eta, askotan, ahoz esan ezin ditudan gauzak, barruan gordeak ditudanak, transmititzeko eta askatzeko modu bat dela. Aurrerantzean ere horrela izatea nahi dut. Beraz, afizioa da.
Dantzatzea, beraz, beste modu batera adierazi ezin daitezkeen gauzak adierazteko modu bat izan daiteke?
Dantzan egiten dudanean, bai emanaldietan eta bai entseguetan, konturatzen naiz mugimendu batzuekin hitzez esan ezin ditudan gauza horiek adierazten ari naizela. Erronka ere bada. Esaterako, Kimua dantza kolektiboarekin esku artean daukagun ikuskizunean landu behar izan dugu nola adierazi gorputzaren eta mugimenduaren bidez generoaren auzi nagusi eta korapilatsu hori. Ariketa oso polita izan da. Azken batean, gorputz adierazpenak, dantzak, mugimenduak... Badaukate transmititzeko modu edo gaitasun zuzen eta zintzo bat, zeina barrura iristen zaizun. Behin ikusle batek esan zidan: «Garazi, zuen dantza tripan sentitzen nuen, barruan». Eta horixe gertatzen zait niri ere. Dantzak barrua mugitzen dit, eta barrutik ateratzen zait.
«Oholtzara zerbait eskaintzera ateratzen naiz, eta horrek, beti ez baina askotan, bat egiten du barrena hustearekin».
Nola lor daiteke mugimenduek emozioak transmititzea?
Duela gutxi irakurri nion koreografo bati, gaur egun konpainia askotan ikusten dituela mugitzaile zoragarriak, gorputzaren kontrol izugarria duten profesionalak, baina pertsona ez duela ikusten, sentimenduak ez dituela ikusten. Hain justu, nik ere nire gertukoekin izan dut artearen inguruko eztabaida. Nik sentitzen dut arteak, zentzurik izatekotan, zerbait transmititu behar duela; eta transmisio hori lortu eta landu daiteke, baina, batez ere, sentitu egin behar duzu. Etengabeko ariketa bat da.
Eta sentimendurik ez badago?
Sentimendurik ez dagoenean, hor bukatzen da. Izan zaitezke akrobata oso on bat edo sekulako dantzaria. Baina, niretzat, beste zerbaitek ere egon behar du. Ariketa bat egin behar da, eta hein handi batean da zeure buruarekin zintzoa izatea. Zure buruari galdetu behar diozu zer kontatu nahi duzun, zer sentitzen duzun, zer adierazi nahi duzun... Adieraztekorik ez badaukazu, agian, ez du zentzurik egiten ari zarenak. Egin zenezake, noski; eta gertatzen da, ziurrenik...
Noizbait sentitu duzu dantzatzeko grina galdu duzula?
Gogoan dut duela urte batzuk gertatu zitzaidala halako zerbait. Egon zen momentu bat emanaldi asko genituena, eta... Taulara igo aurreko tximeleta moduko horiek itzaltzen sentitu nituen, eta sekulako negargura sentitu nuen. Sentimendu hori bukatzen bazait, honek ez du zentzurik izango. Atseden hartu behar izan nuen, eta, zorionez, itzuli zitzaidan grina. Dantza ofizio izango banu, ez nukeen atseden hartzerik izango. Ez nuke hori gertatzerik nahi.
Gaur egun dantza ogibide izan al daiteke?
Bai, posible da dantzatik bakarrik bizitzea. Inguruan badut apustu hori egin duen lagunik, eta oso-oso ondo ari dira. Posible da, baina aztertu behar da baldintzak zein diren ere. Oraindik ez zaio baliorik aitortzen dantzak eta, oro har, kulturak gizarteari ematen dionari. Askotan, ez zaio balioa ematen artista horiek egiten duten lanari. Gustuko badute ere, ez dugu ahaztu behar pertsona horiek ibilbide bat egiten ari direla, eta haien denbora eta bizitza eskaintzen diotela horri. Gustuko duten horren atzean daude entseguak, lesioak, batetik bestera egindako kilometro pila bat... Hori dena ez da ikusten, eta ez da merezi bezainbeste aitortzen. Dantzaz bizi daiteke, bai, baina gehiago iruditzen zait biziraun egiten dela lanbide artistiko hauetan. Izan ere, hilabete bukaerara iritsi nahi baduzu, bestelako lan batzuekin osatu behar da dantzari ofizioa. Pena handia da hori.
«Zoragarria izan da Kubako esperientzia, eta benetan eskertu nahi dut Ines Osinagak eta bizitzak emandako aukera eta opari eder hau»
Lehen aipatu duzu zuretzat afizioa dela dantza. Zein da zure ofizioa?
Biokimika ikasi nuen, gero biomedikuntzako masterra, eta, ondoren, bigarren hezkuntzako irakasle izateko beste master bar. Asko gustatzen zait irakaskuntzaren mundua; bai dantzan, bai eta nire ikasketa arloan ere. Tolosako ikastetxe batean irakasle bat behar zuten, justu, nik masterra bukatu eta hurrengo ikasturterako, eta horrelaxe hasi nintzen. Deskubrimendu bat izan da, nik ez bainuen ezagutzen lanbide heziketako mundua. Gainera, ikastetxe horretan hasieratik nabaritu nuen gauzak aldatzeko gogoa; horrekin sentitu nuen bertan irakasle izan nintekeela, eta, gaur egun, nire beste pasioetako bat da irakaskuntza. Aurten, bederatzigarren kurtsoa izango dut ,goi mailako osasun arloko zikloetan irakasle gisa, eta, azkenaldian, berrikuntza proiektuen kudeaketan ere banabil.
Dantzak badu interpretaziotik ere. Pertsona bera al zara kalean eta oholtza gainean?
Ez dakit ezberdinak diren; bakoitzaren izaera atal ezberdinek osatzen dute. Testuinguru batzuetan, nire izaeraren zati batzuek hartzen dute indarra, eta beste batzuetan, aldiz beste batzuek... Baina dena naiz ni. Oholtzara noanean ere ni naiz: nire historiarekin, nire bizipenekin... Duela gutxi gertatu zait: Generorantz laneko atal batean hunkitu, eta negarrez hasi nintzen. Ez zen oholtza gaineko Garazi; Garazi zen, eta da. Oholtzara zerbait eskaintzera ateratzen naiz, eta horrek beti ez, baina, askotan, bat egiten du barrena hustearekin. Une horietan pizten zaizkizu zure bizitzako hainbat bizipen, eta interpretazioarekin bat egin dezakete edo ez. Uste dut gu geu garela oholtza gainean ere.
Joan den urrian Kuban izan zinen, Ines Osinagaren proiektu batean. Nola sortu zen elkarlanerako aukera?
Imajinatu ere egingo ez nukeen amets bat bat-batean bizitzea izan da. Gogoan dut, bideodei bat izan genuela hasieran, eta ohar batzuk hartu nituen bertan: momentuan otutako desioak eta ametsak. Aurreko batean Inesek eta biok zera esan genion elkarri: «Koaderno horretako gauzak egia bihurtzen ari zaizkigu!». Hasieran, batez ere, prentsatik eta sare sozialetatik jarraitzen nion Inesi, eta luxua izan da hura sakonago ezagutuz joan ahal izatea. Haren historia, bidea, proiektua... are hunkigarriagoa iruditu zitzaidan hala. Inesek duela urtebete bakarkako lana grabatu zuen, eta Kubara joan zen, hango musikariekin grabatu nahi zituelako abesti horiek. Joseba Sarrionandiarekin batera duen ikuskizuna Andoainen egiten ari ziren, eta haiekin kolaboratzen ari nintzela galdetu zidan ea berekin Kubara joango ote nintzatekeen. Eta nik baietz, noski!
Zer nabarmenduko zenuke esperientziatik?
Abestietako hitzak Kuban idatzi zituen Sarrionandiak, eta Inesek kantuak hangoen ahotsetan jarri nahi zituen. Nik ere ikusten nuen ariketa bera egin behar nuela dantzarekin, eta, horretarako, harremanetan jarri nintzen Habanako Rakatan dantza konpainiarekin. Hasieratik laguntzeko prest azaldu ziren, eta gero izugarria izan zen: sekulako talentua zuten, berehala ulertu genuen elkar. Oso-oso erraza izan zen. Gainera, paregabea izan zen musikariak eta dantzariak ezagutzea: haien egoerak, zailtasunak, istorioak... Zoragarria izan da, eta benetan eskertu nahi dut Ines Osinagak eta bizitzak emandako aukera eta opari eder hau. Ezagutu ditudan pertsonak eta harremanak zaindu nahi ditut, eta, haiek niretzat eta nire ametsentzat egon diren bezala, espero dut alderantziz tokatzen denean dagokion mailan egotea.
MOTZEAN
Dantza estilo bat? Euskal dantzaren eta garaikidearen arteko nahastea.
Dantzatzeko abesti bat? Ines Osinagaren Txalupa.
Entzuteko abesti bat? Ines Osinagaren Dena aldatzen da.
Emanaldi baten aurretik ohiturarik? Aktibo egon behar dut, mugimendu dinamikoak egiten. Generoan dantza emanaldiko bertsoaren zati bat abesten dugu beti denak batera.
Eta emanaldi ostekorik? Besarkadak ematea nire ondoan dantzan aritu direnei eta musikariei.
Dantza egitea eragotziko lizukeen zerbait? Lesio bat; eta lesioak edukita ere, dantzatzen saiatzen naiz. Eztabaida baterako emango luke honek, baina lesio bat izan dudan bakoitzean geldirik egon izan banintz...