Errenteria izan da bizitegi merkatuaren arabera Hego Euskal Herrian tentsio eremu izendatu duten lehen udalerria. Hala adierazi zuten Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak iazko urriko agerraldi batean. Neurria urtarrilean argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta orduan sartu zen indarrean. Halere, Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioaren esperoan segitzen dute, ez baitago zehaztua erreferentziazko prezioen indizea; beraz, ezin dizkiete etxejabe handiei eta lehen aldiz merkaturatzen diren etxeei dagozkien mugak aplikatu. Errenteria eta Lasarte-Oriako alkateek diotenez, tentsio eremuaren izendapenarekin batera zehaztu beharko litzateke prezioen indizea, baina esan dute ez dakitela noiz izango den hori. Udalerri horiek ez ezik, Zumaia eta Irun ere berdin daude.
Ikusi gehiago
Tentsio eremuek zenbait neurri hartu beharko dituzte etxebizitzaren merkatuari dagokionez. Hasteko, etxejabe txiki eta handiak bereiziko dira. Bi aukera ematen ditu legeak: etxejabe handiak hamar etxetik gora dituztenak izan daitezke, edo bost baino gehiago dituztenak, udalerri bakoitzaren arabera. Neurri zehatzei dagokienez, batetik, ohiko bost urteko alokairu kontratua amaitzean, eta hiru urtez luzatzeko ohiko aukeraren ondoren, kontratua beste hiru urtez luzatu ahalko da baldintza berberetan; bestetik, kontratu berrietan aurretik egindako kontratuaren baldintza berak errespetatu beharko dira, eta, beraz, ezingo da kontratua amaitzean etxearen errenta igo.
Horrez gain, etxejabe handiek alokatzen dituzten etxeek gutxieneko eta gehieneko errenta mugak izango dituzte, eta tentsio eremuaren izendapena ofizial egitean, haiek behartuta egongo dira indarrean dauden kontratuak eguneratzera. Gainera, lehen aldiz merkaturatzen diren etxeek eta azken bost urteetan alokatu gabe egon diren etxeek ere mugak izango dituzte prezioei dagokienez.

Horretarako, erreferentziazko prezioen indizea zehaztu behar du Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak berandu bidali zituen beharrezko ziren datuak, eta atzeratu egin da prozesua. Hortaz, tentsio eremu izanik ere, etxejabe handiei oraindik ezin dizkiete dagozkien mugak aplikatu. Errenteriako alkateak kontatu du udalerria tentsio eremu izendatu zutenerako espero zutela indizea zehaztua egotea, baina egun oraindik ez dutela berririk.
Etxebizitza planak
Otaegik azaldu du «konplexua» dela etxebizitzaren egoera, eta neurri bakar batekin ez dagoela «errealitatea aldatzerik edo iraultzerik». Horregatik, garrantzia eman dio tentsio eremuaren izendapenarekin batera «bestelako neurriak» martxan jartzeari: «Etxebizitzak eraiki behar dira, eta birgaitze politika sendo bat behar da etxebizitza parkea baldintza onetan mantentzeko. Garrantzitsua da etxebizitza hutsak mobilizatzea, eta, funtsean, etxebizitzek duten bizitzeko erabilera babestea». Gainera, Errenteriako alkateak uste du turismora bideratutako etxebizitzak «mugatu» egin beharko liratekeela.
«Garrantzitsua da etxebizitza hutsak mobilizatzea, eta, funtsean, etxebizitzek duten bizitzeko erabilera babestea»AIZPEA OTAEGIErrenteriako alkatea
Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak ere esan du erreferentziazko indizeen prezioa zehaztu ez duten arren udalak abiatu duela aurrez diseinatutako etxebizitza plana. Lehenik, etxebizitza parkeari aterabidea ematea dute asmoa; horretarako, alkateak azaldu du etxea hutsik duten jabeei diru laguntzak emango dizkietela eta Alokabideren bitartez alokatzeko aukera sustatu nahi dutela: «Etxe hutsak dituzten jabeak konbentzitu nahi ditugu, etxebizitza parkea eskuragarri egon dadin», esan du Valdiviak. Horrez gain, hitzeman du gazteentzako 88 zuzkidurazko etxebizitza eraikiko dituztela, baita alokairurako ehun etxebizitza publiko ere —horietatik berrogei etxebizitza produktibo izango dira—.
«Orokorra da arazoa, baina gazteek are baliabide gutxiago dituzte etxebizitza bat eskuratzeko»AGUSTIN VALDIVIA Lasarte-Oriako alkatea
Gainera, Lasarte-Orian erabilpenik ez duten pabiloiez osatuta dagoen auzo bat biziberrituko dutela jakinarazi du alkateak; bertan, bederatziehun etxebizitza eraikiko dituzte, eta horietatik 360 babes ofizialekoak izango dira. Valdiviak adierazi duenez, bi multzotan egongo dira bereiziak: «Erdiak alokairuko etxeak izango dira, eta besteak, etxebizitza tasatuak». Alkateak aitortu du amorrua ematen diola pentsatzeak bere seme-alabek ere beste herrietan egin beharko dutela bizia. «Lasarte-Oriako biztanleriari aukera bat eman behar diogu bertan bizitzeko».
Biztanleria kaltetua
Errenteriako eta Lasarte-Oriako alkateek gazteengan jarri dute arreta. Hain zuzen, Valdiviak adierazi du etxebizitzaren arazoak biztanleria osoari eragiten diola, baina gazteak direla «gehien sufritzen» dutenak. «Buruntzaldean gaude gu, eta bertako biztanleria langileriak osatzen du, batik bat; hortaz, orokorra da arazoa, baina gazteek are baliabide gutxiago dituzte etxebizitza bat eskuratzeko». Errenteriako alkateak, emantzipatzeko adinean dauden gazteak aipatzeaz gain, familia zaurgarrienak ere izan ditu hizpide: «Gazteek eta diru sarrera gutxien dituzten familiek dute zailtasun gehien etxebizitzari dagokionez», esan du Otaegik.
Biek ala biek baieztatu dute etxebizitzaren arazoa udalerriaz gaindikoa dela, eta tentsio eremu izendatzeko eskaera egitera animatu dituzte ingurukoak. «Tentsio eremu izendatzeak arazo bat dagoela islatzen du; beraz, ez da zoriontsu egoteko arrazoi bat, eskertua egoteko arrazoi bat baizik», uste du Valdiviak.