MALENTXO ZEBERIO ETA MAITANE IRUIÑ: «Musikak plaza bat ematen dizu: jendeak entzun egiten zaitu»

Popa, folka eta elektronika estiloen artean dabil Mirua Tolosako taldea. Euskal Herrian ez da ohikoa izan horrelako musika, baina hirukoteak bide berriak zabaldu ditu.

(ID_17126475156445) (/EZEZAGUNA)
Malentxo Zeberio eta Maitane Iruiñ, Mattin Zeberio atzean dutela. MIRUA TALDEA
jone arruabarrena
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Euskal musikaren panoraman kuriositatea piztu du azkenaldian Mirua taldeak. Ez da gutxiagorako; euskaraz ezohikoak diren soinuak nahasten ditu: poparekin, folkarekin eta elektronikarekin esperimentatzen ari da Malentxo (Tolosa, 2001) eta Mattin Zeberio (Tolosa, 1999) anai-arrebek eta Maitane Iruiñek (Tolosa, 1999) sortutako hirukotea. Ahotsa jartzen dute Iruiñek eta Malentxo Zeberiok, eta baseak sortzen ditu Mattin Zeberiok. Gazteako Harrobi saria irabazi zuten 2021ean, eta horrek aukera eman zion taldeari Oso Polita diskoetxearekin beren lehenengo EPa grabatzeko. Bigarren diskoan lanean dabiltza orain.

Musika beti egon da zuen bizitzan?

MAITANE IRUIÑ: Bai. Nahiko ibilbide antzekoa daukagu Malentxok eta biok. Musikaren munduan ibili gara beti. Ni, lehenengo, musika eskolan biolina jotzen hasi nintzen; ondoren, baita orkestran eta ikastolako koruan ere; eta, gero, Euskal Herriko Gazte Orkestran sartu nintzen Malentxorekin batera. 

MALENTXO ZEBERIO: Mattin eta biok musikari familia batetik gatoz. Aita musikaria dugu, eta amak ere musikaren munduan lan egin izan du. Ia-ia denak musikariak ditugu, eta txikitatik izan dugu lotura hori.

Nola sortu zenuten taldea?

IRUIÑ: Malentxok eta biok proiektu akustiko bat hasi genuen gure kantu propioekin. Helburu jakinik ez zuen, baina gure barruko ezinegon horiek azaleratu nahi genituen. Etxean entseatzen genuenean, espazio berean geunden Mattin eta hirurok, eta hark beste ideia guztiz ezberdin bat zuen esku artean. Musika elektronikoa entzuten eta aditu bihurtzen ari zen pixkanaka. Momentu jakin batean, bi proiektuei puntu amankomun bat ikusi genien, eta erabaki genuen, inongo pretentsiorik gabe, elkarrekin zerbait egitea. Eta horrela sortu zen Mirua.

ZEBERIO: Etxean entseatzen geundela sortu zen ideia; egongela nork erabiliko zuen eztabaidatzen ari ginen, eta azkenean esan genuen: «Eztabaidatu ordez, egin dezagun zerbait batera».

Nondik dator taldearen izena?

ZEBERIO: Asko kostatu zitzaigun izena aurkitzea. Abesti pare bat geneuzkan grabatuta, ateratzeko zorian, baina ez genuen izen egokirik aurkitzen. Gaztea lehiaketako maketa lehiaketara beste izen batekin aurkeztu ginen, behin-behineko izen batekin. Halako batean, Maitaneren bikotekidearen baserrian geundela, ikusi genuen miru asko zebiltzala hegan, eta orduan oso garbi ikusi genuen Mirua izena zela egokia guretzat. 

IRUIÑ: Sonoritate aldetik asko gustatzen zaigu hitza. Jendeak teoria asko egin du izenaren inguruan, baina oso sinplea izan da kontua: hitza gustatzen zaigu, eta kitto.

«Esan genuen: hau euskaraz ere egin daiteke, eta ez gara gutxiago euskaraz egiteagatik».

MALENTXO ZEBERIOMirua musika taldeko kidea
Egiten duzuen musika ez da oso ohikoa izan Euskal Herrian. Nondik edaten duzue musika egiteko orduan?

ZEBERIO: Hasieratik, Mattin ibili izan da musika elektronikoarekin eta beste musika mota batzuekin esperimentatzen. Azkenaldian hasi dira musika estilo ezberdinetako gauzak ateratzen, baina pandemiaren ondoren izan da hori. Gu sortzen hasi ginenean, ez zegoen askorik. Guri entzutea gustatuko litzaigukeen musika sortzen saiatzen ginen, lehen ez zegoelako aukerarik horrelako musika euskaraz entzuteko. Esan genuen: «Hau euskaraz ere egin daiteke, eta ez gara gutxiago euskaraz egiteagatik».

IRUIÑ: Garrantzitsua izan da begirada zabaltzea eta harago joatea, Euskal Herria eremu geografiko mugatua baita. Musikaren aldetik beti da interesgarria munduan gertatzen ari dena entzutea. Horrek ere ematen dizkizu zuk egin nahi duzun horretarako baliabideak, eta asko zabaltzen dizu irudimena, erreferenteak zabalagoak diren heinean. Guretzat hori beti izan da oso inportantea; momentuko artistak ezagutzea, eta hori gaur egungo testuinguruan ulertzea.

Beraz, hautu kontziente bat izan da euskaraz kantatzea?

IRUIÑ: Gure kasuan, naturalki ateratzen zaigun zerbait da. Gure ama hizkuntza euskara da, eta gure harremantzeko modua beti izan da euskaraz.Hala ere, badauka militantzia puntu bat ere. Jende askok esaten digu gazteleraz edo ingelesez egingo bagenu askoz jarraitzaile gehiago izango genituzkeela eta errazagoa izango litzatekeela musikaz bizitzea. Baina gu modu naturalean ateratzen zaigun hori egiten saiatzen gara musikalki, eta baita hizkuntza aldetik ere. Nik ez dut neure burua irudikatzen gazteleraz abesti bat idazten. Ez zen hain gurea izango. Uste dut zuk zurea sentitzen duzun zerbait egin behar duzula, eta gure hizkuntza euskara da.

Estilo asko nahasten dituzue. Nola definituko zenukete zuen burua?

ZEBERIO: Geroz eta genero gehiago ukitzen ditugu. Beti sailkatu izan gaituzte pop-folk-elektronika gisa, baina ez daukagu asmorik, gaur-gaurkoz behintzat, estilo bakar batera mugatzeko. Gure izaera bilatzen gabiltza, esperimentatzen.

«Bertan dauden artistak elkarlanean aritzen diren momentutik, hor dago euskal eszena».

MAITANE IRUIÑMirua musika taldeko kidea
Zer mezu helarazi nahi duzue zuen letrekin?

IRUIÑ: Azkenaldian garrantzi handia eman diegu letrei eta hitzei. Musikak plaza bat ematen dizu: jendeak entzun egiten zaitu. Egia da gure lehenengo lan horretan gehiago erantzun geniela gure momentuko pentsamenduei, baina orain lantzen ari garen disko berri honetan kontzeptu finkoago bat sortu dugu; beste modu batean ari gara lanean. Badago mezu jakin bat, oraindik esango ez duguna, baina ildo jakin bat hartzen duena. Ideia batzuk ordenatzen saiatzen ari gara, eta koherente izaten esan nahi dugun horrekin.

Gazteako Harrobia saria ere irabazi zenuten, eta horrek eman dizue EP bat sortzeko aukera. Zer ate zabaldu dizkizue zirkuitu horretan sartzeak?

ZEBERIO: EP hori atera nahi genuela garbi genuen. Sari hori irabazteak bultzada eman zigun, asko erraztu zigun bidea, baina guk lana berdin-berdin atera nahi genuen. Oso Polita diskografikak ere ate asko zabaldu dizkigu; batez ere, promozio aldetik. Esaterako, Hoferekin bira bat egiteko aukera izan dugu, eta Bartzelona eta Madril bezalako lekuetan jotzeko aukera ere bai.

Hainbat kolaborazio ere egin dituzue. Beharrezkoa da artisten arteko lotura hori?

IRUIÑ: Tatxers taldearen Goizean Oskorri kantua hiruroi gustatzen zitzaigun, eta erabaki genuen bertsio bat egitea. Malakiasekin egindako abestia ere oso modu naturalean irten zen. Twitterren iruzkin bat jarri zigun, eta guri ere pila bat gustatzen zitzaigun haren lana. Eta Kiliki Frexkorekin ere badaukagu abesti bat. Orokorrean, kolaborazioak gaur egun askoz naturalago ateratzen dira. Gainontzeko artistekin konektatzen zaitu, eta hori oso inportantea da eszena bat egon dadin. Bertan dauden artistak elkarlanean aritzen diren momentutik, hor dago euskal eszena, eta elkarren berri dakiten momentutik; garaian garaiko ezinegonak partekatzeko espazioak sortzen direnean.

Zer proiektu dituzue aurrera begira?

ZEBERIO: Diskoa sortzen ari gara. Ideia nahiko garbi bat daukagu egin nahi dugunari buruz, baina horrek, era berean, esan nahi du ez daukagula ezer presaka ateratzeko asmorik. Benetan gustatzen zaigun zerbait atera nahi dugu, nahiz eta horrek denbora gehiago eman. Oraindik ez dakigu zehazki noiz aterako dugun, baina uda ondoren izango da ziurrenik. Lehentasuna eman nahi diogu kalitateari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.