Elkarrizketa

Kaki Arkarazo: «Musika ekoizle bat artistek uzten dioten lekuraino sartzen da proiektu batean»

Soziologia ikasten hasi bazen ere, ikasketak utzi, eta musikari eman zion denbora gehien Kaki Arkarazo musika teknikari eta ekoizleak. Horretan dabil gaur egun ere, Andoaingo Garate estudioan.

Kaki Arkarazo, asteartean, Andoaingo Garate Studiosen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Kaki Arkarazo, asteartean, Andoaingo Garate Studiosen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Andoain
2024ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Kazetaria Andoaingo Garate baserrira iritsi orduko atera da barnean zen zakurra ongietorria ematera, zaunkaka. Haren atzetik atera da Kaki Arkarazo musikari eta ekoizlea (Lazkao, 1961). «Sartu, sartu», esan du. «Justu kantu bat egiten ari nintzen». Bertan du estudioa, eta horixe du lanleku azken 24 urteetan. Betaurrekoak jarri, aldean duen baxua esku artean hartu, eta aurrean dituen notei jarraikiz, kantua grabatzen segitu du. Ehunka artista pasatu dira estudio horretatik, eta asko eta asko egonaldiak eginak dira, diskoak grabatzeko.

Zer lan egiten du musika ekoizle batek?

Oso lan zabala da. Kontsumitzaileen gustura egiten den lan bat da, azken finean. Askotan, taldeak dena eginda ekartzen du hona, artista askok eskarmentua baitu kontu teknikoetan ere, eta, beraz, soinua fintzera eta dakartenari kolorea ematera etortzen dira hona. Beste asko aholku eske etortzen dira gehiago, eta konponketetan eskua sartzeko eskatzen didate: zer instrumentu sartzea komeniko litzatekeen, zein ez... Lan handia dago horretan. Musika ekoizle artistikoaren lana, tradizioz, taldearen proiektuaren barruan sartzea izan da, ez soilik teknikari lanak egitea. Elkarrekin lan egiten zuten bi pertsona desberdin izaten ziren ekoizlea eta teknikaria, eta teknikaria beti izan da ekoizlearen konfiantzazko pertsona bat.

Zer alde dago bien artean?

Teknikaria arduratzen da, adibidez, taldea estudioan grabatzen ari den kantuaren soinua fintzeaz, ahalik eta ondoen aditu dadin. Produktoreak bestelako lanak egiten ditu: musikan sartzen da, esku hartzen du, konponketak egiten ditu eta kantei nortasuna ematen die. Horretarako oso ohikoa da aurreprodukzioa egitea. Ni, adibidez, Galizian egon nintzen azaroan lau egunez, Loita Amada taldearen azken lanaren —Rematou o simulacro— aurreprodukzioan. Taldeak aldez aurretik bidaltzen du diskoaren maketa, eta behin maketa edukita, kantuen eskemak egiten ditut nik. Kantuaren estrukturan zer aldaketa egingo nituzkeen esaten diet, edo akorderen bat aldatzea proposatu. Loita Amadaren kasuan, tronboia eta tronpeta oso ondo jotzen duten bi emakumezko daude, eta haien soinuentzako konponketak asmatzen pasatu nuen denbora gehien. Azken batean, musika ekoizle bat artistek uzten dioten lekuraino sartzen da proiektu batean.

Noraino utzi dizute sartzen zuri?

Kortatun sartu nintzenean Kolpez Kolpe diskoa ekoiztera, Ferminek [Muguruza] esaten zidan diskoari ukitu berritzaile bat eman nahi ziotela. Ezagutzen ninduten, M-ak taldearen oso zaleak zirelako. Orduan, haien senide batzuek Aiako Harriaren inguruan zuten txabola batera joan ginen probak-eta egitera. Gitarrarekin joan nintzen. Horregatik, After-Boltxebike, Denboraren menpe eta disko horretako beste kantu batzuen gitarra nirea da. Baina Berri Txarrak-en diskoak grabatu ditugunean, adibidez, apenas sartu dudan eskurik musikan. Soinua lortzeko anplifikadoreen erabileran lagundu izan dut, baina gainerako lana taldekideek egin dute. Gorkak [Urbizu] gitarra guztiak grabatu zituen bere kasa; nik ez diot esango Gorkari nola jo behar den gitarra... Orduan, talde edo artista bakoitzak eskatu izan dit nigandik behar zuena. Hori da produkzio lana.

«M-ak taldearen lehenengo diskoa esperimentu bat izan zen, eta gauza asko ikasi genituen IZ estudioan»

Noiz hasi zinen lan horretan?

1984an, gutxi gorabehera. Musika teknikari lanetan hasi nintzen, [Angel] Katarainekin, IZ estudioan. M-ak taldearen lehenengo diskoa grabatu genuen orduan. Esperimentu bat izan zen, eta gauza asko ikasi genituen IZn. Anje Duhalderen disko batzuk ere han grabatu genituen, adibidez. Gogoratzen naiz Bakezaleak diskoa grabatu behar genuenean, Anje Duhaldek azken momentuan esan zidala gitarra jotzailea ezingo zela etorri, eta, beraz, nik jotzeko. Horregatik, disko horretako gitarra guztiak nik sartu nituen. Orduan hasi nintzen ekoizle lanetan. Neure kabuz ikasi nuen musika ekoizten.

Soziologia ikasi zenuen zuk.

Bai, Bilbon. Unibertsitate garaian ez neukan lanbide bat lortzeko premiarik, oso gazte hasi bainintzen lanean. Irakaslea nintzen ordurako, euskara irakaslea. Beraz, baneukan soldata, eta nik ordaintzen nituen nire ikasketak. Kuriositatez hasi nintzen Soziologia ikasten, eta gustatu ere gustatzen zitzaidan, oso ideologizatuta baikeunden orduan. Oso politikoak ginen, eta kontzientziatuta geunden. Horregatik, Soziologia zen ikasi behar nuena; halere, sekulako dezepzioa izan zen niretzat.

(ID_13931225) (/EZEZAGUNA) eegu002010(1)
Andoaingo Garate Studiosen hasi aurretik, egun Villabona-Amasan dagoen IZ estudioan aritu zen lanean Kaki Arkarazo. Hainbat artistarekin aritu izan da lanean bere ibilbidean zehar. Irudian, Enrique Villarreal El Drogas eta Arkarazo, 1990eko abenduan, IZ estudioan. CARLOS VILLAGRAN / EUSKALDUNON EGUNKARIA
Zergatik?

Lehenengo urtean oso-oso interesgarria egin zitzaidan, gizartea eraldatzeko tresna bat zela esaten baitziguten. Baina bigarren urtean esan ziguten ezetz, gizartea bere horretan mantentzeko arma bat zela soziologia eta gizartearen iturginak zirela soziologoak. Orduantxe erabaki nuen ez nuela horretan denbora galduko. Hondarribiko barnetegi batean hasi nintzen lanean, euskara irakasten; besteak beste, Anjel Valdesekin, Hasier Etxeberriarekin eta Josu Iztuetarekin batera. Txikitako lagun Kataraini deitu nion, eta han bertan muntatu nuen nire estudioa. Piano bat erosi nuen lehenik, gero bateria bat, nahaste mahai bat, magnetofono bat... Ordurako buruan neukan musikari eskaini nahi niola denbora. Garai horretan sortu berria zen EITB, eta [Joxe Mari] Oterminek deitu zidan Euskadi Irratitik.

Zertarako?

Hasiera horretan ez zegoelako inor gauza horiek euskaraz egingo zituenik. Dena asmatu behar zen. Oterminek proposatu zidan musika aurkezteko saio baten aurkezle aritzea, eta Kafe-Pop saioan aritu nintzen aurkezle. Dena batera etorri zen: Euskadi Irratiko saioa, M-ak taldea, IZ estudioa... Estresa sortu zitzaidan hainbeste gauzarekin, saltsa guztietan nengoen, eta deseroso sentiarazten ninduen horrek. Zirt edo zart egin behar izan nuen, eta bide bat aukeratu.

Zer bide aukeratu zenuen?

Gehien gustatzen zitzaidana, baina ekonomikoki, eskasena: musika ekoizle bezala aritzea. Oso erabaki kritikoa izan zen, etxean ez baitzuten oso ondo hartu nire erabakia. IZn hasi nintzen, modu finkoan nengoen, eta hortik aurrera dena izan zen ikasketa. Askotariko esperientziak izan nituen: txarrak eta onak. Oso exijentea naiz neure buruarekin, eta esan behar dut lehenengo lau-bost urteetan ez nuela lortu disko batekin konforme gelditzerik. Etengabeko inpotentzia sentitzen nuen. Ez nion inori ezer esaten, baina ez ninduen ezerk konbentzitzen, ikusten nuelako ezin nuela teknikoki nahi nuen beste eman. Pentsa: 1985ean hasi nintzen lan horretan, eta 1989ra arte, M-ak taldearekin Barkatu ama diskoa atera genuen arte, ez nintzen nik egindako lanekin gustura gelditu. Barkatu ama-n esan nuen: «Orain bai. Hau bai. Disko honetaz harro nago».

Zure estiloa aurkitzean zegoen gakoa?

Bai. Teknikoki ere errekurtso asko nituen ordurako, denborarekin eskuratu nituenak. Estudioan, gainera, aldaketa teknikoak egin genituen: magnetofonoak aldatu genituen, nahaste mahaia aldatu genuen... Lan inportanteak egiten hasi ginen, eta beharrezkoa izan zen aldaketa hori.

«Oso exijentea naiz neure buruarekin, eta esan behar dut lehenengo lau-bost urteetan ez nuela lortu disko batekin konforme gelditzerik»

Teknikari eta ekoizle lanetan ez ezik, zenbait taldetan gitarra jotzen aritu zara.

Bai. Lazkaoko Jokin eta Josu taldean, adibidez. Haien teknikari gisa aritu nintzen, eta gero sartu nintzen taldean, gitarra jotzaile, eta Katarainek egiten zituen teknikari lanak. Hondarribiko barnetegi hartan ezagutu nituen lagun batzuekin –Fernan Irazoki, Mikel Artieda, Javier Perez Azpeitia, Irantzu Silva...— aritu nintzen beste talde batean: Laket taldean. Berako talde bat zen, eta erromeriak egiten zituen. Rock kantuen bertsioak egiten genituen, eta abesti propioren bat ere egin genuen.

2000. urtetik zaude hemen, Garate Studiosen.

Bai. Katarain eta biok IZ estudioan ari ginela ohartu nintzen nahiko desberdinak ginela musika ekoizteko gustuetan. Azkenean, nire bidea egitea erabaki nuen, nire kasa. Teknikoki bi filosofia daude, nolabait esateko. Batzuk askoz ere analitikoagoak dira, eta soinu garbiagoaren aldekoak; musikaren osagarri edo soinu bakoitza pista banatan sartzen dute horiek, eta pista bakoitza purifikatzen dute, kanpotik sartzen den edozein soinu garbitzeko. Ni bestelakoa naiz. Grabatzen hasi, eta pista horixe erabiltzen dut. Inportantea da  mikrofonoa, salaren erresonantzia, soinua anplifikatzeko mahaia eta halako tresnak kalitate onekoak izatea, baina ez dago hamasei mikrofono jarri beharrik bateria bakar batentzat. Gaizki entzuten dela? Afinatu beharko litzateke instrumentua, eta hori etxetik egina ekarri beharko litzateke. Nire bidetik jo nuen, eta bila eta bila aritu nintzen, baserri hau aurkitu nuen arte.

Hainbat talde izan dira zure estudioan, eta egunak pasatu dituzte, diskoa grabatzen. Nolakoa izaten da taldeekin duzun hartu-emana?

Ekoizle artistiko baten lana psikologia hutsa da. Kasu askotan, %50 edo gehiago, psikologia da. Artistarekiko harreman psikologikoa ondo kudeatu behar da: horixe da gakoa. Artista edo taldea hona etortzen da urteetan prestatzen aritu den proiektu bat gauzatzera, eta estudioa da bere lana borobilduko duena. Zalantza asko sor daitezke behin honaino iritsita. Ni orain ez nago lehen lerroan, askotan taldeek ekartzen baitituzte teknikaria eta ekoizle artistikoa. Pedro Pastor, adibidez, Gustavo Guerrero bere ekoizlearekin etortzen da. Nik kristorenak ikusi izan ditut hemen.

Zer, adibidez?

Ikusi izan ditut artisten eta ekoizleen arteko liskarrak. Horra kanpora atera izan dira [leihotik ikusten den basoa seinalatu du], eta ordu erdi batez aritu dira hitz egiten eta lasaitzeko ahaleginetan. Izan ere, gauza asko aldatzen dira horrelako estudio batera etorrita. Artista bat ohituta badago ordenagailu batean dena grabatu eta aplikazioaren bidez tranpak egitera, kolpea har dezake estudio batean grabatuta. Izan ere, hemen denek sala berean grabatzen dute, a pelo, inolako tranparik gabe, eta kristoren krisiak izaten dituzte horregatik. Ekoizleak esaten die: «Primeran dago lan hori; soinu hori dute talde handienen kantuek». Halako asko bizi izan ditut nik, eta horregatik esaten dut ni psikologo hobea naizela ekoizlea baino.

MOTZEAN

Nola ikusten duzu gaur egungo musika eszena?

Oso baikorra naiz. Proiektu gazteekin egin izan dut lan azken urteotan. Euskal Herrian, teknikoki eta musikalki, kristoren maila dago, hemendik kanpo ez dagoena. Euskal Herriak mikroklima berezi bati eusten dio. Genero aldetik aukera asko daude orain, eta hori poztekoa da.

Musika genero bat?
Soula.

Musika talde bat?

Artista bat esan dezaket?

Bota.

Stevie Wonder.

Eredu izan duzun artista bat?
David Bowie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.