Ehun urte beteko dira irailean Miguel Okina margolaria (Bergara, 1924-2021) jaio zela. Ehunka dira haren sinadura daramaten koadroak, eta horietako asko eskualdeko hainbat etxetako paretetan daude zintzilik gaur egun. «Erretratuak egiten zituen gehien», dio haren ilobak, Josu Okina margolariak. Nolanahi ere, bestelako koadroak ere egiten zituen; paisaiak eta natura hilak, esaterako. «Margotzen pasatu zituen urte mordoa. Pentsa: 88 urte inguru zituela utzi zion margotzeari», kontatu du. «Nik ere urte mordoa pasatu nituen haren ondoan margotzen. Paisaiak margotzera ateratzen ginen, eta azken urteetan, berriz, estudioan egoten nintzen harekin batera». Bergarako Beart arte elkarteko kide da Okina, eta, osabaren jaiotzaren mendeurrena dela eta, haren lanak katalogatu ahal izateko «kanpaina mediatiko» bat abiatu du elkarteko kide Bingen de Pedro, Antton Arrillaga eta Xabier Agirre artistekin batera.
Margolariaren sinadura daramaten lanak 2.000tik gora izan daitezkeela dio Okinak. 1970eko hamarkadatik aurrera, argazkiak ateratzen zizkien egiten zituen lan guztiei, eta irudi horiei esker jakin dituzte bestela jakingo ez lituzketen zenbait datu. «Seiehun lan baino gehiagoko dokumentazio fotografikoa dugu, baina kasu askotan ez dakigu erretratatutako pertsonak nortzuk diren, ezta non egon daitezkeen ere».
Okinak badaki bere osabaren sorkuntza artistiko emankorra hainbat lekutan dagoela: hala nola Bergarako eta inguruko herrietako etxeetan, elkarte gastronomikoetan, udaletxean... Horregatik, hain zuzen ere, Miguel Okinaren obraren bat duten guztiei eurekin harremanetan jartzeko deia egin du taldeak, berriki. «Kontaktua ezarri ondoren, koadroaren argazki bat bidaltzeko eskatzen dugu. Hasiera batean, sakelakoarekin ateratako irudi bat bidaltzea nahikoa izan daiteke, batzordeak obra horri buruzko informaziorik baduen egiaztatzeko. Koadro ezezagunen kasuan, jabeekin harremanetan jarriko gara katalogatzeko datuak osatzeko: formatua, teknika, urtea, kontserbazio egoera...».
«Kolorista». Hala definitu du Okinak osabaren estiloa. «Poliki-poliki eta praktikatu ahala joan zen bere estilo propioa sortuz. Madrilen, Bartzelonan eta Parisen ibili zen, eta bertan ikusitako lanetan ikusitakoetatik ere sortuko zuen estilo hori». Okinak kontatu duenez, gazterik heldu zion pintzelari, «oso gogoko» baitzuen. «Garai hartan oso modan zegoen estilo bohemioa, eta kanpoan egon zenetan, bere pintzelak eta margotzeko materiala hartu, kalera irten, eta bertako paisaiak pintatzen zituen».
«Gure katalogoa osatzeko, daukagun materialaz gain, osabaren lanak eskura dituztenen laguntza behar dugu».
JOSU OKINA Miguel Okinaren iloba
Herrian «oso maitea» zutela dio Okinak. Gogoan du «beti prest» egoten zela ingurukoei laguntzeko. «Oso herrikoia zen; denekin ondo konpontzen ziren horietakoa. Kolaboratzailea zen oso. Zerbait eskatzen bazioten handik edo hemendik, beti zegoen emateko prest. Horregatik daude Bergara inguruko elkarte gastronomiko askotan berak egindako lanak».
Omenaldia, irailetik aurrera
Zehazki, irailaren 30ean beteko luke margolariak mendea, eta, horregatik, egun horretatik aurrera abiatu nahi dute omenaldia. Urtebete iraungo du, eta oraindik zehaztu gabeko hainbat jarduera egingo dituztela aurreikusten du laukoteak.
Okinak aurreratu du pare bat erakusketa zabaldu nahiko lituzketela margolariaren lanekin. «Batetik, osabak olio pinturaz egin zituen koadroen erakusketa bat jarri nahiko genuke herrian, eta, bestetik, teknika zehatzagoz egin zituen erretratuena». Horregatik dute «ezinbesteko» herriaren laguntza. «Gure katalogoa osatzeko, daukagun materialaz gain, osabaren lanak eskura dituztenen laguntza behar dugu». Gaineratu du, halaber, ari direla, aldian-aldian, obraren bat eta horien gaineko informazioa jasotzen ingurukoen eskutik, baina oraindik ez dute zenbatu zenbat dituzten esku artean. «Taldekide bakoitza ari da jasotzen lanen argazkiak, bakoitza bere aldetik. Joango gara biltzen, eta aurrerago ikusiko dugu zenbat lortu ditugun».
Katalogoaz gain, Miguel Okinaren bizitzari buruzko liburu bat argitaratzea aurreikusi dute, Miguel Angel Elkoroberezibarrek jada lantzen dituen lanik onenekin; ikatzezko erretratuen erakusketa bat; erretratua, paisaia eta natura hilak dituzten olioen beste erakusketa bat; hitzaldi ziklo bat; adituek komentatutako koadroen saioak; edo gizarteen araberako erromesaldia deitzen dituztenak, asko baitira pintoreak gozatzen zituen tokiko txoko gastronomikoak, Okinaren koadro edo marrazkiekin.