Goierriko Lemniskata zientzia sare herrikoiak gaur zortzi ekin zion aurtengo lehen jardunaldiari. Ohi bezala, taldeak lau ziklo antolatu ditu aurtengo, eta Urtarrila, matematikaren bila da horietan lehena. Urtarrilerako, matematika abiapuntu izango duten hitzaldiak antolatu ditu Lemniskatak, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearekin batera. Ostiraletan izango dira saioak, 19:00etan, Beasaingo Igartza jauregian. Hilaren 10ean egin zuten aurreneko saioa, eta Raul Ibañez, Marta Macho eta Pedro Alegria matematikariak aritu ziren hizlari, gazteleraz. Puede crearse una obra de arte a partir de un teorema matemático? hitzaldia eman zuen Ibañezek, Matemática poética Machok, eta Einstein es una baldosa Alegriak.
Gaur jarraituko du hitzaldi sortak, eta Larraitz Aranburu matematikariak hitz egingo du, euskaraz. Zirkuaren eta matematikaren arteko harremanaz arituko da, Zirkuaren matematika hitzaldian. Aranbururen asmoa da erakustea orekan oinarritutako askotariko ariketek, malabarek eta bestelako hainbat ekintzak «uste baino zerikusi handiagoa» dutela matematikarekin. Datorren ostiralean, Matematikaren zuloak eta zulo matematikoak hitzaldia emango du Oihana Garaialde matematikari eta ikerlariak, hark ere euskaraz, eta egun berean, Matematika Argazkien Nazioarteko XI. Lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta erakusketa ireki. Urtarrilaren 31n, Maria Garcia Monera matematikariak Esculturas geométricas con papel y tijeras hitzaldia emango du.
«Gaur egun, Goierrin inor ez da harritzen fisikari eta matematikari buruzko hitzaldiak antolatzen direlako, eta horrek, nire ustez, balio handia du»
JOSE LUIS ETXEZARRETA Lemniskata zientzia taldeko kidea
Zientzia herritarren artean zabaltzeaz arduratzen da Lemniskata taldea. Horretarako, askotariko jarduerak antolatzen dituzte, hala nola erakusketak, irteerak eta lehiaketak. Jarduera horiek zientziaren askotariko alorrak lantzen dituzte. Dena den, elkarteak antolatzen dituen ekintza nagusiak adituen hitzaldiak izaten dira, gehienak helduentzat prestatuak, baina interesa duen oro joan daiteke saioetara. Jose Luis Etxezarreta Lemniskata taldeko kideak dio «izugarria» dela zientzia oinarri duten zikloak normal egin ahal izatea Goierrin. «Gaur egun, Goierrin inor ez da harritzen fisikari eta matematikari buruzko hitzaldiak antolatzen direlako, eta horrek, nire ustez, balio handia du. Eskualdetik ateraz gero, konturatzen zara hori ez dela ohikoa. Inguruko jende asko etortzen da hitzaldiak entzutera».
Etxezarretak adierazi du hitzaldiak ematera bi emakumezko eta bi gizonezko gonbidatzen ahalegintzen direla. Gainera, lau saiotatik bi euskaraz egiten ere saiatzen dira, haren esanetan.
Beste ziklo batzuk
Otsailean eta martxoan izango da hurrengo zikloa, Beasainen: Made in Goierri. Antolatzaileek prest dute jardunaldi horietarako egitaraua. Otsailaren 14an, adibidez, tarte bat egingo diote antzerkiari, Emakumeak Zientzian mugimenduarekin batera. Europa osoan egiten du lan mugimendu horrek, eta emakume zientzialarien lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua diren ustea apurtzea eta emakumeek zientzia ikasketak hauta ditzaten sustatzea du helburu. Martxoan, «eskualdeko industria eta ekonomia jorratzen duten ekintzak» egingo dituzte, Goieki eta Goierri Valley elkarteekin batera. Ekintza horiez gain, hitzaldi batzuk ere antolatuko ditu Lemniskata elkarteak martxorako.
Urrian, berriz, Ordizientzia zikloa egingo dute Ordizian, eta zientziarekin lotutako askotariko gaiak jorratuko dituzte hitzaldi sorta batean. Azaroan, Ordizientzia zikloaren gisako jardunaldi bat egingo dute: Zientziaroa. Horren barruan, ohi bezala, aitortza egingo diete Goierriko ikerlariei eta ekintzaileei. Eskualdeko hainbat zientzialari aukeratzen dituzte horretarako, eta, haien lana ezagutarazteaz gain, egindako ibilbidea goraipatzen dute. Urte amaieran, argazki matematikoen nazioarteko lehiaketa bat antolatuko dute berriz ere, eta edonork parte har dezake.
Lemniskatak liburu bat argitaratzen du urtero, nahiz eta iaz ez zuen kaleratu. Zortzi ditu argitaratuak orain arte, eta aurten beste bat ateratzekoa da.
Erronka nagusiak
Etxezarreta Lemniskata taldeko kidearen hitzetan, pandemiaren ondorengo urteak «gogorrak» izan dira, baina elkarteak «lortu du» lehengo dinamika berreskuratzea. «Pandemiak hankaz gora jarri zuen dena, baina, pixkanaka, lortu dugu berriz ere saioak antolatzea eta jendea erakartzea». Zientzia taldeko kideak gaineratu du matematikari buruzko zikloak «publiko finkoa» daukala eta, eskualdeko jendea ez ezik, «kanpoko jende asko» ere agertzen dela. «Gipuzkoan gai hauek jorratzen diren esparru gutxi dagoenez, jende asko etortzen da gure saioetara, batik bat Donostiako jendea». Hilaren 10ean, esaterako, leporaino bete zen Igartza jauregia, eta espero dute datozen saioetan ere jende asko izatea.
Urte amaierako argazki lehiaketak ere «nahiko harrera ona» izaten duela dio Etxezarretak. «Aldi batzuetan, mundu zabaleko jendeak ere parte hartu izan du». Aurten 66 argazkilarik parte hartu dute, eta berrehundik gora argazki jaso dituzte taldeko kideek. Hain zuzen, urtarrilaren 24an jakinaraziko dituzte aurtengo argazki lehiaketako saridunen izenak. Lau sari banatuko dituzte: irabazleak 400 euro jasoko ditu, bigarrenak 250, eta hirugarrenak 175 euro; sari lokalaren irabazleari ere 175 emango dizkiote. Bestalde, berrogei argazkiko erakusketa bat ere osatuko dute, eta Igartza jauregian jarriko dute ikusgai, otsailaren 9ra bitarte.
Antolatzaileak azaldu du gaur egun gazte jendea erakartzea dela Lemniskataren erronka nagusietako bat. «Kirolarekin lotutako gai bat ez bada tartean, oro har jende heldua soilik agertzen da hitzaldiak entzutera», esan du Etxezarretak. «Gazte gehiago azaltzea gustatuko litzaigukeen arren, badakigu askorentzat ez dela planik erakargarriena ostiral arratsalde baterako».
«Hitzaldietara gazte gehiago azaltzea gustatuko litzaigukeen arren, badakigu askorentzat ez dela planik erakargarriena ostiral arratsalde baterako»
JOSE LUIS ETXEZARRETA Lemniskata zientzia taldeko kidea
Lemniskata taldeko kideak esplikatu du zientzia arloan «jakintza handirik ez duen jende asko» joaten dela hitzaldietara, eta lorpen handitzat dauka hori. «Saio bukaeran guregana datozenek esaten digute hitzaldi erdia soilik ulertu dutela, baina hori ere poztekoa da». Hitzaldiak «oso mailakatuak» izaten direla ere esan du, «edozeinek» ulertzeko moduko azalpenak ematen baitituzte adituek.
Lemniskatak, gazteak erakartzea ez ezik, badu beste helburu bat ere: boluntarioak eta taldeari lagunduko dion jendea lortzea. Etxezarretak argi du taldeak belaunaldi aldaketa bat «behar» duela: «Ingurura begiratuz gero, ohikoena da jende nagusia ikustea boluntario lanetan, eta bada garaia atzetik datozenek gure lekua hartzeko».