Xabier Alberdi: «Mariren itsasontziko guztiak bizirik atera ziren, bera izan ezik»

Jose Maria Zubia 'Aita Mari' erreferente ezaguna izan da euskal arrantzaleen munduan. Arriskuan zeuden marinelak sorostearren egin zen ezaguna. Euskal Itsas Museoak omenaldia egin dio.

(ID_13479665) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-01-09, Donostia. Xabier Alberdi, Euskal Itsas Museoko zuzendaria
Xabier Alberdi, Jose Maria Zubia 'Aita Mari'-ren omenezko oroitarriaren ondoan, asteartean, Donostian. JON URBE / FOKU
jone arruabarrena
2024ko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Jose Maria Zubia Aita Mari hil zenetik 158 urte bete dira urtarrilaren 9an, eta omenaldia egingo diote Donostiako Euskal Museoan. Bertako zuzendaria eta ekimenaren antolatzaileetako bat da Xabier Alberdi (Zarautz, 1969), eta asko daki pertsonaia ezagun horretaz; 2017an, Jabier Carballorekin batera, Aita Mariren inguruko Mari liburua idatzi zuen, esaterako.

Nor zen Jose Maria Zubia, Aita Mari?

1809an jaio zen, Zumaian, eta haurtzarotik itsas munduan murgilduta egon zen pertsonaia bat izan zen. Familia arrantzale girokoa zuen, eta Zumaian Urola ibaiaren itsasoratze gunean atoi lanetan jarduten zen familia osoa. XIX. mendearen erdialdean Donostiara joan zen bizitzera; bertan ezkondu zen, eta bertan izan zuen alaba. Arrantzale lanetan hasi zen orduan. Arrantzarako traineru baten buru gisa ibili zen, eta horretan ari zela suertatu zitzaion hainbat sorospen lan egitea, beste marinel batzuei laguntzeko. Salbamendu lan horietako batean ari zela hil zen.

Zergatik egin zen ezaguna?

1861ean, jada Donostian bizi zela, gertatu zitzaion sorospen bat egin beharra. Beharra diot, itsasgizonen artean beharrezkoa delako sorostea. Itsasontzi batean baldin bazaude eta itsasoan arriskuan dagoen norbait aurkitzen baduzu, ez da behar moral bat bakarrik; behar legal bat da: zuk sorotsi egin behar duzu larrialdian dagoena. 1861eko uztailean, udako galerna baten ondorioz, txalupa bat Donostiako Urgull mendiko haitzetara eraman zuen itsasoak, eta Marik parte hartu zuen txalupako mutilak sorosten; horrek sekulako ospea eman zion, eta hor bilakatu zen pertsonaia entzutetsu bat.

Non trebatu zen erreskateak egiten?

Zumaiako portuan lan egitera ohitutako pertsona bat zenez, bazekien baldintza txarretan nabigatzen. Gaur egun, ibai bokaleak kanalizatuta daude, obra hidraulikoekin, baina orain dela hamarkada gutxira arte, leku arriskutsuak ziren. Oso maiz izaten ziren istripuak gune horietan, sartu edo irten nahi zuten itsasontziak bertan irauli eta hondora joaten zirelako. Marinel asko itotzen ziren. Beraz, Mariri askotan suertatuko zitzaion egoera gogorretan itsasontzi horiek sorotsi beharra.

«Arrantzaleen kontu gisa ikusten ziren haiei gertatzen zitzaizkien istripuak. Marik piztu zuen kontzientzia»

Itsasoak istripu asko eragiten zituen garai hartan?

Bai. XIX. mendean, orokorrean, hainbat gertakari larri izan ziren. Besteak beste, ezaguna da 1912ko galerna. Bermeon, esaterako, ehun lagun pasa galdu ziren. Horrelakoak nahiko maiz gertatzen ziren.

Zenbat erreskate egin zituen Marik?

Kotsultatu ditugun iturriek diote hainbat sorospen lanetan parte hartu zuela, baina ez dituzte zehazten. Ez dakigu zehazki zer kasu izan ziren. Ziurrenik, nahiko ohikoa izango zelako, eta baita, berak sorotsi zituen kasu horietan, ezbehar larririk gertatu ez zelako ere. Bestalde, izan daiteke ikuslerik ez zegoen testuinguru batean gertatu izana. Hau da; ez zegoen udatiar aberatsik begira.

Kontrara, dokumentatuta dagoen 1861eko kasuan bazegoen ikuslerik?

Bai. Orduko hartan Donostia bertara uda igarotzera etortzen ziren aristokratez beterik zegoen. Haientzat galerna espektakulu bat zen, eta hura ikustera joan ohi ziren. Horretan ari zirela ikusi zuten txalupa bat larrialdian zegoela eta nola abiatu zen beste txalupa bat kaitik, sorostera. Txundituta geratu ziren Marirekin, eta horrek eman zion fama.

Propio joaten zen arriskuan zeudenak salbatzera?

1861eko kasuan zein bere heriotza eragin zuen erreskatearen kasuan, hura Donostiako kaian zegoen, eta bietan, zer gertatzen ari zen jakitean, bere tripulazioa bildu, txalupa hartu eta itsasoratu egin ziren larrialdian zeuden horiek sorostera.

«Zumaiako portuan lan egitera ohitutako pertsona bat zenez, bazekien baldintza txarretan nabigatzen»

Nola hil zen erreskate lanetan?

1866an izan zen. Getaria aldean bisigutan ari ziren bi arrantzale ontzi, eta ekaitz batek harrapatu zituen. Haizeak Gipuzkoako kostako ekialdera eraman zituen orduan, eta horietako bat Pasaiako portuan sartzen saiatu zen, eta bestea, Kontxan. Guztira berrogei lagun zihoazen bi txalupetan, eta biak hondoratu ziren. Bat Pasaiako sarreran eta bestea Donostiako sarreran, hainbat orduz itsasoarekin borrokan ibili ondoren. Mari Donostian irauli zena sorostera abiatu zen, baina haren ontzia ere irauli egin zen. Begira gauzak nola diren: getariarrik ez zuten salbatu, eta Mariren ontziko guztiak bizirik atera ziren, hura izan ezik.

Zer esanahi sinboliko dauka Aita Mari-k?

Zerbait egin behar den sinboloa da. Ordura arte arrantzaleen kontuak balira bezala ikusten ziren gertatzen zitzaizkien istripuak, ofizioarekin batera zihoan zerbait balitz bezala. Baina Marik pizten du zerbait egin behar den kontzientzia. Lehorreko jendea konturatu zen ezin zela horrela jarraitu, ezin zirela horrenbeste mutil itsasoan urtero hil. Horrez gain, Marik itsasoko lan eta bizi baldintzak hobetu beharra ere irudikatzen du.

Duela urte batzuk kaleratu zenuten Mari liburua. Haren istorioa transmititu da?

Kostaldeko herrietan, belaunaldiz belaunaldi transmititu da Mariren istorioa, herri horiek orain arte itsasoari lotuta jarraitu dutelako. Hain zuzen, Getarian eta Donostian badaude bi oroigarri Aita Mariri eskainitakoak, herritarrek beraien ekimenez jarri zituztenak. Hala ere, egia da gaur egun ia-ia galdu egin dela arrantzaleen tradizioa. Zumaian eta Donostian kasik ez dago arrantzalerik, eta transmisioa ere ez dakit galdu egin den edo aldatzen ari den. Itsas historiaren arloan lanean gabiltzanoi ere badagokigu bizirik mantentzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.