Batxillergoan nota kaskarren bat ateraz gero, euskarari egozten zion errua Kontxita Beitiak (Pasaia, 1940). Gogor egin zion euskararen aurkako pentsamendu horri, eta euskara praktikatzeari ekin zion, Elbira Zipitriaren laguntzaz. Hari ikasi zizkion irakasteko hamaika modu, eta, ibilian-ibilian, bere kasa hasi zen eskolak ematen. Ikastolen sortzaileetan aitzindarietako bat da Beitia.
Bizitza oso bat eman duzu irakaskuntzari lotuta. Zer dela-eta sartu zinen bertan?
Ez nuen irakaskuntza soilik aukeratu. Euskara eta hezkuntza aukeratu nituen, ia aldi berean. Garai hartan oso gauza arraroa zen hori. Pasai Antxon jaio nintzen, 1940. urtean, [36ko] gerra amaitu eta urtebetera. Pentsa zein egoeratan zegoen herria, zenbat aita falta ziren etxeetan. Oso bizimodu latza zen. 4 urterekin hasi nintzen moja eskolan. Etxean euskaraz hitz egiten zidaten, baina mojekin, noski, erdaraz ikasi nuen, eta ez nuen inolako mehatxurik edota burlarik jaso. Bai, ordea, ikaskideengatik.
Zergatik?
Euskaraz egiten nuelako. 10 urte nituela, Donostiako Santa Teresa ikastetxera joan nintzen Batxillergoa egitera, Pasaian ezin zelako egin. Irakasle ikasketak egiteko lau ikasturte eta errebalida bat egin behar izaten ziren. Santa Teresan beste mundu bat ikusi nuen, askoz ere latzagoa zen mundu bat. Nota normalak ateratzen nituen, oro har, eta, egunen batean nota onak ateratzen ez banituen, zeri botatzen zioten errua? Euskarari. «Euskaraz jakingo ez bazenu, nota hobeak aterako zenituzke», esaten zidaten. Zorionez, ez genuen Cara al sol abesten, beste eskolekin alderatuta liberalagoa baitzen gurea. Hala ere, Sección Femenina-koak etortzen ziren —Falangeko emakumeak— eta esaten ziguten zer-nolako emakumeak izan behar genuen, eta, gainera, azaltzen ziguten zer egin behar genuen gure senarrak pozik egoteko. Nik 14 urte nituen orduan. Oso txikiak ginen ezer ulertzeko. Gero eta gutxiago hitz egiten nuen euskaraz. Ez nuen nahi, baina euskarari berari botatzen nion errua.
Euskaraz ez egiteko esaten zizutenen diskurtsoa sinetsi zenuelako?
Noski. Haiek niretzako autoritatea ziren. Aitak eta amak alderantziz esaten zidaten: euskaraz egiteko. Orduan, zeinek zuen arrazoia? Gurasoek maite ninduten, haiengandik jasotzen nuen maitasuna, eta, gainera, haiek ziren gaiztoak? Eta besteak, onak? 14 urte nituenean hasi nintzen pentsatzen zerbait arraroa gertatzen ari zela.
Batxillergoa amaitu eta irakasle ikasketak egiten hasi zinen Donostian, Ategorrietan, ezta?
Bai. Han ez zegoen euskararekiko inolako zaletasunik, baina Arantzazuko Ama Birjinari euskaraz abesten genion. Irakasle batek euskara oso aberatsa zela esan zigun, gramatika aldetik oso interesgarria iruditzen zitzaiola. Nik, hala ere, zera pentsatzen jarraitzen nuen: «Euskaraz ez badakit, hobe». Lagunen artean, adibidez, erdaraz hitz egiten genuen, nahiz eta jakin euskaldunak ginela.
«Esango nuke ikastola jartzea ekintza politiko bat izan zela, eta feminismoa lantzen ari ginela, jakin gabe feminismoa lantzen ari ginela»
Noiz erabaki zenuen euskara berreskuratzea?
Irakasle ikasketak bukatu, eta Ingalaterrara joan nintzen, au pair gisa. Etxean komentatu nuen au pair joatearen ideia, eta aitak esan zidan euskaraz ikasi behar nuela lehenengo eta gero egin nezala nahi nuena. Evaristo Urtasun pasaitarrak nire aitari esan zion Elbira Zipitriarengana bidali zuela alaba zaharrena, euskara praktikatzera, eta aipatu zion bizpahiru neska ere hasiak zirela Elbirarekin euskarazko praktikak egiten.
Orduan, hasieran, praktikak egiteko joan zinen Zipitriarengana?
Bai. Amarekin eta anaia txikiarekin joan nintzen harengana, eta zoragarri hartu ninduen. Zer asmo nuen galdetu zidan, eta nik zera erantzun nion, erdaraz: «Ez dakit euskaraz». Azaldu nion ez nuela euskaraz egin azken bi urteetan, eta erantzun zidan bi urte genituela euskara berreskuratzeko. Astean hiru aldiz joaten nintzen Elbirarengana, eta, alfabetatze prozesu baten bidez, hark sortutako Nor-Nori-Nork metodoa aplikatuta joan nintzen euskara ikasten. Nobela bat eman, eta esan zidan: «Irakur ezazu, eta ondoren esadazu ea euskara ikasten jarraitu nahi duzun edo honaino iritsi garen». Nobela politikoa zen, zoragarria. Landibar zuen izena. Ikaragarri gustatu zitzaidan. «Jarraituko dut eta konpromisoa hartuko dut», esan nion berehala. Elbirak esan zidan oso neska egina nintzela. Oso neska egina izateak zer esan nahiko ote zuen pentsatu nuen nik.
Galdetu zenion zer esan nahi zuen?
Lehenengo, amari galdetu nion lehenengo, eta ondoren, Elbirari. Txorakeria gutxiko neska nintzela esan nahi omen zuen. Egia esan, txorakeria asko egiteko denborarik ez nuen izan. Bi urte pasatu nituen alfabetatzen, eta bigarren urtean praktikak egiten hasi nintzen.
Nolako saioak prestatzen zenituzten?
Ez genuen mahairik izaten, ez zegoen ezer. Lurrean eserita hasten zen matematikak esplikatzen, txotxekin edo pottokekin, kanikekin. Irakasteko sistema zoragarri bat ikasi nuen han. «Nola da posible dena arrazoiketaren bidez ikastea?», pentsatzen nuen neure artean. Lurreko jarduerarekin bukatzean, arbelera pasatzen ziren, lurrean ikasitakoa praktikan jartzeko. 5 urtetik 9ra bitarteko haurrentzako saioak izaten ziren, eta taldeak, hamar lagunekoak.
Elbira Zipitriaren ereduari jarraitu zenion gerora.
Bai. Gauzak aldatzen joan ginen gero, pixkanaka; etxeetatik lokaletara pasatu ginenean, batez ere. Hala ere, etxeko ikastola izan zen gure lehenengo ikastola. Ia 1960ko hamarkada osoa igaro genuen etxean irakasten, eta 1968an pasatu ginen lokaletara.
Nola egin zenuen irakasle izateko lehen urratsa?
Nire lehen erronka, Pasaian ume euskaldunak bilatzea izan zen. Nire ama merkatura joaten zen, eta baserritarrei ematen zien nire asmoaren berri. Lehenengo urtean bost haur agertu ziren.
Artean oso gaztea zinen, ezta?
20 urte nituen. Elbirarekin, 18 nituenean hasi nintzen. Izugarrizko ilusioa nuen, eta emakumeok izugarrizko lana egin genuen. Batetik, esango nuke ikastola jartzea ekintza politiko bat izan zela, eta, bestetik, feminismoa lantzen ari ginela, jakin gabe feminismoa lantzen ari ginela. Garai hartan feminismoa beste gauza batzuekin nahasten zuten: Errepublikarekin bat zetorren emakume borrokalariekin lotzen zen, batez ere. Gu ere borrokalariak izan ginen, eta izan ziren euren haurrak ikastolara bidaltzea erabaki zuten emakumeak, baina beste goxotasun bat genuen. Bost urte egin nituen Pasaiako ikastolan. Gero, ezkondu, eta Donostiara joan nintzen, eta Pasaiako ikastola Idiazabalgo lagun baten esku geratu zen.
Eta Donostian, zer?
Donostian, berdin-berdin: etxean hasi nituen eskolak, eta lehen urtetik hasi nintzen mugitzen ikastola plazaratzeko. Irakasle bila hasi nintzen orduan, baina askori ondo iruditzen zitzaien arren, esaten zidaten ezin zutela lanik egin. Bi urte behar izan nituen, baina jende jatorra aurkitu nuen azkenean. 1968an, Zurriola ikastola jarri genuen martxan. Oso polita jarri genuen, baina arazo bat zuen: ez zuen leihorik. Ikastolaren jarduera baimentzeko eskaera egin genuen, eta ikuskatzailea etorri zen. Nik esaten nion klase partikularrak ematen genituela, baina egun batean esan zidan: «Zergatik ez didazu egia esaten? Badakit ikastola bat dela». «Hara, badakizu? Zein ondo!», erantzun nion. Oso ondo portatu zen gurekin.
Nola ofizialdu zen ikastola?
Zurriola ikastolako ikasleetako baten osaba Deustuko Unibertsitateko irakasle eta errektorea edo dekanoa zen. Hark Konkordatua aztertuko zuela esan zigun, eta horixe egin zuen. Hitzarmena aztertu, eta baimena eskatu genuen, parrokia eskola gisa. Horrela legeztatu zen. Gerora, gehienak, kooperatiba egin ginen.
«Uste dut politikariek ere badutela erantzukizuna ikastolek nolakoak izan behar duten erabakitzeko garaian»
Hori izan zen ikastolen historia gogorra, baina zoragarria aldi berean, eta zer gutxi zabaldu den. Leku batzuetan, oraindik jarraitzen dute lehengo bide beretik. Ipar Euskal Herrian, esaterako, batzuek baxoa frantsesez egin behar dute. Pauso asko eman behar dira oraindik. Hemen nahiko berdinduta gaude momentu honetan, baina mantendu egin behar dugu ikastolak izan zuen izpiritu hura, beharra dago; bestela, ahaztu egingo da nola sortu ziren eta zer gertatu zen. Ikastolek orain badute kutsu hori, ikastolak betidanik egon diren sentipena dago. Garai hartako jendea desagertzen ari da, eta uste dut hemen gaudenok testigantza ematera behartuta gaudela. Gertatzen da gutxitan galdetzen digutela.
Eta nola ikusten dituzu egungo ikastolak?
Orain baliabide gehiago dituzte. Eta uste dut politikariek ere badutela erantzukizuna ikastolek nolakoak izan behar duten erabakitzeko garaian.
Euskara berpizteko lan egin ondoren, zer iritzi duzu euskararen erabileraren beherakadaren gainean?
Jendeak lehen ez zekien euskaraz. Orain badakite, eta gai dira hitz egiteko. Uste dut gogoa piztu behar zaiela, eta, aldi berean, prozesu kultural bat egon behar dela. Euskara zer den eta zenbat balio duen jakin behar dute. Lanketa hori egin behar da, eta baliabideak badaude. Baina hori norberaren esku geratzen da; irakasleen esku, batez ere.
Zer eman dizu irakaskuntzak?
Niretzat irakaskuntza oso aberatsa izan da. Irakaskuntzak dena eman dit. Esango nuke nire familia izan dela.
MOTZEAN
Gustura ikasiko zenukeen hizkuntza bat? Ingelesa.
Irakurri duzun azken liburua? Antton Kazabonen Elbira Zipitria andereñoa.
Hamaiketako gustukoena? Udan gereziak eta neguan gaileta pare bat.
Afizio bat? Musika. Oso musikazalea naiz; txalapartaria izan nintzen. Mendira joatea, bidaiatzea eta lagun artean egotea ere gustuko dut.
Gazteentzako mezu bat? Euskaldunak zarete ia denak, euskaraz hitz egin eta maite ezazue.
Gurasoentzako mezu bat? Zu euskalduna bazara, egin euskaraz seme-alabei.
Irakasleentzako aholku bat? Lan asko egin dezatela, eta, euskaldunak badira, ez dezatela baztertu lagunen artean euskaraz hitz egitea.