Antzerkia

Rosa Rojo: «Maila handiko lanak aurkezten ditugu oholtzan»

Rosa Rojo unibertsitate garaian hasi zen aktore lanetan, eta denborak eta eskarmentuak agertokiaren atzealdera eraman dute, zuzendari lanetan ari baita gaur egun, Urrup antzerki taldean.

(ID_14094115) (/EZEZAGUNA) rosa_rojo(1)
Rosa Rojo, 2022an, Beasainen. GORKA GOMEZ
Kerman Garralda Zubimendi.
2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Urrup antzerki taldeak Rosa Rojok (Beasain, 1964) zuzendutako Hemen ez du inork ordainduko lana aurkeztu zuen lehengo astean, Ordiziako Herri Antzokian. Emakume batzuen matxinada kontatzen du lanak: prezioak berriz igo direla protesta egiteko, emakume talde batek erosketa ordaindu gabe alde egiten du. Joxpik, baina, ez dio hori kontatu senarrari, ez dagoelako lapurtzearen alde. Baina gezurrak bazterrak nahastuko ditu. Dario Fo italiarraren Non si paga, non si paga! antzezlanean oinarritu da zuzendaria.

Zer moduz joan zen Hemen ez du inork ordainduko antzezlanaren lehen saioa?

Oso ondo, benetan: aretoa beteta, aktoreak pozik, jendeak adi jarraitu zion gidoiari... Egia esan, komedia bat da, paregabea, eta erraza da jendeak disfrutatzea.

Izango dira saio gehiago?

Abuztuan oporrak hartuko ditugu, eta irailean itzuliko gara. Beasainen saio bat egingo dugu, irailaren 27an, Usurbe antzokian.

Noiz hasi zineten antzezlana prestatzen? Zenbat denbora behar da?

Kasu honetan, denbora asko ez dugu izan. Martxoan beste antzezlan bat estreinatu genuen —El parto—, eta, azkenerako, hiruzpalau hilabete besterik ez ditugu eduki. Nahi baino gutxiago da, 11 hilabete pasatu izan baititugu beste antzezlan batzuk prestatzen. Baina hilabete oso gogorrak izan dira. Bi entsegu egiten ditugu astean, asteazkenetan eta ostiraletan, eta sei orduko entseguak izaten dira.

«Tokatu izan zaigu guk egin behar izatea gure lanen itzulpenak, eta horrek prozesua zaildu eta luzatu egiten du»

Urtea beteta izatea ez da seinale txarra.

Lanpetuta gabiltza, bai. Urtean bi antzezlan aurkezten ditugu: bat, martxoan, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, eta bestea, uztailean, Santa Ana jaiei hasiera emateko. 32 urte daramatzagu horrela. Beste antzezlan bat ere egiten dugu, azaroaren 25ean. Egun bakarreko ikuskizuna izaten da hori, kalean egiteko moduko antzerki bat.

Hemen ez du inork ordainduko duela hamabost urte antzeztu zenuten. Kasu hartan, gaztelaniaz.

Martxoan taularatzen ditugun antzezlan gehienak emakumeen elkarteekin adostutakoak izaten dira, eta, normalean, gaztelaniara jotzen dugu, eskaintza handiagoa dagoelako. Horren trukean, uztailean euskarazko lanei ematen diegu lehentasuna. Itzulpena egitea kostatu egin zaigu. Goierriko hizkera sartu dugu, kalekoa, langile klaseko pertsonaiak direlako pertsonaia guztiak. Adibidez, gizonak elkarri hika hitz egiten jarri ditugu. Ez da ariketa erraza, antzerkiak hizkuntza oso argia eta ulerterraza behar duelako.

(ID_14094186) (/EZEZAGUNA) urrup2
Goierriko Urrup antzerki taldea, uztailaren 18an, Ordizian. URRUP ANTZERKI TALDEA
Zuen lanen itzulpenak zeuok egiten dituzue?

Euskaraz lan gutxiago daude, eta tokatu izan zaigu guk egin behar izatea itzulpenak. Horrek prozesua zaildu eta luzatu egiten du.

Nolako taldea da Urrup?

Amateurrak gara, baina lan handia egiten dugu, eta maila handiko lanak aurkezten ditugu oholtzan. Aktoreen artean oso beteranoa den jendea dugu. Adibidez, Marisol Cavero. Urrup hasi zenetik da taldeko kidea, pentsa. Baina gazteak ere badatoz atzetik. Beti dago berriren bat. Ez dugu esperientziarik eskatzen Urrupeko kide izateko, gogoa besterik ez. Jendea hartzeko prest gaude, beti.

Denak zarete ordiziarrak?

Gure egoitza Ordizian dago, eta udalaren laguntza daukagu, baina taldea osatzen dugun denak ez gara ordiziarrak. Besteak beste, Ataungo, Beasaingo, Idiazabalgo, Legazpiko eta Zumarragako jendea dugu taldean.

«Betidanik gustatu izan zait antzerkia, baina duela ez askora arte basamortu bat zen jardun hau»

Eta zu, nolatan zuzendari?

Betidanik gustatu izan zait antzerkia, baina duela ez askora arte basamortu bat zen jardun hau. Historia Garaikidean lizentziatua naiz, nik interpretazioa ikasi nahi nuen arren. Ez zegoen aukera askorik, eta etxekoek ere ez ninduten asko animatu horretara, lan aukera hobea zuen zerbait ikastera bultzatu nahi nindutelako. Baina unibertsitatean nengoela, Granadara joateko aukera suertatu zitzaidan beka bati esker, eta han hasi nintzen antzerkian. Urte asko egin nituen han, aktore lanetan. Madrilen bukatu nuen, interpretazio eskola batean. Etxera itzuli nintzenean, jarraitu egin nuen antzerki munduan, baina aktore lanekin batera zuzendari lanak ere hartu nituen. Ados, Vaiven... hainbat antzerki konpainiatan ibili nintzen. Poliki-poliki, aktore lanak alboratu eta zuzendari lanetara mugatu naiz.

Antzerki irakaslea ere bazara.

Bai. Gaur egun Beasaingo institutuan egiten dut lan, antzerki klaseak ematen. Denok elkarrengandik ikasten dugu bertan.

Zein da zuzendari ona izateko giltza?

Antzerkia gustatzea oso inportantea da. Eta pedagogia, psikologia eta jendea ondo tratatzea ere behar da. Aktoreak pertsonak dira, eta zaindu egin behar dituzu. Gainera, haien lana oso ausarta dela iruditzen zait, beren gorputzarekin, beldurrekin eta egoarekin bakarrik irteten direlako jendaurrera. Oso ausartak dira.

Zuzendari batek antzezlea izan behar du derrigor?

Lagungarria da, noski. Izan ere, aktore izandako zuzendari batek badaki zer ari diren sentitzen aktoreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.