leire narbaiza arizmendi
Iritzia

Lurrean etzanda

2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

Aurreko ostegunean eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak Abadia saria Ruper Ordorikari. Hurrengo egunean, Zaldibarko plazan bakarka eman zuen kontzertura joan ginen neguko txamarra jantzita. 

Hotzak egon arren, ederra izan zen kontzertua, betiko moduan. Kantu zaharrak abestu zituen, gure bizitzako momentu askotako soinu bandan izan direnak, eta sasoi haietara eroan gintuzten; izan ere, musikak telegarraio boterea duela esan genezake.

Zerutik gertu ez da ondo egoten kanta ere eman zuen. Ez da beste batzuk bezain zaharra, baina lehenengoz entzun nuenetik liluratuta nauka, ikaragarri ederra dela begitandu zitzaidan. Eta Ordorikaren letra askotan bezala, geure burua imajina genezake abesti barruan, letrak oso bisualak direlako, iradokitzaileak. Giro bat sortzen dute, tenperatura, usainak, zaratak senti genitzake, eta berak sortutako film megalabur horretan gaude, kontatzen dena ikusten eta sentitzen. 

Aitatu dudan kantu horren hitzak ez dira oñatiarrarenak, Dionisio Cañas Mantxako poetarenak baino. Egia da Ordorikak itzulpenean moldatu egin zituela pitin bat, bereago egitearren. Hauxe dio kantak:

«Zerutik gertu ez da ondo egoten,/ nik badakit luzaro bizi izan naizelako/ lurraren eta zeruaren artean./ Hobea da hemengo/ bazter txiki hau/ non egunsentiko xoriek/ deitzen zaituzten,/ non xinaurriek/ beren bideak egiten dituzten,/ non armiarmak bere tranpa/ jartzen duen barkamenik gabe./ Zerutik gertu zuloak daude/ zure bihotza bezain beltzak,/ zerutik gertu ez dira entzuten/ albisteak beren odol putzuekin,/ gaizki egoten da zerutik gertu,/ ez, nik ez dut zerutik gertu egon nahi,/ hemen egon nahi dut, lurrean etzanda,/ bere taupadak, amodioak eta miseriak/ entzunez,/ sagarrondoen loreen zain,/ labexomorroen muxu goxoa,/ goruntz begira lainoak nola pasatzen diren./ Euria egiten duenean/ urak garbi dezan/ hildako guztien oroimena,/ zerutik begiratzen gaituzten hildakoak,/ horiei eskatzen baitiet/ lasai utz nazaten,/ zerutik urrun».

Batzuek nahiago dute zerutik gertu egon, ezerk eragin ez diezaien, ukiezinak sentitzen direlako zerutik hur egotean. Baina sentimenduen anputazioa litzateke hori, nire ikuspuntutik, behintzat.

Poetak buruan zuen ideia poema hori idaztean, gero Ruper Ordorikak kantatzean, eta entzuleongana iristen dena desberdina izan liteke, poesia (eta abestiak) hori delako, norberaren egoerara moldatzea, agian sorkuntza momentuan ez zegoen esanahi bat ematea, betiere jasotzaileak bere esperientzia, mundu ikuskera eta situazio pertsonalera egokitzea. Gura barik, askotan, berba (eta doinu) horrek norberaren barruan isiotzen dituen sentimenduen eta egoeraren arteko lotura. Hori da poesiaren (eta musikaren) magia. Batzuetan baltsamo, besteetan errebultsibo, beti ezinbesteko.

Esango nuke nire gogoarekin bat egiten duela eresi honek nik ere nahiago dudalako lurrean etzanda egon, hemen egon, lurrean etzanda, bere taupadak, amodioak eta miseriak entzunez. Gurago eguneroko gauza txikiekin disfrutatu, eta kontu txarrekin sufritu. Lurretik hurrean egoteak hori dakarrelako, pairamena eta gozamena. Zerua eta heriotza ere lotzen dira hemen, nik beste leku batetik begiratu nahi izan badiot ere. Batzuek nahiago dute zerutik gertu egon, ezerk eragin ez diezaien, ukiezinak sentitzen direlako zerutik hur egotean. Baina sentimenduen anputazioa litzateke hori, nire ikuspuntutik, behintzat. Lurrak urratu gaitzala, zikindu, inplika gaitezen.

Nik lurrean etzanda egon nahi dut, edo artazi-aulkian eserita, hotzak, neguko txamarra soinean Ruper Ordorikari entzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.