Liburu denda txikiek badute halako xarma bat liburu denda handiek eta plataformek ez dutena. Literatur zaleen ustez, liburu bat aukeratzea ez da erosketa bat egitea soilik; literatur unibertsoan bete-betean sartuko dituen esperientzia bat da. Liburu denda txikietan saltzaileak gomendio pertsonalizatuak ematen dizkio bezeroari, ustekabeko elkarrizketak sortzen dira beste irakurle batzuekin, eta ustez behar ez den liburu hori aurkitzeko aukera ematen dute. Horregatik egiten dute askok eta askok liburuak halako saltokietan erosteko hautua. Esate baterako, hori guztia eskaintzen du Donostiako Hontza liburu dendak, eta, batzuentzat denda soil bat den arren, donostiar askorentzat-eta liburuz beteriko ozeanoan nabigatzeko literatur aterpe bat da. 1982an ireki zuten Hontza, eta, berrogei urtetik gorako ibilbidea egin ondoren, agur esateko garaia dela erabaki dute jabeek. Denda Esther Moiuak eta Ramon Tatiegik bideratu dute liburu urte hauetan guztietan, beste kide batzuekin batera.
Ikusi gehiago
Aitari lekukoa hartuta, urte batzuk daramatza Hontzan lanean Jon Tatiegik (Donostia, 1995). Dendaren kudeaketa utzi egingo dutenez, esan du beste norbaitek kudeatu beharko duela, baina oraindik ez dutela inor aurkitu. Jon Tatiegik aitortu du bera prest dagoela kargu hori hartzeko, baina inplikazio eta konpromiso bat eskatzen duela dio: «Hontzak urteetan iraun badu, langileek izan duten inplikazioarengatik izan da, eta hori talde batek bere gain hartu behar du. Hemendik aurrera ere bideragarria izaten jarrai dezake, baina horretarako gogotsu sartuko den talde bat behar dugu». Jakinarazi du ixteko erabakia hartzea zaila izan dela, baina ez dutela beste biderik aurkitu.
«Pena ematen digu, baina Hontzaren itxierak argi erakusten du zer hiri eta gizartetarako bidean goazen»
JON TATIEGIDonostiako Hontza liburu dendako langilea
Liburu baten inguruan galdezka joan da Hontzako erosle bat, eta, alde egin baino lehenago, «noiz itxiko duzue denda behin betiko?», galdetu dio Tatiegiri. Albistea eman zutenetik, jende asko azaldu da saltokira galdera berarekin. Tatiegik adierazi du ezin dutela erantzun zehatzik eman, oraingoz: «Lokala salgai jarri dugu; beraz, saldutakoan esango dugu».
Denda ixteak kostu ezberdinak ditu, eta «itxiera gastuei aurre egiteko» lokala salgai jartzea erabaki dutela adierazi du; eta, lokala saldu arte ezin dutenez itxi, dendak orain arte bezala funtzionatzen jarraituko duela. Tatiegik gaineratu du norbaitek Hontza hartu nahi badu errentagarritasuna lortzeko hasieran apustu ekonomiko handi bat egitea eskatzen duela, dendaren sortzaileek hasieran egin zuten moduan.
Kontsumo ohituren aldaketak
Denak du hasiera eta bukaera, eta oraingoan Hontzari tokatuko zaio agur esatea: «Pena ematen digu agur esateak, baina Hontza utzi behar izateak argi erakusten du zer hiri eta gizartetarako bidean goazen». Kontsumo ohiturak aldatu egin direla dio Jon Tatiegik, eta, beraz, geroz eta zailtasun gehiago dituztela komertzio txikiek. Donostiako liburu denden artean, 2023an Lagun eta Tobacco Days itxi zituzten.
Hontzako langileak aitortu du gaur egun oso gutxi erosten dela denda txikietan, eta joera handiagoa dagoela saltoki handietan edo Internet bidez erosteko. Kontsumo ohituren aldaketa kalean nabaritzen da, eta Hontzakoek ere nabaritu dutela azaldu du Tatiegik, geroz eta gutxiago saltzen dutelako. Etorkizuna beltz ikusten duen arren, uste du oraindik Donostian negozio txikiek badutela lekurik.

Horrelako liburu denda txiki batek profesionalizatzea eskatzen duela adierazi du Tatiegik. Hontzako langile gehienak urteetan bertan aritzen saiatu dira, eta zerbitzu espezializatu bat eskaini diete bezeroei. Negozio txiki bati eusteko, lanean ordu asko sartu behar dira, baina Tatiegik uste du hori lortzea geroz eta zailagoa dela: «Horrelako komertzio txiki bat mantentzeak inplikazioa eskatzen du. Ez honetarako bizitzea, baina bai ordu asko eskaintzea, bueltan zer jasoko duzun jakin gabe, gainera. Beraz, nik uste dut lehen baino zailagoa dela jendea prest egotea hemen behar den denbora pasatzeko. Eta geroz eta zailagoa da, ordu asko pasatu arren, errentagarria izatea edo soldata duin bat ateratzea».
Hontza Donostiako liburu dendaren langileen urteetako esfortzuak eta inplikazioak izan du, ordea, ordainsaria; izan ere, donostiarren artean oso maitatua da denda. Maitasuna eta babesa sentitu dituztela dio Tatiegik, eta asko baloratzen dute hori. «Langileok gauza asko ondo egin ditugula esan nahi du horrek, eta bezeroak ondo zaindu ditugula. Dendak urteetan jendeari emandako tratuaren buelta da hori». Ondorioz, «pena» ematen die negozioa laga behar izateak.