leire narbaiza arizmendi
Iritzia

Liburuez

2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Burua arindu nahi dudanean, telebista saio txotxoloak ikusteko zaletasuna daukat. Jesarri sofan, burua samatik askatu, eta ondoan jartzen dut programak edo tarteak irauten duen denboran, modu metaforikoan, jakina. Amaitutakoan, atzera ere bere lekuan ezarri burmuina, eta aurrera. Arazoak boladatxo batean uxatzeko balio dit, ganorazko ezertan ez pentsatzeko. 

Etxeak erreformatzeko saioak ditut gogokoen. Ia denak Ipar Amerikan eginak. Denak oso zoroak gure begi harrituendako. Open concept dute denek gustuko, 300 metro koadroko etxea txiki geratu zaienez, handitu nahi dute. Gastatzen dituzten dirutzak ere halakoak dira, sei zifra erreforma egiteko, eta erosteko, batzuetan zazpi ere bai. Komun gehiago gelak baino, konketa bikoitzak, baita labeak ere. Beste mundu bat. 

Txundituta entzuten ditut kontuok, eta inoiz ez naiz ohitzen, urteetan ikusle banaiz ere. Zorakeria galantak entzuten dira, sartu barik genero roletan eta mundu ikuskeran. Horren gainean asko izango genuke esateko.

Harrigarriena, baina, liburu falta egiten zait. Ia ez da libururik agertzen etxe horietan, ez erreforma aurretik, ez erreforma ostean. Horrek zurtu egiten nau beti. Dekoratzeko ere ez dituzte jartzen, ezta artista handiei buruzko liburu erraldoi horiek ere. Sasoi batean liburuak apaingarri ere baziren, eta metroka erosten ziren larruzko azalak edo antzekoak zituztenak, dotore egiteko ez ezik, etxe horretan kultura ere bazegoela adierazteko, nahiz eta inork ez zuen horietako bat bera ere inoiz zabaldu.

Izan ere, liburuak kulturaren eta estatusaren erakusgarri ere baziren. Makinatxo bat etxetan sartu ziren lehenengo liburuak seme-alaben testu liburuak eta eskolak eskatutakoak ziren. Ikasketa gutxiko familiak edota pobreak izaten ziren halakoak. Beraz, liburutegia erakusteko moduko zeozer zen, fikzioa baino ez bazen ere.

Liburuzaleok, liburuak dauden edonon sartzen bagara, ezin dugu saihestu horiek begiratzea, guretako bizitzaren parte ezinbestekoa direlako.

Baina, antza denez, liburuak izatea demodé dago. Baliteke gainbehera estetiko hori paperezko entziklopediak desagertzearekin batera etorri izana. Badirudi digitalizazioak eta Internetek liburuak erakustea modaz pasatzea ekarri zutela. 

Liburuzaleak garenondako, ostera, moda horri jarraitzea ezinezkoa zaigu, absurdoa dela ere baderitzogu, liburuak irakurtzeko tramankuluak ez ezik, kultuzko objektuak ere badirelako, askotan eragin dizkiguten gozamena eta gozatua gogorarazten dizkiguten gauzakiak. Liburuek magia daukatelako, babeslekua direlako sarritan, plazera sortzen digutelako.

Zaleok, liburuak dauden edonon sartzen bagara, ezin dugu saihestu horiek begiratzea, ikustea nolako gustua duten espazio hori okupatzen duten pertsonek, guretako bizitzaren parte ezinbestekoa direlako, eta jabe horien gainean informazioa ematen digulako. 

Egia da liburuak metatzea dela irakurzaleok dugun albo ondorioa, eta ez gara aitatu ditudan saioetako etxe erraldoietan bizi normalean, pisu nahiko txikietan baizik. Problema bihur litezke gure zera hauek. Stop esateko momentua ere etortzen da, oparitzeko momentua, baina inguruko fanatikoek ere ez dituzte nahi, eurek ere apalak lepo dauzkatelako. Liburutegi publikoak ere halaxe daude. Beraz, zer egin? Agian berriro ere modan jarri beharko genituzke liburudun apalategiak, eta horretarako irakurzaletasuna bultzatu beharko litzateke, edo kabitu ezinda dauzkagun liburuak Ipar Amerikako open concept-eko etxeetara bidali, bertan denak sartuko dira eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.