LGTBI planak, geroz eta gehiago

LGTB komunitatearen eskubideak babesteko asmoz, azken urteetan herri askotan egin dira komunitatearen inguruko diagnostikoak eta ekintza planak.

Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna
Gazte batzuk LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioan, 2019ko ekainaren 28an, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jone arruabarrena
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Gaur da LGTBI kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, eta kaleak ostadarraren koloreez beteko ditu kolektiboak, bere eskubideak aldarrikatzeko. Gipuzkoako zenbait lekutan antolatu dituzte mobilizazioak; esaterako, Donostian 19:00etan hasiko da protesta, Alderdi Ederren. Kolektiboaren aurkako jarrerak duela urte batzuetatik hona murriztu egin diren arren, oraindik erasoak pairatzen dituzte LGTBI kolektibokoek. Donostiako Udalaren eskariz Zaira Garcia Dafonte ikerlariak Donostian egindako ikerketa batek erakusten duenez, iaz hemezortzi pertsonak salatu zuten Donostian eraso LGTBIfobo bat jasan izana —esate baterako, 2022an ere hemezortzi salaketa izan ziren; 2021ean, hemeretzi—. Udan izan ohi dira kasu gehien; iazko maiatzetik abuztura bitartean 11 gertatu ziren, eta gehienak eremu publikoan izan ohi dira. 

Hori dela eta, zenbait udalek esku hartu dute, eta azken urteetan ugaritu egin dira LGTBI planak martxan jarri dituzten udalerriak. Leku bakoitzean LGTBI kolektibokoek bizi duten errealitatearen diagnostiko bat egin ohi dute lehenengo, eta sentsibilizazioan eragiteko zein kolektibo horretako pertsonen bizi baldintzak hobetzeko lan lerroak jartzen dituzte martxan. Azpeitian joan den astean aurkeztu zuten lehen diagnostikoa. Zumaian bi urte daramatzate LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzeko planarekin.

1

Azpeitia

Herriko LGTBI komunitatearen bizipenak, argitara

Oihu bat isiltasunean. Horrela dauka izena Azpeitian ekainaren 21ean aurkeztu zuten LGTBI errealitateen diagnostiko eta ekintza planak. Eihera kooperatiba arduratu da diagnostikoa lantzeaz, eta Azpeitiko 31 norbanako eta eragilerekin bildu da azterketa osatzeko. Hiru fase izan ditu ikerketak: lehen fasean, LGTBI kolektiboko hemeretzi lagunekin bakarkako elkarrizketak egin zituzten; bigarrenean, herriko eragileekin batzartu ziren; eta hirugarrenean, udaleko ordezkariekin. Bilkuretan lortutako informazioarekin osatu dute diagnostikoa, pertsonen testigantzak kontakizun moduan bilduta.

Diagnostikoa esku artean izanda, errealitate horiek hobetzeko lan lerro batzuei jarraitzea da asmoa. Nagore Alkorta alkateak aurkezpenean adierazi zuen «pentsatzekoa» zela herriko LGTBI kolektibokoen errealitateak ez direla «samurrak» izango, baina aitortu du orain arte ez diotela gaiari heldu: «Orain, diagnostikoa osatu dugu, eta pozik gaude. Baina diagnostikoak ez du ezertarako balioko, baldin eta gero ez baditugu pauta batzuk jartzen ikusitako hori konpontzeko. Horregatik, oso garrantzitsua da diagnostikoarekin batera osatutako ekintza plana».

(ID_17194774212565) (/EZEZAGUNA)

Diagnostikoaren aurkezpena, Azpeitian, ekainaren 21ean. AZPEITIKO UDALA

Ikerketan «tradizioa» eta «bakartzea» aipatu dituzte, besteak beste. Izan ere, azterlanaren arabera, azpeitiarren artean pisu handia daukate tradizioak eta erritualek, eta horiek betetzen ez dituztenek «bestearen» lekua betetzen dute. Alde horretatik, estereotipo tradizionalak «oso markatuta» daudela adierazi dute elkarrizketatu batzuek. Bide horretatik, herriak «munduarekiko urruntasun bat» duela uste dute ikerketan parte hartu dutenek. 

LGTBI kolektibokoentzat Azpeitiko eremu publikoa eremu segurua den ere aztertu dute azterlanean. Kolektiboko kideek ondorioztatu dute ez dutela sentitzen kalea euren tokia denik. Besteak beste, LGTBI komunitatekoen ikusgaitasunik ezarekin lotu dute hori: «Kaleak ez baditu zure komunitateak modu ikusgarri batean zapaldu, bizi, erabili eta ospatu, ezinbestean isilpeko mezu bat jasotzen duzu, zeinak esaten dizun kalea ez dela zure lekua, edo ez guztiz, behintzat». Ikusgaitasunarekin lotuta, ikerketan bildu duten beste ondorio bat da gizon homosexualek herrian presio jakin bat bizi dutela gizontasunaren kontzeptua «marikoi» kontzeptutik ahalik eta urrunena eraikitzeko. Hori egin ezean «harridura gutxienez» nagusituko litzatekeela adierazi dute elkarrizketatu batzuek.

«Diagnostikoa osatu dugu, eta pozik gaude. Baina diagnostikoak ez du ezertarako balioko, baldin eta gero ez baditugu pauta batzuk jartzen ikusitako hori konpontzeko».

NAGORE ALKORTAAzpeitiko alkatea

Eremu horietan izaten diren jarrera sexista eta homofoboak ere aztertu dituzte, eta Azpeitian halako jarrerek «onarpena» dutela sentitzen dute elkarrizketatuek: «Beste espazio, herri edo lekuetan onartezinak lirateke gauza horiek».

Udala hurbil sentitzen duten arren, elkarrizketatutako herritarrek sentitzen dute instituzioak «zailtasunak» dituela kolektiboko pertsonen beharrak identifikatzeko, eta ikerketa ikusi dute horretarako lehenengo pauso gisa. Diagnostikoaren ondoren finkatu duten plangintzak, besteak beste, behar horiek betetzeko helburua dauka.

Neurriak

Txostenak, azken orrialdeetan, Azpeitiko Udalak bete beharreko plangintza dakar. Besteak beste, eraso LGTBfoboak artatzeko protokolo baten beharra azpimarratu dute, baita urtean zehar jasandako indarkeriaren eta bazterkeriaren «errekonozimendu eta babeserako» udal ekinbide bat antolatzeko gomendioa ere. Espazioaren erabilerari dagokionez, planaren bidez, LGTB banderaren presentzia bermatuko da herriko kale eta eraikin publikoetan, eta kultur programazioan ere «gune inklusibo, anitz eta parekideak» bermatzeko irizpideak zehaztuko dira. Sentsibilizaziorako kanpainak ere aurreikusten ditu dokumentuak, bai herrian bertan eta bai LGTB kolektiboan, baita hezkuntza arloan ere.

2

Zumaia

Bide orriari segika, LGTBI komunitatekoen bizi baldintzak hobetzeko

Zumaian 2020an hasi ziren LGTBI errealitateen inguruan lanketa egiten. Alde batetik, udaleko sailak LGTBI ikuspuntutik aztertu zituzten, eta formakuntza saioak egin zituzten udal zerbitzuetan kolektibo horren inguruko sentsibilizazioa txertatzeko. Bestalde, kolektiboaren problematika lantzen hasi ziren herriko gazteekin. Azken horretatik sortu zuten Zirta espazioa, hilabetean behin gazteen zalantzak argitzeko «konfiantzazko» gune bat.

Hala ere, egitasmo solteez harago, bide orri bat ezarriko zuen tresna konkretu baten beharra zegoela ikusi zuen udaleko Berdintasun Sailak, Eihera kooperatibarekin batera. Orduan hasi ziren gaiaren inguruko plana osatzen. Zumaian LGTBI errealitateen inguruko «sentsibilizazio lana» egitea beharrezkoa zela ikusi zuten, baita herriko LGTBI mugimenduei ahotsa eta baliabideak ematea ere, Maite Larrañaga Berdintasun zinegotziak azaldu duenez: «Ikusarazi beharreko egoera bat da. Herrian eragin bat izan behar dugu normalizaziorako bidea egiteko». Hain zuzen, udalak arlo horrekin eragiteko neurriak sortzea izan zen planaren beste helburuetako bat. Garrantzi berezia eman zioten neurriak «transbertsalak» izateari eta, horrenbestez, arlo guztietara zabaltzeari, Larrañagak esan duenez: «Kontu transbertsal bat da, hainbat esparrutatik landu beharrekoa. Ezin dugu landu sail batetik bakarrik; eremu askotan dauka eragina, gure bizi baldintzak hobetzeko neurriak diren heinean».

Azkenean, Zumaiako LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko plana osatu zuten 2022ko urrian, zazpi eremutan banatutako hainbat neurrirekin: eremu publikoa, memoria, saretzea eta komunitatea, kultura, kirola eta aisialdia, hezkuntza eta formakuntza esparruak, arreta eta zerbitzuak, eta administrazioa eta barne maila.

«Gai transbertsal bat da, esparru ezberdinetatik landu beharrekoa. Ezin dugu landu sail batetik bakarrik; eremu askotan dauka eragina».

MAITE LARRAÑAGAZumaiako Berdintasun zinegotzia

Neurri horiek aplikatuta, hainbat egitasmo jarri dituzte martxan, baina Larrañagak adierazi du prozesu «geldoa» dela: «Oraindik asko dago egiteko. Jarraipena ematea ez da erraza, eta oztopo asko daude. Baina zailtasun guztien gainetik aurrera eraman nahi dugu plana, eta badauzkagu ekintza konkretuak buruan. Azkenean, plan bat egitea bera oso positiboa da; norabide bat markatzen dizu».

Besteak beste, herriko LGTBI mugimenduak biltzen dituen memoria bat osatu zuten iaz. «Adin ezberdineko jendea bildu genuen, eta galdetu genien nola sentitu ziren duela urte batzuetako Zumaian, LGTBI komunitatekoak izanik. Aurrera begira ere egoera nola ikusten duten azaldu ziguten», esan du Berdintasun zinegotziak. Memoria horretako parte hartzaileak anonimoak dira, baina hautetsiak azaldu du «erreferente batzuk markatzeko» balio izan diela. Horrez gain, planari jarraituta segitu dute gazteen artean lanketa egiten; esaterako, maiatzaren 17an –LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da–, Zumaiako ikastetxeetan LGTBI kolektibokoek jasaten dituzten diskriminazio eta tratu txarren inguruan sentsibilizatzeko dinamikak antolatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.