Letra batzuk lurralde ilunetik

Bizi osoan ehunka orri idatzi zituen Benita Gorostizu altzagarrak bere sortetxean, Sarasola baserrian. Desagertzen ari zen baserri munduari eta genero desberdintasunari buruz idazten zuen. Haren idazkiak berreskuratu dituzte liburu batean.

(ID_17114632491305) (/EZEZAGUNA)
Benita Gorostizuren argazki bat, Altzagako Sarasola baserriaren irudi batekin batera, haren hitzak gainean dituela. GIPUZKOAKO HITZA
jone arruabarrena
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Bizi osoan lurra landu zuten Benita Gorostizu Imazen eskuek. Hamabi seme-alabaren eta senarraren gosea asetzeko otorduak prestatu zituzten esku horiek berek, baita ehunka paper zirriborratu ere. Etxekoak oheratzen zirenean eta baserriko lanak bukatuta hartzen zituen Gorostizuk papera eta boligrafoa, afalondoko harrikoa egin ostean. Altzagako Sarasola baserriko sukaldean josten zituen hitzak eta esaldiak, abileziaz. 1981ean zendu zen, eta, berrogei urte geroago, Elixabete Perez Gaztelu filologoak eta Leyre Arrieta Alberdi historialariak haren eskuizkribuak berreskuratu dituzte, eta Sukaldetik agorara. Benita Gorostizu Imaz liburuan bildu.

1915ean jaio zen Gorostizu, eta 12 urte zituen arte joan zen eskolara. Gaztelaniaz baino ez zen alfabetatu, garai hartan ez baitzegoen euskaraz ikasteko aukerarik. Hala ere, euskaraz irakurri eta idazten zuen, bere kabuz. «Bizimodu gogorra egokitu zitzaion. 15 urterekin gurasoak galdu zituen, eta berak hartu behar izan zuen sei anai-arreba gazteagoen ardura, aitona-amonen laguntzarekin», esan du Elixabete Perezek. 17 urterekin ezkondu zen Gorostizu, bera baino zortzi urte zaharragoa zen gizon batekin, Juan Antonio Garmendia Mutiloarekin, eta 19 urterekin izan zuen lehenengo umea. Jaio eta gutxira hil zitzaien, ordea. Garai hartan, ohikoa zen emakumeek esnea izanez gero umezurztegiko umeak etxera eramatea, edoskitzeko. Hala egin zuen Gorostizuk ere. Zizurkilgo Fraisoroko umezurztegira joan, eta Luis Mari Tola izeneko umea eraman zuen etxera, 1934an. Tola ez zuten, ordea, Fraisorora bueltan eraman, eta familiakoa bihurtu zen; 1989an hil zen.

(ID_13734170) (/EZEZAGUNA) 6irudiabenitaetasenideak

Benita Gorostizu, bere anai-arrebetako batzuekin. Ezkerretik hasita: Benita, Filomena, Luxia, Periko eta Jose Gorostizu Imaz senideak. GARMENDIA-GOROSTIZU FAMILIA

1936an jaio zen Kolestin, bigarren semea, gerra hasi berri zela. Antonio senarrak ihes egin behar izan zuen orduan, 1936ko altxamenduaren ondoren. Gorostizu baserrian geratu zen, bi seme txikiekin. «Antonio oso gaizki etorri zen gerratik, gaixorik, kartzelan egon ondoren. Ez zen lan egiteko gauza, eta Benitari egokitu zitzaion etxeko martxa aurrera eramatea, seme-alaben laguntzarekin», dio Perezek. «Baratzeko gauzak saltzen zituzten azoketan. Haren hurrek oso izen ona omen zuten, eta etxean egindako gurina ere saltzen zuten».

(ID_13734168) (/EZEZAGUNA) 10irudiaarantxarenezkontzagarmendiagorostizuanaia-arrebaketakarmenkoinata
Garmendia-Gorostizu familia. Arantzazu arreba nagusiaren ezkontzan. Erdian, Benita Gorostizu eta Antonio Garmendia. GARMENDIA-GOROSTIZU FAMILIA

Seme-alaba gehiago izan zituzten Benitak eta Antoniok: hamabi guztira. Guztiek gogoratzen dute ama etengabe irakurtzen, sukaldean ari zen bitartean, zein beste tarteren bat zuenean. Gorostizuk pilota eta arrauna ere gustuko zituen, eta irratian entzuten zituen lehiaketen emankizunak. Oso emakume «emana» zen, Perezen arabera: «Komunitateari oso lotuta zegoen. Telefonorik ez zegoen Altzagan, eta telefonoko haria jartzeko hura ibili zen bazterrak nahasten. Bizilagunen batek paperen bat egin behar bazuen Donostian edo Tolosan, hura joaten zen, trena hartuta».

Mundu aldakorrari, hitzak

Gauetan eta asteburuetan; gehienetan tarte horietan izaten zuen Gorostizuk lapitza hartu eta paperak zipriztintzeko beta. «Askotan, loari kentzen zizkion orduak. Horrek erakusten du idazteko zer grina zeukan», esan du Perezek. Baina zerk eraman zuen ehunka orri idaztera? Hori izan da Perezek eta Arrietak ikerketan argitu nahi izan dituzten galderen artean nagusietako bat. «Gure susmoa da idatzita utzi nahi zuela bere mundua nolakoa zen. Kezkatuta zegoen, ikusten baitzuen mundu hori aldatzen ari zela industrializazioarekin batera», azaldu du Arrietak. Izan ere, Gipuzkoako baserri mundua husten ari zen; tartean, Altzagakoa. Geroz eta herritar gehiago joaten ziren landa eremutik hirira, eta horrek eragina zeukan, besteak beste, baserri eskolen desagerpenean. Gorostizuk kezkaz bizi zuen gai hori, Perezek jakinarazi duenez: «Tolosako alkateari gutun bat idatzi zion, eskola txiki horiek kentzen zebiltzalako. Mundu hori ere desegiten ari zen pixkanaka, eta herrietako umeak hiriko eskoletara joaten zirenean, baserriarekin zuten lotura galtzen zuten. Benitak, idazki horretan, proposatzen zuen alderantziz egitea: hirietako umeak baserri eskoletara eramatea».

(ID_13734166) (/EZEZAGUNA) 4irudiasarasolakosukaldea
Altzagako Sarasola baserriko sukaldea, gaur egun. Han bizi zen Benita Gorostizu. GARMENDIA-GOROSTIZU FAMILIA

Gorostizuk garrantzi berezia ematen zion ikasteari. Haren idatzizko lanik luzeena, hain zuzen, fikziozko elkarrizketa bat da, amona eta iloba baten artekoa, estilo pedagogikoan osatua. Peru Abarka-ren estiloa darabil idatzi horretan, Perezen arabera. Arrietak, berriz, testuaren balio antropologikoa azpimarratu du: «Baserriko bizimodua eta balioak transmititu nahi zizkien hurrengo belaunaldiei. Esaterako, zehaztasun handiz esplikatzen zituen urtaro bakoitzean egin beharreko baserriko lanak. Hori, batetik. Eta, bestetik, haren helburu nagusietako bat zen ilobari ikastearen garrantzia transmititzea. Elkarrizketa horretan esaten dio eskolan ikasten dela, baina badaudela ikasteko beste iturri batzuk ere». 

Emakumeek ere ikasi egin behar zuten, Gorostizuk nabarmentzen zuenez. Emakume eta gizonen arteko berdintasunik eza zen lantzen zituen beste gaietako bat, eta, hain zuzen, Zeruko Argia-n horren inguruan idatzi zuen 1971n, Emakumea dala-ta artikuluan. Hori da bizitza osoan argitaratu zuen artikulu bakarra. «Artikulu horretan, emakume baten bizitzako mugarri garrantzitsuenak aipatu, eta gizon baten bizitzarekin alderatzen ditu, haien artean dagoen berdintasun falta azaleratzeko. Testuan dio emakumeak lurralde ilunean daudela, eta bertatik ateratzeko bide bakarra ikastea dela», kontatu du Perezek. Hala ere, beste hainbat gai lantzen zituen Gorostizuk testuetan, gehienetan iritzi artikulu eran. Besteak beste, Eliza katolikoaren pisuaz, euskararen egoeraz, familiaren garrantziaz eta gizarte klaseen bereizketaz aritzen zen. «Ilobarekin daukan elkarrizketa horretan, esaterako, trenean lehen eta bigarren mailako kategoriak daudela esplikatzen dio», esan du Arrietak.

(ID_13736440) (/EZEZAGUNA) emakumeadalataeskuzidatzia_page-0001

Benita Gorostizuk 1971n 'Zeruko Argia'-rako idatzitako Emakumea dala-ta izeneko artikuluaren zirriborroa. GARMENDIA-GOROSTIZU FAMILIA

Idazkera landua

Gorostizuk landu zituen gaiez gain, horiei buruz hitz egiteko erabiltzen zuen hizkuntza aberatsa ere azpimarratu dute liburuaren egileek. Euskaraz alfabetatu ez zen arren, Perezek esan du hizkuntza abileziaz erabiltzen zuela: «Euskara oso aberatsa zeukan; sinonimo asko sartzen zituen, baita bizkaierazko hitz asko ere. Letrari dagokionez, oso txukun idazten zuen. Guk eskuizkribuak editatu ditugu liburuan biltzeko, ez zuelako gaur egun idazten dugun bezala idazten. Ortografia ere egokitu dugu, baina ahal den neurrian errespetatu ditugu idazkiak; ez genion haren usaina kendu nahi».

«Baserriko bizimodua eta balioak transmititu nahi zizkien hurrengo belaunaldiei. Esaterako, zehaztasun handiz esplikatzen zituen urtaro bakoitzean egin beharreko baserriko lanak».

LEYRE ARRIETAHistorialaria eta 'Sukaldetik agorara' liburuaren egilea

Testuek euskal lexikoari egiten dioten ekarpena ere nabarmendu du Perez filologoak. Izan ere, baserri giroko hizkeran oraindik jaso gabe zeuden hitzak erabiltzen zituen Gorostizuk. «Gu kalekumeak garenez, baserri giroko hitz batzuk ez genituen ulertzen. Hiztegien bidez argitu behar izan ditugu horietako batzuk, baina badaude hiztegietan ere ez dauden hitzak, Benitak berak sortu zituenak edo, bestela, orain arte hiztegietara eraman ez direnak». Orotariko Euskal Hiztegiko lexikografoarekin harremanetan jarri dira ikertzaileak, eta Gorostizuk erabilitako hitzekin ekarpena egin diote hiztegiari. «Harrituta geratu nintzen zer lexiko aberatsa zeukan ikusita. Bazuen prosa lantzeko kezka; lan txukuna egin nahi zuen», gehitu du Perezek.

(ID_13734062) Elixabete Perez eta Leyre Arrieta
Elixabete Perez filologoa eta Leyre Arrieta historialaria, 'Sukaldetik agorara. Benita Gorostizu Imaz' liburua eskuetan dutela, astelehenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Benita Gorostizuren semeak Perezi eman zizkion eskuizkribuak, urte luzez seme-alabek etxean gordeta eduki ondoren. «Seme-alabak saiatu ziren lehenago ere horiekin zerbait egiten, baina inork ez zituen serio hartu. Ehun orritik gora ekarri zizkidan Gorostizuren semeak, eta irakurri nituenean, esan nuen: 'Honekin zerbait egin behar da'». Arrietarekin elkarlanean hasi zen ondoren, ikerketa osatzeko, eta Eusko Jaurlaritzako Berdinduz beka irabazita, urte eta erdian ondu dute Gorostizuren lana biltzen duen liburua. Apirilaren 26an aurkeztuko dute, Altzagan, 18:00etan.

Bi ikerlariek argi dute ezinbestekoa izan dela etxekoek Gorostizuren lanari garrantzia eman izana. «Segur aski, badaude antzeko lana egin duten emakume gehiago. Kontua da etxekoek zenbateraino estimatu dituzten emakume horiek utzitako idazkiak. Batzuek, agian, ez zituzten kontuan hartuko eta bota egingo zituzten. Benitaren seme-alabek, ordea, txukun gorde dute dena, balioa eman diotelako. Horri esker iritsi zaigu guri», ondorioztatu du Perezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.