Proposamena: Donostiako kaiko Karmengo jaiak

Piztu da jaia Donostiako kaian

Atzo hasi ziren kaiko Karmengo jaiak, eta sei eguneko egitaraua osatu dute antolatzaileek. Askotariko jarduerak izango dira: kontzertuak, artisau azoka, nasapuntakoa eta danborrada, besteak beste.

(ID_14061672) (/EZEZAGUNA) whatsappimage2024-07-09at17.33
Donostiako kaia, jendez lepo, iazko Karmengo jaietan. ARATZ GARTZIA
Donostia
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Donostiako Parte Zaharreko tabernaren batek asteazkenean eskegi zituen sabaitik paperezko karramarro gorri batzuen irudiak. Jendeak atzo koadrodun zapi zuri-urdinak lotu zituen lepoan, karramarro baten irudi batekin. Izan ere, atzo hasi ziren Donostiako kaiko Karmengo jaiak, eta karramarro gorri bat da jaien ikur. Karmengo festen antolatzaileek orain bi hilabete eman zuten sare sozialetan aurtengo jaietako daten berri. Lau eguneko egitaraua egin ohi dute urtero, baina urte honetan sei egunekoa osatu dute: atzo hasi eta asteartera bitartekoa. «Urte berezia da hau», esan du Ander Murua auzokide eta jaien antolakuntzako kideak. «Asteartean izango da Karmen eguna, uztailaren 16an, bisurtea delako». Haur danborradak eman zien festei hasiera, 18:00etan, eta hainbat kontzerturen ondotik piztu zuten suziria, 23:45ean.

«Urte osoan egoten gara auzoko kideok jai hauen zain», adierazi du Muruak. «Izugarri bizi ditugu txiki-txikitatik, oso bereziak dira guretzat, eta aurrerantzean ere horrela izatea nahiko genuke». Hain zuzen ere, horregatik ari da antolakuntza lanetan, beste hainbat kiderekin batera. «Donostian badira beste hainbat festa, baina kaikoak dira gure auzoko jai nagusiak, eta gogo handiz bizi ditugu». Badu susmoa auzotik kanpo ere zabaldu dela Karmengo jaiekiko grina. «Donostia osoan dute oihartzuna, eta horrexek betetzen gaitu gu, lan ona egiten ari garen seinale delako». Egunotan sortzen den giroa nabarmendu batik bat: «Giro osasuntsuan eta politean gozatzen dugu kaiko jaiez».

Murua 16 urte zituenetik ari da antolakuntza lanetan, eta orduantxe hasi zen jaiak «beste modu batera» bizitzen. Festek iraun bitartean gozatua hartzen duen arren, ohi baino bi egun gehiagoko egitaraua osatzeak «izugarrizko lana» eskatzen duela dio. «Urtarrilean hasten ditugu antolakuntza lanak, eta uztailera bitarte ez dago deskantsurik».

«Donostia osoan dute oihartzuna, eta horrexek betetzen gaitu gu, lan ona egiten ari garen seinale delako»

ANDER MURUA Donostiako kaiko Karmengo jaietako antolakuntzako kidea

Musika arloaz arduratzen da Murua; izan ere, horixe du zaletasun. Egitarauari ez zaio musikarik faltako, hamabi talde izango baitira oholtzan. Atzo jo zuten aurreneko hiru taldeek: La Jodederak, Neallta Folak eta Unidad Alavesak. Gaur ere hiru talderen txanda izango da: Eirerena, Gozategirena eta Indaberena. Bihar Bengo eta Iratzar erromeria igoko dira oholtzara. eta igandean, Andoni Oilokiegi. Bi DJ arituko dira, astelehenean: DJ Elhijodelamarili eta DJ Natural Killer. Itzal erromeriak itxiko du egitaraua, astearte iluntzean.

Ondo daki Muruak zer den Donostiako kaikoa bezalako oholtza batean jotzea: Mugan taldeko bateria jotzailea da, eta oholtzara igotzeko aukera izan zuen 2022ko uztailaren 16an, Karmen egunez. «Amets handitzat nuen hori. Nire auzoko jaietan osatu dudan taldearekin jotzea izugarria izan zen. Auzo guztia genuen begira, eta guri zegokigun giroa jartzea. Beteta zegoen gunea». Hark dioenez, ondo gordea du bizi izandako sentsazio hura.

(ID_14061671) (/EZEZAGUNA) whatsappimage2024-07-09at17.33
Ander Murua, iazko uztailaren 14ko elektrotxarangan, Donostiako kaiko Karmengo jaietan. ARATZ GARTZIA

Hain zuzen, gaur iluntzean sentsazio hori biziko du Donostiako Indabe taldeko Peru Blanco bateria jotzaileak. Blancok esan duenez, taldeko kideek beti oholtzapetik bizi izan dituzte jai horiek. «Urtero egutegian markatzen ditugun egunak dira, gertu sentitzen ditugu eta ez ditugu inoiz galtzen». Aitortu du «oso pozik» eta «eskertuta» daudelako bertan jotzeko aukera eman dieteleko, eta uste du horrek aukera emango diela jendeak taldea gehiago ezagutzeko. «Gozatu eta gozarazi nahi dugu, jendeak ondo pasatzea eta Indabe pixka bat gehiago ezagutzea. Karmengo jaietan beti egoten da uda hasierako jaietan egoten den giro berezia, eta gogo handia dugu horren parte izateko».

Askotariko jarduerak

Kontzertuak ez ezik, hainbat jardueraz beteriko egitaraua osatu dute antolatzaileek. Gaur, esaterako, pintxo lehiaketa izango da 12:30ean, eta ondotik, bazkaria eta bingo musikatua. 17:00etan, Bazpare elektrotxarangak girotuko du auzoa, eta Pasai txarangak hartuko dio erreleboa. 22:30ean hasiko dira kontzertuak, baina aurretik txokolate jana, sardin jana eta zezensuzkoa izango dira.

Bihar artisau azoka egongo da, 10:00etatik aurrera. Joaldunek eta kantujirak emango diote segida goizari, eta herri bazkaria izango da eguerdian. Arratsaldean, helduen danborrada egingo dute Parte Zaharreko kaleetan, kontzertuak hasi aurretik.

«Karmengo jaietan beti egoten da uda hasierako jaietan egoten den giro berezia, eta gogo handia dugu horren parte izateko»

PERU BLANCOIndabe musika taldeko kidea

Igandean goizean goizetik ekingo diote egitarauari, diana izango baita zortzietan. Gazta dastaketa, txistularien emanaldia eta Inaxio Perurena harri jasotzailearen erakustaldia izango dira ondoren, besteak beste. Andoni Oilokiegi oholtzara igo baino lehen, Joselontxos txaranga ibiliko da kalez kale.

(ID_14061673) (/EZEZAGUNA) whatsappimage2024-07-09at17.33
Neska bat nasapuntakoan parte hartzen, iaz, Donostiako kaiko Karmengo jaietan. ARATZ GARTZIA

Astelehena ere ekintzaz bete dute. Eskulan tailerrak, herri jolasak eta haurren nasapuntakoa egingo dituzte goizean, eta arratsaldean, berriz, pilota txapelketa, haurren festa eta txokolate jana. Iluntzeko DJak oholtzara igo aurretik, beste bi DJ izango dira arratsaldean parte zaharreko kaleetan barrena: DJ Mikeltxi eta DJ Miniño.

Azken egunean artisau azoka eta bertso poteoa egingo dute, eta arrantzaleen aldeko bazkaria izango da eguerdian. Pasai txaranga arituko da auzoko kaleetan egun horretan ere, eta Itzal erromeriaren kontzertuarekin batera emango diete amaiera aurtengo jaiei.

Muruak, antolakuntzako kideen izenean, jakinarazi du ez dela «inolako erasorik onartuko». Telefono zenbaki bat jarri dute martxan festek iraun bitartean: 664-41 76 97. «Den-denak izango dira ongi etorriak gure auzoko jaietan parte hartzera, baina kaia gune seguru bat izatea nahi dugu, eta denek gozatu ahal izatea, errespetuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.