Feminismoa

Lanketa pertsonal eta kolektiboan sakontzeko aukera

Feminismoa ardatz hartuta, askotariko 19 jarduera antolatu dituzte Tolosako Jabetze Eskolan; jarduerak Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean izango dira

(ID_13736374) (/EZEZAGUNA) emakumearte_erakusketa_ara
Tolosako Jabetze Eskolako ikasleek egindako lanen 'EmakumeARTEan' erakusketa, iazko urtarrilean, herriko Aranburu jauregian. JON MIRANDA
Tolosa
2024ko martxoaren 30a
05:00
Entzun

Tolosako Jabetze Eskolak hemeretzi saio antolatu ditu udaberrirako, errealitatea ikuspegi feminista batetik aztertu eta, hausnarketaren, eztabaidaren eta prestakuntzaren bidez, «emakumeen ahalduntzean eta parte hartze soziopolitikoan sakontzen jarraitzeko». Belaunaldien eta kulturen arteko topagunea da Jabetze Eskola, eta lanketa pertsonala eta kolektiboa uztartzen dituzten jarduerak eskaintzen ditu: ikastaroak, tailerrak, irakurle klubak, solasaldiak… Apirilaren 8an hasiko da ziklo berria, eta ekainaren 7ra arte iraungo du. Udaleko Berdintasun Sailak jakinarazi duenez, saioek sormena, identitatearen subjektibotasuna, autozainketa eta osasuna, komunikazioa, eta aldarrikapen feministak izango dituzte hizpide.

Jabetze Eskolarekin emakumeen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotu nahi dituzte, «gizarte justu, anitz eta osoago bat» lortzeko. Berdintasun Sailaren arabera, Jabetze Eskola ez da ohiko prestakuntza gune bat; izan ere, mugimendu feministatik garatutako jakintzan oinarritzen dira, ekoizpen kolektiboan eta metodologia partekatuan. «Metodologia horrek modua ematen du emakumeek eta sexu joera edo genero identitate askotariko koletiboek duten menpekotasun errealitateari izena jartzeko, errealitate hori auzitan jartzeko, eta irtenbideak proposatzeko. Esperientziak eta jakintzak partekatzea da eskolaren helbura, baina baita gorputzaz disfrutatzea, diskurtsoak, artea, kultura eta erreibindikazioak sortzea ere. Azken finean, esperientzia bat bizi izatea munduaz dugun pertzepzioa aldatuko diguna, eta, aldi berean, mundua aldatzeko tresnak emango dizkiguna».

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean egingo dituzte jarduera gehienak. Urtea hastearekin batera jarri zuten martxan Andragora. Tolosaldeko emakume guztiengana heltzea da haien nahia, eskualde guztian erreferentziazko gune bat izan dezaten. Libe Muguruza Andragorako dinamizatzaileak esan du «handia» dela eskualde osoko emakumeengana iristeko erantzukizuna: «Oso pozik gaude. Prozesua oso luzea izan da, eta emakume ugarik parte hartu du. Bide horretatik, erantzukizuna ere handia da, fisikoki Tolosan badago ere Tolosaldeko Emakumeen Etxea delako. Beraz, eskualdeko emakumeen behar eta aurreikuspen guztiei erantzutea egokituko zaigu».

Berdintasun Sailak begi onez ikusten du Andragora. Izan ere, «emakumeak elkartzeko, beraien artean eztabaidatzeko, ikasteko eta ahalduntzeko gune segurua eta kolektiboa» dela dio. Hainbat lan egin dituzte, gainera, elkarlanean; Tolosan osteopata batek egindako sexu erasoen harira antolatutako bi saioak, esaterako. Osteopatak eginiko erasoak jasan dituzten emakumeei eta haien gertukoei zuzendutako saioak antolatu zituzten martxoaren 16an eta 23an, eta Clara Wolframek dinamizatu zituen.

Kulturartekotasuna

Elkar ulertzeko eta partekatzeko guneak sortu nahi dituzte Tolosako Jabetze Eskolak eta Andragorak. Hori dela eta, Jabetze Eskolan, ohi bezala, askotariko jatorrietako emakumeentzako topaleku izaten den Guretzako gunea izeneko espazio bat ere izango da, Tolosaldea Garatzen agentziako Migrazio eta Aniztasun Sailarekin batera antolatutakoa. Kulturartekotasuna bultzatzeko asmoz, hiru ekintza antolatu dituzte: Lectura fácil —apirilaren 12an, 19an, 26an eta maiatzaren 10ean eta 17an—, Sesión informativa sobre extranjería/nacionalidad —apirilaren 30ean— eta Yo también tengo estudios, ¿cómo homologarlos? —maiatzaren 9an—. Kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra ere antolatu dute, euskaraz zein gazteleraz, ekainaren 7an.

«Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean eskualdeko emakumeen behar eta aurreikuspenei erantzutea egokituko zaigu».

LIBE MUGURUZATolosako Andragora Emakumeen Etxeko dinamizatzailea

Era berean, jarraipena emango diete urtetik urtera eskaera handia duten jarduerei, hala nola Nuestras emociones pintadas pintura tailerrari, Batukada Feminista taldeari, munduko emakumeen edo euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldeei, eta sormenezko argazkigintza eta xilografia tailerrei.

Udaberriko egitarauan, halaber, Tolosako Gizon Taldearekin elkarlanean antolatutako tailerra eskainiko dute: ¿Qué y cómo podemos aportar los hombres al feminismo?. Gizonek feminismoarekin duten zereginaren inguruan dauden erronketan sakontzeko eta aliatua izatea zer den eta zer ordezkagarritasun mota izan beharko luketen hausnartzeko gune bat izango da.

Saioetan izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko, eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean dago horretarako aukera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jarduera bakoitza hasi baino bi egun lehenagora arte ere eman ahal izango da izena.

Kronologia

     

    JARDUERAK:

    • ‘Emakumeak mugimenduan’. Apirilak 8, 15, 22, 29; maiatzak 6, 19:00etan, Andragoran.
    • ‘Comunicación igualitaria y espacios saludables para mujeres’. Apirilaren 8tik maiatzaren 27ra, astelehenero, 17:00etan, Andragoran.
    • Batukada feminista. Apirilak 9, 23; maiatzak 14, 28; ekainak 11, 18:30ean, Amarotz auzo elkartean.
    • Xilografia tailerra. Apirilak 9, 16, 23, 30; maiatzak 7, 14, 21, 28, 18:00etan, kultur etxean.
    • ‘Grupo de literatura de mujeres del mundo’. Apirilak 10, maiatzak 8 eta ekainak 12, 18:00etan, Andragoran.
    • ‘Sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik’. Apirilak 10, 17, 24; maiatzak 8, 15, 22, 29; ekainak 5, 18:00etan, Andragoran.
    • ‘Gatazkak aukera gisa kudeatzea’. Apirilak 11, 18, 25, 18:00etan, Andragoran.
    • ‘Nuestras emociones pintadas’. Apirilak 15, 22, 29; maiatzak 6, 13, 20, 15:00etan, Andragoran.
    • ‘Meditazioa, garapen pertsonala eta elkarlaguntza’. Apirilak 17, 24; maiatzak 8, 15, 10:30ean, Andragoran.
    • ‘Iniciación al bricolage’. Apirilak 20an, 09:30ean, Andragoran.
    • Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea. Apirilak 18, maiatzak 9 eta ekainak 6, 18:00etan, Andragoran.
    • ‘Bizikletan ibiltzearen plazera eta aukerak handitzea’. Maiatzak 11 eta 25, 10:30ean, Andragoran.
    • ‘Ilustrazioa ikuspegi feministatik’. Maiatzak 13, 20, 27; ekainak 3, 17:30ean, Andragoran.
    • ¿Qué y cómo podemos aportar los hombres al feminismo?. Maiatzak 16, 19:00etan, kultur etxean.
    • ‘Amatasuna, ez amatasunak eta ahaidetasun feministak’ solasaldia. Maiatzak 23, 18:00etan, Andragoran.

    'GURETZAKO GUNEA'

    • ‘Lectura fácil'. Apirilak 12, 19, 26; maiatzak 17, 10:30ean, Andragoran.
    • ‘Sesión informativa sobre extranjería/nacionalidad’. Apirilak 30, 10:00etan, Andragoran.
    • ‘Yo también tengo estudios. ¿Cómo homologarlos?’. Maiatzak 9, 17:00etan, Andragoran.
    • Kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra. Ekainak 7, 18:00etan, Andragoran.

     

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.