Maddi Aiestaran
URTEKARIA: IRITZIA

Lagunen egun inportanteak

2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Ez dauka izan beharrik urtebetetze egun bat, urteurren bat, asteburua. Ez dauka eduki beharrik izenbururik, egitaraurik, ekintzarik, sonarik. Batzuetan, gauza txikiengatik izaten dira egunak inportanteak: laneko kontratua bukatu zaigulako, hainbeste lan eta neke ekarri digun eguna iritsi delako, aspaldi juntatu gabeko norbaitekin juntatuko garelako, gustatzen zaigun toki horretara joateko plana dugulako, kobratu egingo dugulako, izan behar genuen elkarrizketa hori izango dugulako, etxez mudatuko garelako, harreman bat etengo dugulako, ez-dakit-nori sorpresa bat prestatu diogulako... Edo hori guztia hirugarren pertsonan.

Lagunen egun inportanteak gure egun inportante bihurtzen direla konturatu nintzenetik, uste dut kontzienteago eta fuerteago maite ditudala nire lagunak. Ze gertukoen emozioak gertuago sentitzea dakar horrek, eta gehiago konpartitzea, eta adiago egotea, eta egunak duen inportantzia on-ona bada, elkarrekin ospatzea, eta inportantzia txar-txarra bada, elkar goxatzea. Elkarren gorabeherak zaintzea gertuxeagotik. Emozionatu egiten naiz batzuetan, barrena astintzen didan ez-dakit-zer dela-eta eguna urduri pasatu, eta, etxera iristean, sumatutakoan gertuenekoak zain-zain ditudala, galdetzeko zer moduz joan den, zer behar dudan, eta hitz egiten didatenean nire pozak hauspotuz, nire kezkak mimatuz. Emozionatu egiten naiz, adibidez, astearte normal batean lotara joan, eta ez-dakit-zeinen hurrengo eguneko ez-dakit-zerk eusten dienean nire begiei zabalik. Pentsatzen dut molestatzen duela insomnio-tartetxoak, urduritasunak tripan, baina polita dela besterenak horrela inporta izatea.

Lagunen egun inportanteak gure egun inportante bihurtzen direla konturatu nintzenetik, uste dut kontzienteago eta fuerteago maite ditudala nire lagunak

Lagunen pozak baino gure poz propioak gehiago balio behar duela ikasi genuen lehen guk. Ondo dagoela lagunengatik poztea, baina beti poztu behar dela bat gehiago bere zera propioekin. Ikasi genuen zaindu behar dela laguna mintzen zaionean barruko aldea, baina berea dela mina, berak egin behar diola aurre. Eta bakoitzak ikusi behar duela zer egin bere erabakiekin. Norberak lehortu behar dituela bere hunkidura-malkoak, norberak egin behar duela esfortzua ez-dakit-zer lortu nahi badu, norberak ikasi behar duela norbere barruko aldea baretzen, indartzen, aldatzen. Ez dakit zergatik ikasi genuen hori guztia. Niri, konturatu nintzenetik lagunen egun inportanteak gure egun inportante bihurtzen direla, erantsi egiten zait askotan lagunen aldartea. Horregatik, nago ikasi ez genuen eran ikasi dugula honezkero elkarri ondoratzen, eta beraz gauzei hitzak jartzen, eta beraz elkarri entzuten, eta beraz elkar ulertzen. Kontua ez da lehen ikasi genuena guk, kontua ez da norbera eta besteak. Kontua da bat emozionatzea konturatzen den aldiro nola eragiten dion lagunarenak. Inportantea hori da: konturatzea zer den inportantea.

Lagunen egun inportanteek eragin egiten digute geure azalaren barruko aldean. Maitatzeak hori du: konpartitzen direla momentuak, emozioak, tentsioak, zera inportanteak. Ni hori sentituta emozionatzen naiz batzuetan: polita delako inporta izatea, ni zuei, zuek guri, gu zuri, zuri ni...

Zabal-zabalik ditut poroak, eskuak, agendak. Segitu nahi nuke gauza handi zein txikiengatik urduritzen, nireengatik eta lagunenengatik. Aldarteak kutsatzen, elkarri ondoratzen, gauzei hitzak jartzen, elkarri entzuten, elkar ulertzen. Joan den zapatuan Alaia Martinek kantatu zuen moduan, «elkarrengandik gertu eta elkarrentzat gertu». Berez-berez, inportanteak ez direlako egunak, lagunak baizik.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.