Naturaguneei erabilera eman, eta haurrak ingurumenaren zaintzara eta ezagutzara hurbiltzea. Horiek dira, besteak beste, Hernani Natura Herria proiektu pilotuak dituen helburuak. Euskal Herrian aitzindaria da proiektua, eta, arrakasta badauka, beste herrialde batzuetara ere zabal daiteke, Iñaki Sanz Azkue (Hernani, 1981) Berritze Gune Nagusiko jasangarritasun aholkulari eta proiektuaren bultzatzaileak azaldu duenez. Irailaren 25ean izan zuten egitasmoaren lehenengo saioa.
Nola funtzionatuko du Hernani Natura Herria proiektuak?
Aurreneko fasean, ikasleek ikastetxe inguruko naturaguneak detektatu beharko dituzte. Atzo bertan [irailaren 25ean] hasiera ekitaldia eduki genuen, eta ikasleek mapa batzuk eskatu zizkiguten. Esan zuten eurak aterako zirela naturaguneak topatzera, irakasleekin. Behin detektatuta, ikastetxe bakoitzak zentroaren inguruko naturaguneen mapa bat izango du. Mapa edukita, hurrengo pausoa herri antolamendua ezagutzea izango da: zer den publikoa, zer den pribatua... Horrek balioko die herri bat nola antolatzen den ikusteko. Azkenik, publikoak diren eta haiek aukeratu dituzten naturaguneak proiektua garatzeko erabiliko dira.
Gero zer gertatuko da eremu horiekin?
Beste aukeraketa bat egingo da: eremu horietako hiru aukeratu beharko ditu ikastetxe bakoitzak, eta deskripzio bat egin: zer habitat mota duten, nolakoa den bertako biodibertsitatea... Martxoan elkartuko dira ikastetxe guztiak, eta denen artean bost eremu aukeratuko dituzte, ikastetxe bakoitzarentzako bat. Bostek ezberdinak izan beharko dute ekosistemei dagokionez. Ikastetxe bakoitzak bat kudeatuko du, baina guztientzat irekiak izango dira.
Zer erabilera izango dute naturaguneek?
Zentro bakoitzak bere eremuan proiektu bat garatu beharko du, eta hori gauzatzeko baliabideak eskatuko dizkio udalari; bai gune hori hobetzeko, bai bestelako esku hartzeak egiteko. Gainera, hezkuntza arloan, laborategi natural gisa erabil daitezke naturagune horiek. Hernaniko bost ikastetxeentzako eremu irekiak izango dira, baita gainontzeko herritar guztientzako ere. Bestalde, Hernaniko Udalak etorkizunean klima aldaketari aurre egiteko tresnatzat har ditzake.
«Proiektua eredu izan daiteke beste herri askotan egiteko, ez bakarrik EAEn»
Zer jotzen duzue naturagunetzat?
Hasieran berdegune deitu genien eremu horiei, eta gero irakasleek proposatu zuten naturagune kontzeptua. Ikasleek berdegune hitza gune berdeekin lotzen zuten, baina gune horiek ez zuten zertan naturagune izan. Erreka bat naturagune bat da, baina, agian, haientzat ez da berdegune bat. Bestalde, izendapen hori egitea erraza da; aditu batek egin dezake. Baina proiektuan garrantzia eman nahi diogu izendapen hori egiteko ikasleek izango duten ikasketa prozesuari.
Hezkuntza aldetik, zer balio dauka proiektuak?
Ekosistemen ezagutza bultzatzen da, horiek aztertzea. Zientziaren didaktika ere lantzen da. Eremu horien datuak hartzeko garaian ekosistema baten inbentarioa egitea, esaterako. Baina, horrez gain, bizikidetza ere lantzen da, beste ikastetxeetako umeekin eta herritarrekin.
Nortzuek hartu duzue parte?
Berritzegune Nagusitik sortu zen ideia, baina Hernaniko Udala bete-betean sartu zen proiektuan, hasieratik. Herriko ikastetxe guztiei egin zitzaien proposamena, eta denek baiezkoa eman ziguten. Beraz, ikastetxe bakoitzeko ordezkariekin taldetxo bat sortu zen proiektua martxan jartzeko. Bertan daude Izar Arteaga (Ereñotzuko Txirrita eskola), Maialen Diaz de Zerio (Urumea ikastola), Mirari Agirresarobe (Langile ikastola), Miren Telleria (Elizatxo ikastola) eta Xabier Pajares (Aratz ikastola). Bost pertsona horiek ezinbestekoak dira momentu honetan proiektua aurrera ateratzeko.
Irailaren 25ean egin zenuten lehenengo saioa. Nolako harrera izan zuen?
Oso esperientzia polita izan zen. Hernaniko udal areto nagusian elkartu ginen ikasleekin, eta udaleko ordezkariekin ere bai. 48 ikasle etorri ziren guztira, bost ikastetxeen ordezkari gisa, LHko 3. eta 4. mailakoak. Ikasle horiek eta beraien irakasle eta zuzendariek egin zuten lanketa. Alkateak azaldu zien udalak naturguneak identifikatu nahi dituela eta ikasleen laguntza behar dutela. Galdetu zien ea eurak nola egingo luketen. Ikasleek adierazitakotik eta guk ikusitakotik, denon artean adostu genuen zer pauso emango ditugun.
Aurrera begira, zer asmo duzue?
Kronograma bat eta programa bat eginda dauzkagu, baina ezin dugu aurreikusi zer pasatuko den. Aurkezpenean, adibidez, ikasleek proposamen batzuk egin zizkiguten, eta horiek kontuan hartuta moldatuko dugu norabidea. Askatasuna sentitzen dugu, malgutasuna, baina ez dakigu zer bide hartuko duen. Badakigu, ordea, etorkizuna edukiko duela. Proiektua eredu izan daiteke beste herri askotan egiteko; ez bakarrik EAEn, baizik eta beste edozein tokitan.