URTEKARIA: KULTURA

Kulturan, gozoak eta gaziak

Kulturgile gipuzkoarrek hainbat sari eskuratu dituzte aurten: literaturan, esaterako, Harkaitz Canok, Jon Urzelaik eta Aiora Jakak. Izan dira agurrak ere: Benito Lertxundik adio esan dio hirurogei urteko kantagintzari.

(ID_14517507) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-12-14, Donostia. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala
Alaia Martin, abenduaren 14an, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi ondotik, amaierako agurra kantatzen, Donostiako Illunben. JON URBE / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Gozotik eta gazitik izan du aurten euskal kulturak Gipuzkoan. Izan ere, hainbat kulturgile gipuzkoar saritu dituzte beren lanengatik. Literaturan, Harkaitz Cano eta Jon Urzelai idazleak, eta Aiora Jaka itzultzailea. Zineman, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Nagore Aranburu aktoreak. Bertsolaritzan, asteburuan jokatu zen Gipuzkoako Txapelketako finala, eta Alaia Martinek jantzi zuen txapela. Baina gozotik ez ezik, gazatik ere izan du 2024. urteak kultur arloan; gutxienez, hiru kulturgile gipuzkoar zendu baitira: Koldobika Jauregi eskultorea, Juan Luis Goenaga margolaria eta Patri Urkizu irakasle, idazle eta ikertzailea.

1

Bertsolaritza urtea

Bertsozaleek ohi baino gehiago itxaron dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako. Izan ere, lau urtean behin jokatzen da, baina, pandemia tarteko, urtebete atzeratu behar izan zuten antolatzaileek. Txapelketak udaberrian egin zituen lehen urratsak, orduan jokatu baitzen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea. Apirilaren 25ean hasi zen, Eskoriatzan, eta, ekainaren 2ra bitarte, hogei saio jokatu ziren, bi itzulitan. Fase horretan kantatu zutenetatik 34 sailkatu ziren udazkenean jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako. Larunbatean izan zen finala, Donostiako Illunben, eta zortzi bertsolari aritu ziren kantuan: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz Euzkitze. Martinek irabazi zuen, 1099,5 puntu bilduta, eta Arantzazu Loidik jantzi zion txapela. Gaztelumendi izan zuen atzetik, 45 punturen aldearekin.

Finalean kantatu zutenetatik bostek —Gaztelumendik, Martinek, Iguaranek, Labakak eta Elustondok— bazuten eskarmentua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Gainerakoentzat, berriz, aurreneko aldia izan da. Are, Rekondo eta Peritz estreinakoz aritu dira aurten txapelketan, eta debutean lortu dute finaleraino iristea. Artetxek bederatzi urte eman ditu txapelketan izena eman gabe, eta aurten lortu du finalerako sailkatzea.

2

Loraldia literaturan

Sei lan saritu dituzte aurten Euskadi literatura sarietan, eta gipuzkoarrek eginak dira sei horietatik lau: Harkaitz Canok, Jon Urzelaik, Aiora Jakak eta Julia Otxoak. Isabel Hergueraren irudiekin kaleratutako Mundua pitzatuta dago albumagatik saritu zuten Cano, Ahmadou Kouroumaren Independentzien eguzkiak euskaratzeagatik Jaka, eta musika jaialdien inguruko Su festak saiakeragatik Urzelai. Otxoarentzat izan zen gaztelaniazko literaturako Euskadi saria, Bajo los astros de la repetición poema liburuagatik.

3

Garaikurrak zineman

Donostiako 72. Zinemaldian, Zinemira saria eman diote Elena Irureta aktoreari, egindako ibilbidearen omenez. Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek hots egin zionean, aktoreak pentsatu zuen lanen bat egiteko izango zela. Esan zionean Zinemira saria emango ziotela eta horregatik deitua ziola, «sekulako poza eta sorpresa» hartu zituen Iruretak, irailean BERRIAri kontatu zionez. «Ez nuen inondik inora horrelakorik espero». Nolanahi ere, esan zuen aitortzak ez duela eragin handirik izan bere ibilbidean: «Saria jasotzean, besteen aitortza eskuratzen duzu, eta eskertzen duzu, noski, baina niri ez dit ezertxo ere aldatzen». Iruretak irailaren 24an jaso zuen saria, Donostiako Kursaal auditoriumean, ilobak, Telmo Irureta aktoreak, emanda.

(ID_14282471) (/@FOKU) 2024-09-24, Donostia. Zinemaldia
Elena Irureta, Donostiako 72. Zinemaldian emandako Zinemira saria esku artean duela, irailaren 24an, Kursaal auditoriumean. MAIALEN ANDRES / FOKU

Handik lau egunera, Ane Gabarain aktoreari ere sari bat eman zioten leku berean: euskal zinemagintzan egindako ibilbidearen aitortza gisara, Gure Zinema saria jaso zuen, eta zinemagintzako «langile guztiei» eskaintzeko aprobetxatu zuen aukera. Hain zuzen ere, aktoreak banan-banan zerrendatu zituen ikus-entzunezkoen industria osatzen duten lanbide guztiak, saria esku artean zuela: «Hau talde lana da, nahiz eta batzuk soilik agertu pantaila aurrean». Lankide eta lagun duen batek eman zion saria, Iruretak berak. «Zuk denerako balio duzu», esan zion Iruretak lagunari. «Oso harro nago zutaz, eta hain ondo pasatzen dugu elkarrekin lan egiten dugunean...».

Nagore Aranburu aktorea, berriz, Feroz eta In Style sarietan hautagai izan da aurten estreinatutako Querer telesailean egindako lanagatik. Beste sari bat eman diote asteon: Forque saria. Larunbat gauean jaso zuen saria, Madrilen.

4

Kultur ibilbide oparoak

Garaikurrak garaikur, euskal kulturak izan du gazitik ere aurten, zenbait kulturgile zendu baitira. Ekainaren 16an hil zen, kasu baterako, Koldobika Jauregi eskultorea, 64 urte zituela, bihotzeko baten ondorioz. Diziplina horretan egindako lanagatik zen ezagun nagusiki, baina artearen beste zenbait arlotan ere jardundakoa zen. Euskal artean arrastoa utzi duen beste artista bat hil zen abuztuaren 13an: Juan Luis Goenaga margolaria. 74 urte zituela zendu zen, azken urteetan bizitoki izan zuen hirian: Madrilen.

Herenegun, berriz, Patri Urkizu irakasle, idazle eta ikertzailea zendu zen, 78 urterekin. Ibilbide luze eta oparoa egin zuen euskal teatroa eta bertsolaritza ikertzen. Literaturan ere jardun zuen, literatur kritika jorratu, eta epaimahaikide izan zen literatur lehiaketa askotan. Euskal Idazleen Elkarteko presidentea izan zen, baita Lezoko alkatea ere.

Benito Lertxundik amaiera eman dio hirurogei urteko kantagintzari. Iaz Gernika-Lumon (Bizkaian) grabatutako kontzertuaren zuzeneko diskoa aurkeztu zuen azaroaren 27an, eta orduan eman zuen erabakiaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.