Argiak eta ilunak. Bietatik izan du aurten euskal kulturak Gipuzkoan. Izan ere, hainbat kulturgile gipuzkoar saritu dituzte beren lanengatik; Patxi Zubizarreta eta Arantxa Urretabizkaia idazleak, Joseba Larratxe Josevisky marrazkilaria, eta Jose Mari Berasategi itzultzailea. Gainera, Donostiako 71. Zinemaldiko sari nagusia ere gipuzkoar batek eskuratu du.
Bestalde, hiru kulturgile gipuzkoar zendu dira 2023an: Joan Mari Irigoien idazlea, Xabier Mendiguren Bereziartu idazle, itzultzaile eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia, eta Jorge Gimenez Alberdania argitaletxeko editorea.
Loraldia zineman
Urrezko Maskorra, Gipuzkoara
Emakumeak erdigunean jarri zituen Jaione Camborda zinemagile donostiarrak Donostiako 71. Zinemaldiko Sail Ofizialera aurkeztu zuen O corno lanean, eta Urrezko Maskorra irabazi zuen. Galizian filmatutako lan horrekin eskuratu zuen jaialdiko sari nagusia. 1971. urtean Illa de Arousan (Galizia) girotua da, eta beste andre batzuei erditzen laguntzen dien emakume bat da kontakizuneko protagonista. Ustekabeko gertaera bat dela medio, Portugalera ihes egin beharko du, eta zeharkaldi arriskutsu bat abiatu. Bizirik irauteko borrokan, beste emakume batzuk izango ditu konplize. Hala, erditzeak, abortuak, andreen gorputzen gaineko kontrola eta zapalkuntza ageri dira Cambordaren filmean, baina baita ahizpatasuna, babesa eta laguntza ere.
Film bakoitzaren atzean «ahalegin handia» dagoela eta erabaki ugari hartu behar direla adierazi zuen Cambordak irailaren 30ean Donostiako Kursaal auditoriumean egin zen sari banaketan. Beste emakume baten eskutik jaso zuen garaikurra: Claire Denis zinemagile eta aurtengo epaimahai ofizialeko buruaren eskutik, hain zuzen ere. Behin saria esku artean zuela, filmeko lantalde osoarekin esker oneko agertu zen jendaurrean. «Ezin nuen hobeto lagunduta egon». Halaber, aitortu zuen «oso berezia» zela hazten ikusi zuen hirian saria jasotzea. Emakumezko erreferenteak ere aipatu zituen hitzaldian, «bidea urratu zutenak». Hala, «etorriko diren emakume zinemagileei» eskaini zien saria.
Beste zinemagile donostiar batek ere parte hartu du aurten Sail Ofizialeko lehian: Isabel Herguerak. Sultanaren ametsa animaziozko «utopia feminista» aurkeztu zuen. Lanak ez zuen epaimahai ofizialaren saririk jaso, baina sariak emateko ekitaldian ez zen aitortzarik gabe jaitsi oholtzatik: Euskal Gidoigileen Elkartearen Saria ez ezik, Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen filmak, sail horretako epaimahaiaren iritziz «pazientziaren, dedikazioaren eta lan finaren eredu» delako, eta, «finean, zinema artelan bat» delako. Garaikurra eskuetan, Herguerak eskerrak eman zizkien «halako proiektu arriskatu bat babestu eta nahi bezala egiteko erabateko askatasuna» eman diotenei, baita filmeko lantaldeari ere.
Garaikurrak literaturan
Literatura sariak
Euskarazko lan bati egin dio aitortza aurten ere Espainiako Haur eta Gazte Literatura Sariak. Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak jaso zuen garaikurra, irailaren 19an, Zerria liburuagatik (Erein). Iazko apirilean atera zuen Zerria. Gizatasunaren eta animaliatasunaren inguruko gogoeta egin zuen hartan. Epaimahaiak lanaren hainbat ezaugarri nabarmendu zituen, hala nola «narrazioaren kalitate aparta» eta «irakurlearen kontzientzia, memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko erabilitako abilezia». Era berean, nobelaren «ahalmen desafiatzailea» goratu dute epaileek. Gainera, diotenez, Zubizarretak ederki jakin du «deskribapen hipnotikoz» gizatasunari buruz hausnartzen.
Nolanahi ere, Zubizarretaren lan horrek jaso du beste saririk aurten. Izan ere, Euskadi literatura saria ere irabazi zuen urriaren 11n. Zazpi euskal egile saritu dituzte aurten Euskadi sarietan, eta gipuzkoarrek eginak dira zazpi horietatik lau. Besteak beste, Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea nobela, Ni ez naiz Mikel Laboa komikirako Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariak egindako ilustrazioak, eta Jose Mari Berasategik eta Maialen Berasategik egindako Abdulrazak Gurnah tanzaniarraren Paradisua eleberriaren euskarazko itzulpena saritu zituzten, Zubizarretaren Zerria lanarekin batera.
«Topiko tipikoetatik aldentzea». Horixe nabarmendu zuen Euskadi sarietako epaimahaiak Zubizarretaren lanetik. Azken etxea nobelan, berriz, Urretabizkaiaren «kontatzeko teknika bihurrituak» piztu zuen epaimahaiaren arreta. Ni ez naiz Mikel Laboa lanean, Larratxek egindako ilustrazioen «proposamen fresko eta oroigarriak». Eta Maialen Berasategi eta Jose Mari Berasategiren itzulpen lanean, «Afrikako mundu urrun eta arrotza inolako oztoporik gabe euskal irakurleari hurbiltzeko» egindako ahaleginak.
Kultur ibilbide oparoak
Aurten hildakoak
Garaikurrak garaikur, euskal kulturak izan du ilunetik ere aurten, zenbait kulturgile zendu baitira. Maiatzaren 17an hil zen, kasu baterako, Joan Mari Irigoien, euskal literaturan —batik bat, nobelagintzan— arrasto sakona utzita. Poesia lanak eta haur eta gazteentzako liburuak ere idatzi zituen Irigoienek bere ibilbidean. Hutsetik esperantzara poema liburua izan zen argitaratu zuen lehena, 1975ean, eta, joan den urtean plazaratu zuen azkena, Elkar argitaletxearekin: Sorgin-argien ehizan olerki liburua. Euskaltzain urgazlea ere izan zen, 1996tik aurrera. 74 urte zituela hil zen.
Euskalgintzako beste ikurretako bat ere zendu zen, azaroaren 18an: Xabier Mendiguren Bereziartu idazlea, itzultzailea eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia. 78 urterekin hil zen. Euskararen inguruan eman zuen bizitza Mendigurenek. Ikastolen mugimenduan ibili zen. Kontseiluko idazkari nagusi izan zen hura sortu zenetik 2010era arte, eta euskaltzain urgazle ere izendatu zuen Euskaltzaindiak. Filosofia eta Letretako lizentzia eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean, eta arlo horretan jardun zuen. Lan handia egin zuen euskarazko testuliburuak sortzen, eta Iker taldearen sortzaile izan zen, 1974an. Saioka euskarazko ikasliburuak ondu zituen, beste askorekin batera, hala nola Gipuzkoako Ikastolen Elkartearekin. Hizkuntzazalea zen, 11-12 hizkuntza ikasi zituen, eta 1966 inguruan euskara batuaren aldeko lanean aritu zen.
Bestalde, Jorge Gimenez Bech hil zen joan den astean, Alberdania argitaletxeko editorea. Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko burua izan zen hainbat urtez, eta kulturari eta literaturari buruzko Plazara aldizkaria zuzendu zuen. Harik eta, 1993. urtean, Alberdania argitaletxea sortu zuen arte, Inazio Mujika Iraola idazlearekin batera.