URTEKARIA: EUSKARA

Korrika Gipuzkoan barrena

Korrika martxoaren 14an hasi zen, Gipuzkoan, Irunen. Hilaren 24an bukatu zen, Baionan. Gipuzkoako hamaika tokitatik igaro zen hamar egun horietan, eta herrialdeko hainbat eragilek heldu zioten lekukoari.

(ID_13702174) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-03-13, Irun. Korrikaren haserako ekitaldia, lehen lekukotza  13-03-2024, Irun
Korrikaren hasierako ekitaldia, martxoaren 14an, Irunen. JON URBE / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Korrikak 2.700 kilometro egin ditu aurten, martxoaren 14tik 24ra bitartean. Milaka lagunek bete zituzten kilometro horiek, pausoz pauso, Euskal Herri osoa zeharkatu arte. Aurten ere Gipuzkoako zenbait lekutatik igaro da Korrika, herrialde osoan euskararen aldarria zabaltzeko. Irunen hasi zen, eta Baiona izan zuen helmuga. Baiona iritsi aurretik, ordea, hainbat aldiz sartu zen Gipuzkoan; martxoaren 19an, 20an, 23an eta 24an, zehazki. Milaka herritarrek ez ezik, hainbat eragilek, euskaltegik eta lagun taldek ere parte hartu zuten, eta lekukoa hartzeko aukera ere izan zuten, hala nola Pasai Antxoko Txirrita euskaltegiak, Zestoako Feel My Way kooperatibak eta Lasarte-Oriako Ostadar kirol taldeak.

Urte hasieran, tokian tokiko AEK lanean aritu zen Korrikaren iritsiera prestatzeko, Gipuzkoa osoan dituen euskaltegietan euskara ikasten edo fintzen ari diren 3.903 ikasleekin elkarlanean. Pasai Antxoko Txirrita euskaltegian, esaterako, gogotsu hartu zuten prestakuntza. Raul Perez euskaltegi horretako zuzendariak esan zuen Korrika bi urtean behin izaten duten ekitaldirik garrantzitsuena dela, eta Korrikaren aurtengo aldiak «ilusio berezia» egin ziola. Martxoaren 23an pasatu zen Pasai Antxotik, 23:00etan.

Lehen aldiak

Zestoako Feel My Way kooperatibako kide Nora Kortaberriak Korrika hastear zela azaldu zuen euren bidaia kooperatibak aurten lehen aldiz parte hartuko zuela ekinaldian: «Korrikari buruz hizketan hasi ginen, eta denoi sekulako ilusioa egiten zigun parte hartzeak». Izena emateko «berandu samar» ibili zirela kontatu zuen. «Lehenengo eta behin, galdetu genuen izena emateko garaiz ote genbiltzan, eta diru kontuei begira ere, apustu hori egitea erabaki genuen». Martxoaren 20an heldu zioten lekukoari, 04:00ak aldera.

Kortaberriak esan zuen «kooperatibaren izaeraren parte» direla Korrikaren gisako ekinaldiak, kooperatiba euskalduna baita Feel My Way. «Hasieratik Euskal Herrian egin dugu lan, atzerrirako bidaiak antolatzen ditugun arren hemengo nerabeentzat. Euskaraz egiten ditugun bidaia horiekin nolabait eragitea da gure helburua, eta euskararen arloan ere bai, uste baitugu arlo honetan ere euskaraz lan egin daitekeela».

(ID_13730769) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-03-23, Donostia. Korrika
Aurtengo Korrika, Donostian, martxoaren 23an. GORKA RUBIO / FOKU

Lasarte-Oriako Ostadar Saiarre kirol taldeak Feel My Way kooperatibak baino egun bat lehenago hartu zuen lekukoa, martxoaren 19an, 22:10ean. Kirol talde horrentzat, baina, ez da gauza berria. Izan ere, 1989az geroztik parte hartzen du Korrikan. Dena den, taldearentzat aurtengo aldiak izan du berezitasunik: adinekoen ibilketa nordikoko taldeak hamar urte bete ditu, eta haiek eraman zuten lekukoa. Asko dira talde horretan, baina Rosa Ormazabal kideak hartu zuen protagonismoa, hura izan baitzen taldearen sortzaileetako bat.

Kirol taldeko kide Itziar Carrascok Korrika hastear zela esan zuen talde hori beti ahalegindu dela «euskara sustatzen». «Iruditzen zaigu herri mugimendua eta elkarlana sustatu behar direla, eta, kasu honetan, AEK-k transmititzen dituen balioen alde egin nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.