URTEKARIA: KIROLA

Banderak, dominak eta txapelak

Goi mailan aritu dira Gipuzkoako kirolariak: Arraun Lagunak-ek bandera guztiak irabazi ditu, Realeko emakumezkoen taldeak Espainiako Kopako finala jokatu du, Jokin Altunak buruz buruko txapela jantzi du, Pau Etxanizek olinpiar domina bat lortu du...

(ID_14237616) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-09-08, Donostia. Arauna
Arraun Lagunak taldeko kideak, irailaren 8an, Kontxako banderarekin, Donostiako kaian. JON URBE / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Errekor historikoa lortu du Arraun Lagunak-ek aurtengo denboraldian, emakumezkoetan zein gizonezkoetan inork egin gabekoa eginda: denboraldiko ikurrin guztiak astindu ditu Andrea Astudillo patroiak: hamabostak. Irabazitako azkena, abuztuaren 18an: Zarauzko Ikurrina. Handik oso denbora gutxira, gainera, Kontxako estropada eta bandera irabazi zituen Juan Mari Etxaberen taldeak. Kontxako bigarren bandera zuten jarraian, eta azken lau urteetako hirugarrena.

Bera Bera eskubaloi taldeak ere urte gogoangarria egin du. Donostiako taldea bi aldiz izan zen txapeldun joan den sasoian: irailean, denboraldi hasieran, Iberiar Superkopa irabazi zuen, eta, maiatzean, Espainiako Kopa. Denboraldi honen hasieran, Europako Kopako multzoen fasera sailkatzea lortu du. Bost urtez jarraian ligaxkaren atarian geratu dira donostiarrak, iaz gol baten aldeagatik, eta arantza atera zuten azaroaren 17an, Donostian, Gascan. Imanol Alvarezen neskek lau goleko errenta behar zuen kanporaketa gainditzeko, eta 26-20 irabazi zuten Poloniako Lublinen aurka.

(ID_14439378) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-11-17, Donostia. Europa Ligako partida jokatu dute Bera Berak eta Lublinek
Bera Bera eskubaloi taldea, azaroaren 17an, Donostiako Gascan, Europako Kopako multzoen faserako sailkatu ondotik. JON URBE / FOKU

Ekainaren 2an final distiratsua jokatu ondotik, Jokin Altunak hirugarren aldiz jantzi du buruz buruko txapela, Unai Laso 22 eta 5 menderatuta, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Buruz buruko hirugarren txapela du, 2018an eta 2021ean ere irabazi baitzuen. Ekainaren 2koa final irekia eta parekatua aurreikusten zuten pilotazale gehienek, baina emozio handirik ez zuen izan partidak. Besteak beste, distiratsu aritu zelako Altuna III.a, eta ezinean Laso. Hiru modalitateak kontuan hartuta, Altuna III.ak zortzigarren txapela eskuratu du. Hala, historian zenbaki horiek lortu dituen pilotaririk gazteena bilakatu da.

Reala, Espainiako Kopan

Futbolean, Realeko emakumezkoen taldeak Espainiako Kopako finalerako sailkatzea lortu zuen martxoaren 13an. Finalerdietan, Atletico Madril hartu zuen mendean, joan eta etorriko kanporaketan. 15.000 zale joan ziren Donostiako partida ikustera. Realak lehiaketa bikaina egin zuen finalera iristeko. Izan ere, aurretik, final-laurdenetan, Espainiako ligako talderik indartsuenetako bat utzi zuen kanpoan: Levante. 

Emakumezkoen talde txuri-urdinak maiatzaren 18an jokatu zuen Espainiako Kopako finala, Zaragozako Romaredan. «Finala irabazteko, sinetsi egin behar da, eta gu sinetsita gaude», zioen Amaiur Sarriegi kapitainak partidaren bezperan. «Final batera iristea erraza dela dirudi, baina ez da horrela; asko kostatzen da, eta disfrutatu egin behar da». Bartzelona izan zuten aurkari, azken urteetako talderik indartsuena. 8-0 hartu zuen mendean Reala. Talde txuri-urdina ezinean aritu zen, intentsitaterik gabe eta bigun defentsako lanean.

(ID_13894696) ESPAÑA FÚTBOL COPA DE LA REINA
Nerea Eizagirre, Realeko kapitaina, maiatzaren 18an, Zaragozako Romaredan, Espainiako Kopako finala galdu ondotik. 

Parisko Olinpiar Jokoetan, Pau Etxaniz piraguista donostiarra K1 eslalomeko finalerako sailkatu zen, ozta-ozta, hamabigarren postuan. Baina gero sekulako finala jokatu zuen. Abiada bizian gainditu zituen zirkuituko 23 ateak, eta 19. atea jo zuen arren, podiumaren hirugarren eskaileran amaitu zuen. Brontzezko domina Etxanizentzat.

Beste bi domina ere iritsi ziren Donostiara, Iñigo Llopis igerilariak Parisko Paralinpiar Jokoetan irabazitakoak. Bizkar estiloko 100 metroko proban zilarra lortu zuen, S8 modalitatean. Brontzea ere jantzi zuen, errelebokako lau estiloetako 100 metroko proban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.