Kirol Txartela Mugiment egitasmoa

Kirol eskaintza zabalagorako txartela

Kirol Txartela Mugiment egitasmoak Gipuzkoako berrogei udalerri hartzen ditu. Txartela deskargatuz gero, bertara atxikitako kiroldegietako abonatuak doan sartu ahalko dira beste kirol instalazio batzuetara.

(ID_13506045) (/EZEZAGUNA) elkargunea
Hainbat pertsona Azkoitiko Elkarguneko gimnasioan kirola egiten. HITZA
Iraia Oteiza Jauregi
2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Urte berri, asmo berri esaerak ez du arrazoi faltarik izan 2024. urte hasiera honetan ere. Beste urte batez, erretzeari uztearekin edota gehiago aurrezten hastearekin batera, kirola egitea izan da askoren urte berriko nahia. Kirol munduan buru-belarri murgildu nahi dutenek aitzakia gutxi izango dute aurten, gero eta kiroldegi gehiago baitaude Kirol Txartela Mugiment ekimenera atxikita. Zarautz izan da bat egin duen azkenetariko udalerria, urtarrilaren 2az geroztik kirol txartela erabiltzeko aukera eskaintzen baitute Aritzbatalde udal kiroldegian ere.

Beste herrietako kirolzaleek Zarauzko kiroldegiko fitness gunea erabiltzeko aukera izango dute, astelehenetik ostiralera 13:00etatik 16:00etara; zarauztarrak, berriz, egitasmo horretara atxikita dauden herrietako kirol azpiegituretako hainbat zerbitzuz baliatu ahal izango dira. Hain zuzen ere, horretarako balio du Kirol Txartela Mugiment pase birtualak, udalerrien kirol zerbitzuetako abonatuek programari atxikitako beste udalerri batzuen kirol instalazioetara joan ahal izateko. «Kirol txartelarekin, Zarauzko kiroldegiko bazkideek kirol eskaintza handiagoa izango dute, eta hori ona izango da herriko kirol munduarentzat», adierazi du Inaxio Illarramendi Zarauzko Kirol zinegotziak.

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek sustatu dute proiektua, ekimenera atxikitako udalerrien laguntzarekin. Horien arabera, kirol txartelaren helburua da «kirola sustatzea eta herritarrentzako kirol eskaintza handitzea».

«Kirol txartelarekin, bazkideek kirol eskaintza handiagoa izango dute, eta hori ona izango da kirol munduarentzat».INAXIO ILLARRAMENDI Zarauzko Kirol zinegotzia

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 96 udalerri daude Kirol Txartela Mugimenten izena emanda, eta egitasmo horren parte den kiroldegiren batean abonatuta dauden erabiltzaileek hiru herrialdeetako 163 kirol instalazio erabiltzeko aukera dute. Hala, 1.181 jardueratan parte hartzeko aukera izango dute. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 70.000 erabiltzaile izatear da Kirol Txartela Mugiment egitasmoa.

Gipuzkoan, berrogei udalerri hauek daude egitasmoari atxikita: Andoain, Arrasate, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Ezkio, Getaria, Hondarribia, Ibarra, Idiazabal, Irun, Legazpi, Lezo, Mendaro, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Ormaiztegi, Pasaia, Segura, Soraluze, Tolosa, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz, Zegama, Zestoa, Zumaia eta Zumarraga. Herri horietako bakoitzak bere eskaintza eta ordutegia finkatu ditu kanpoko herrietatik bertaratuko direnentzat. Izan ere, horietako bakoitzera kanpotik doazenek soilik instalazio jakin batzuetarako sarbidea izango dute, ez guztietarakoa.

Nola erabili txartela?

Kirol Txartela Mugiment egitasmoa erabili nahi dutenek, lehenik, izen horixe duen aplikazioa instalatu beharko dute sakelakoan. Aplikazioa deskargatuta, datu pertsonalak, helbide elektronikoa eta NA zenbakia zehaztu eta erregistroa egin beharko dute, abonatutako kiroldegia edo erakundea adieraziz. Jarraian, balioztapena eman beharko dute erabiltzaileek, eta, horretarako, jakinarazpena jasoko dute. Prozesu horren guztiaren ostean, telefonoko aplikazioan izango dute gainerako kirol instalazioetara sartzeko txartel birtuala. Horrez gain, aplikazioan eskuragarri izango dute udalerri bakoitzaren kirol eskaintza, baita horien ordutegia eta gainerako informazio guztia ere.

Zenbait instalaziotara sartzeko, aurretiazko erreserba egin beharra dago. Halakoetan, aplikazioak aukera eskainiko die erabiltzaileei erreserbak bertatik egiteko.

«Beste herrietako kirol instalazioetara sartzeko, txartel birtuala eta nortasun agiria erakutsi beharko dira». AMAIA AZPIAZU Azkoitiko Elkarguneko langilea

«Prozesu digitala amaituta, beste herrietako kirol instalazioetara sartzean, txartel birtuala eta nortasun agiria soilik erakutsi beharko dira», esan du Amaia Azpiazu Azkoitiko Elkarguneko langileak. Hala ere, sakelakorik izan ezean, norbere kiroldegiko txartela eta NA zenbakia erakutsita nahikoa izaten dela azaldu du Azpiazuk. Gainera, txartel birtuala «nahi adina» erabil daitekeela argitu du: «Ez du inolako mugarik».

Azkoitiko kiroldegian iazko maiatzean jarri zuten martxan egitasmoa, eta, harrezkeroztik, herriko kiroldegian abonatuta dauden 324 pertsonak erabili dute kirol txartela. «Abonatu batek aplikazioa deskargatzen duenean, abisu bat iristen zaigu ordenagailura, eta txartel birtuala izateko baimena guk eman behar izaten diogu. Aurretik, gure kiroldegiko erabiltzailea ote den ziurtatu behar izaten dugu».

324 erabiltzaile horiek kirol txartel birtuala egin izanaren arrazoi zehatza zein den ez dakien arren, Azpiazuk uste du herritik kanpo lanera edota ikastera joaten direnak izango direla. «Egunaren parte handi bat eurena ez den beste herri batean egiten dutenez, haientzat erosoagoa izango da gertuen duten kiroldegian kirola egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.