Emakumeak eta boterea

Keinu konplizeen esanahia

Ardura postuak eragindakoez hitz egiteko garaian, bistakoak dira konplizitatea eta enpatia Amagoia Mujikaren, Eider Mendozaren, Nekane Artolaren eta Idurre Eskisabelen keinuetan.

(ID_13532522) (/EZEZAGUNA) _dsc8433
Idurre Eskisabel, Eider Mendoza, Amagoia Mujika eta Nekane Artola, urtarrilaren 24an, Hernaniko Txillida Leku museoan. OLI ARTOLA / BERRIA
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Ordu erdi barru joko dute goizeko hamaikek ordularian. Iritsi berria da Gipuzkoako Hitza-ko Jone Arruabarrena kazetaria Hernaniko Txillida Leku museora. Ez dago inor, Berria Telebistako langile Oli Artola, Lara Madinabeitia eta Nagore Arin besterik ez. Lehenago iritsi dira hiru haiek, museoko Pilar aretoa atontzeko: lau lagun esertzeko moduko aulki gorri parea jarri dute aretoaren erdian, eta prest dituzte hiru kamerak ere. Kazetaria gela horretan bertan elkartzekoa da BERRIA egunkariko zuzendari Amagoia Mujikarekin, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolarekin, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozarekin eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelekin. Emakumeak ardura postuetan; solasaldian horixe izango dute hizketagai, Gipuzkoako Hitza-rako. Izan ere, badute horren gainean zer esan, azken urte honetan ekin baitiote lanari nork bere ardura postu berrian.

Hitzartutako orduan ailegatu dira lau solaskideak, eta heldu bezain laster hasi dute elkarrizketaren aurreko argazki saioa. Artolak dio argazkiak atera beharra zailagoa zaiola elkarrizketak egitea baino. «Zu ohituta egongo zara, ezta, Eider?», galdetu dio Eskisabelek Mendozari. «Ez pentsa», erantzun dio; «ez naiz erabat ohitzen honetara». Laneko girotik ateratzeko dituzten taktikez aritu dira argazki saioak iraun bitartean. Musika entzuteko eta ariketa fisikoa egiteko probesten dutela kontatu diote elkarri. «Kirola egiten dudan bitartean musika entzuteak beste norabait eramaten nau», esan du Mendozak.

Hitza hartu, errespetuz

Sartu dira denak Pilar aretora. «Horrelakoetan, mahai bat aurrean izateak lagundu izan dit urduritasuna kentzen. Hemen ez daukagu. Mahaiak segurtasuna ematen dit», esan du, eseri orduko, Eskisabelek. Gainerako hirurak bat datoz, baiezkoa egin baitute buruarekin. Kazetariak aurreneko galdera egin, eta elkarri begiratu diote, hizketan nor hasiko. Mendozak hartu du hitza lehendabizi, eta, ondoren, elkarri erantzunez eta aldamenekoaren hitza errespetatuz jardun dira. 

«Barkatu. Hitza moztu dizut». «Bat nator zurekin». Halako esaldiz bete dute lau gonbidatuek kasik bi ordu iraun duen hizketa saioa. Irriak eta keinu konplizeak egin dizkiote elkarri, etengabe. «Gustura egon naiz. Ez dut mahaiaren falta sumatu. Ahaztu egin zait inguruan kamerak genituela ere», aitortu du Eskisabelek solasaldia bukatu denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.